Ikasturteko azken kronika

Asier Imaz 2014ko ekainaren 10a

Amezketako Irakurle Taldeak urteko azken saioa egin du, baina kultur etxean beharrean, San Martinen bildu dira. Hileroko zita horretan bi gonbidatu berezi izan dituzte; bi idazle: Garbiñe Ubeda eta Ana Jaka. Amezketarrekin euren liburuaren inguruan hitz egiteko tartea hartu zuten tolosarrak eta andoaindarrak, eta irakurle taldekoek beso zabalik hartu zituzten. Udan atseden hartuko dute Amezketako irakurleek, nahiz eta eurek dioten bezala, etxeko lanak izan badituzten.

2014ko irakurketa saioei erremate gozoa

Halaxe izan da. Eta eguraldi onak lagundu digunez, San Martingo paraje ederrean gauzatu dugu gaurko saioa. Ohikoa den bezala ez da gure mahaian janaririk eta edaririk falta izan, pentsa edari aparduna eta guzti. Ezta umore onik ere.
Hala ere, gaurko saioa janari eta edariak baino gehiago gozatu dute gurekin izan diren idazleek: Garbiñe Ubeda tolosarra Hobe ixilik liburuaren egilea eta Ana Jaka andoaindarra Ez zen diruagatik idatzitakoa. Garbi dago azkenaldian emakume idazleen presentzia indartsua dela literaturgintzan, eta horrek bere ikurra ematen die euren lanei. Garbiñerena istorio polita, hurbileko zenbaiten errealitatera inguratzen dena,  eta Anarena pertsonaia berezi eta indartsuez osatutako istorio irakurterraza. Bata zein bestea ekintza bakan batzuen ildotik sortzen diren gogoeta indartsuez hornitua.
Eta udako Xabier Mendigurenek hauexek jarri dizkigu bakoitzak bere gustuen arabera hautagai eta gozagai: Ana Magalonen Lasai, ez da ezer gertatzen; Danele Sarriugarteren Erraiak; Lander Garroren Gerra txikia eta Juan Kruz Igarabideren Zangotraba.

Amezketako irakurle taldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!