Pasaka esku pilota modalitate zaharra berreskuratzeko ikastaroa, Amezketan

Ataria 2014ko maiatzaren 21a

Oiartzunen Txost elkartekoak ari dira joko mota hau berreskuratzen
Amezketan pasaka esku pilota modalitate zaharra berreskuratu nahi dute, eta horretarako ikastaroa antolatu dute maiatzaren 28rako, asteazkena. 17:00etatik 20:00etara ariko dira Beltzaren plazan. Pasaka eskuz eta zesta-guante moduko batzuekin jokatu daiteke, baina Amezketan eskuz ariko dira. Ikastaroa printzipioz, Amezketa, Abaltzisketa eta Bedaioko herritarrentzat antolatu badute ere, eskualdeko beste herritarrei irekita dagoela esan dute.

Pasaka edo paxaka pilota modalitate bat da. Luzeko pilota jokoa da, eta trinketean jokatzen da, gaur egun ezker pareteko frontoietan ere jokatzen den arren. Trinketeko jokorik zaharrenetakoa da.

Aralar inguruko herritarrei badira urte batzuk pilotazale, artzain, zein herritarrek garai batean jokatzen zituzten pilota jokoen inguruan kuriositatea piztu zitzaiela, eta hori dela eta, ikastaroa antolatzea erabaki dute. Ez da pasakaren inguruan antolatutako ekitaldi  bakarra, izan ere, hainbat hitzaldi ere antolatu izan dituzte eta, azkena bukatu berri duten Mendi Astearen barruan.

Oiartzunen, Txost elkartearen eskutik, ari dira pilota modalitate zahar hau berreskuratzeko lanetan eta amezketarrak beraiekin daude harremanetan, "pilota modalitate zaharrak nolabait erakutsi eta berreskuratu asmoz".

Udaletxe azpian

Pasaka udaletxe azpian jokatzen zen, eta tenisaren tankerako esku pilota modalitatea da. Pilotariak, normalean, binaka aritzen dira. Sare bat jartzen dute kantxaren erdia, 1,20 metroko altueran, eta pilota alde batetik bestera bidaltzen dute sarearen gainetik.

Luzeko pilota joko guztietan bezala, kintzeka eta jokoka kontatzen da: 15, 30, 40 eta jokoa. Luzeko beste modalitateak ez bezala, pasakan ez dago arraiarik.

 

 
 

Ikastaroa

  • Noiz: maiatzak 28, asteazkena
  • Ordua: 17:00etatik 20:00etara
  • Non: Beltzaren plazan, Arkaitzpe tabernaren aurrean. Euria egiten badu Altuna Anaiak pilotalekuan
  • Nori zuzendua: 15 urtetik gorakoentzat

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!