Asteazkenero jokatuko dituzte Pasaka partidak Amezketan

Asier Imaz 2014ko ekainaren 5a

Pasaka ikastaroaren arrakasta ikusi ondoren, ekainean zehar, asteazkenero Pasaka ikastaro eta partidak jokatuko dituzte Amezketan, Altuna Anaiak pilotalekuan. Horietan lehena atzo izan zen, eta adin guztietako herritarrak aritu ziren esku pilota modalitate honetan.


Garai bateko artzain eta herritarrak, Amezketan, pilota modalitate desberdin batean ibiltzen ziren: Bote luzean. Hainbat amezketarrek ohitura hori ezagutzeko ikastaroa antolatu zuten, Oiartzungo Txost elkartearen laguntzaz. Bote luzean hasi aurretik Pasaka modalitatean hasteko esan zieten oiartzuarrek amezketarrei, erosoagoa eta egokiagoa izan zitekeelakoan. Hortik sortu zen ikastaroaren ideia. Bertan, 30 lagun inguru elkartu ziren, tartean Ekaitz Saralegi pilotaria. Jarraipena emateko asmoz antolatu dituzte ekaineko hitzorduak, 17:00etatik 20:00etara. Horrez gain, Oiartzunen jokatzen den Pasaka txapelketara Amezketatik hainbat bikote joango direla esan dute ekimenaren antolatzaileek, eta herrian bertan ez dute baztertzen txapelketaren bat antolatzea.
Pasaka modalitatean aurrez aurre jokatzen dute pilotariek, eta alde batean egokitu edo bestean, desberdina da. Pilotak 130 gramu inguru pisatzen ditu. Ikastaroan lehenbizi arauak azaltzen dituzte, eta ondoren, txandaka, partidak jokatzen dituzte, ohitura zaharra jolasaren bidez ezagutuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!