Amezketako Udalari bitartekari lana egitea proposatu diote

Asier Imaz 2014ko eka. 18a, 08:38
Etxe hutsen alokairua sustatzeko hainbat proposamen atera dira Amezketan, herritarren artean egindako parte hartze prozesuaren ondorioz. Azken bilera, iragan larunbatean izan zen, eta dinamizatzaile lanetan ibili diren Jokin Artola eta Usoa Cuende gustura zeuden batzarraren amaieran. Orain, egindako lana bildu, azken ondorioak atera, eta udalari emango dizkiete proposamen gisa. Lehen fase batean, eskaintza eta eskariaren arteko bitartekari lana egitea eskatuko diote udalari. Horrela, alokairuan jartzeko interesa duten herritarrek, nora joana herrian bertan izango dute: udaletxera.

Usoa Cuende New-Ona Sormena eta Berrikuntza Aholkularitza enpresako kidea da. Amezketan bizi da azkoitiarra, eta parte hartze prozesuaren dinamizatzaile lanetan ibili da. Larunbateko bileraren nondik norakoak honela azaldu zituen Cuendek: «Jende berria etorri da. Ez gara asko elkartu, baina jendeak interesa erakutsi du. Parte hartze prozesua bera azaldu dugu lehenik. Azken aurreko bileran, udaletxeak bitartekari lan hori, zerbitzu hori, nola eskaini lezakeen egituratu genuen; herritarrentzat praktikoa eta erabilgarria izateko».
Funtzionamendu praktikoa
Etxea alokairuan hartu edo utzi nahi duen herritarrak urrats batzuk jarraitu beharko ditu, udalak eskain lezakeen zerbitzu hori erabiltzeko. Lehenik, udaletxera joan beharko du fitxa bat eskatzera. Fitxa hori oso bete-erraza izango da. Izena, abizenak eta nahi den horren inguruko informazioa idatzi behar dira bertan. Behin fitxa beteta, udaletxera itzuli behar da. Buzoi horretatik dauden oharrak eta informazioa jasoko ditu udalak. Ondoren, deskribapena argitaratu egingo du, udaletxe azpian jarriko luketen paneletan eta web orrian. Beste datuak, ez dira publiko egingo, hau da, eskaintza eta eskariak bakarrik geldituko dira herritarren eskura.
Batean edo bestean zintzilikatzen den informazioa norbaiti interesatuko balitzaio, udaletxera joan beharko luke. Bertan, fitxa bete duen herritarrarekin harremanetan jarriko luke udalak zerbitzu berriari erantzunez.
Usoa Cuendek zehazten duenez, «adostasunera iristeko interesa duten herritarrak elkartzen direnean, udalak badu bitartekaritza sakonagoa egiteko aukera». Parte hartze prozesuan azaldu zuten aukera horiek zeintzuk diren.
Lehen hartu-emanetik haratago doan beste fase bat izango litzateke ondorengoa.
Amezketako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Itten enpresa harremanetan daude. Herri txikiei laguntzeko agentzia da Itten, eta Amezketan hitzaldia eskaini zuten etxe hutsen alokairurako prozesuaren barruan. Etxe jabearen eta maizterraren arteko bitartekaritza egiten dute beste hainbat proiekturen artean. Etxeen azterketa teknikoak, aholkularitza, eta abar eskaintzen du Itten-ek.
Aukera horrez gain, Alokabide eta antzeko programak ere mahai gainean izango lituzte bide horretan interesa azaltzen duenak.
400 euroko alokairua, gehienez
Jokin Artolak eta Usoa Cuendek argi utzi nahi izan dute egindako lan guztia ez dela espekulazioa edo antzeko jokabiderik bultzatzeko izan. Horregatik, «arrazoizko prezioez» hitz egin dute. Eusko Jaurlaritzak herri bakoitzari tasa bat jartzen dio alokairu soziala bultzatzen duenean, eta Amezketari 400 euro dagozkio, gehienez. Baserriak tasa horretatik kanpo gelditzen dira. Horregatik, udalak bultzatuko lukeen bitartekaritza, tasa horren barruan ibiliko litzateke.
Sebastian Bernaras amezketarrak herritar gisa parte hartu du prozesuan, «hasiera-hasieratik». Interes handiarekin jarraitu du Jokin Artolaren eta Usoa Cuenderen lana. Azken bileraren ostean, hauekin gelditu zen kultur etxean, hausnarketan. Tolosaldeko Ataria bertan zela probestuz, bi gazteentzat esker honeko hitzak izan zituen Bernarasek: «Eskerrak eman bai Usoari eta baita Jokini ere. Lan hau oso interesgarria iruditzen zait, eta kezka eta pena emango lirake, orain arte egin duten lan hau ezerezean geldituko balitz. Aurrera egin beharra dago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!