7.546 metroko Muztagh Ata mendia Txindokiren magalera ekarriko dute

Asier Imaz 2014ko mai. 7a, 08:47
Muztagh Ata mendia igotzen; emanaldian espedizioko argazkiek protagonismoa izango dute.
Amezketako Mendi Astearen barruan, gaur, 20:00etan, dokumentala eskainiko dute

Muztagh Ata mendia Txina eta Pakistan artean dago. K2 mendia du inguruan, eta 7.546 metro ditu. Amezketako Mendi Asteari esker, Txindokiren magalera ekarriko dute gaur. Luix eta Mañuk euren espedizioaren berri emango diete amezketarrei, argazki eta bideoen bidez. «Mañuren lagun batek ETBn egiten du lan eta berak egin digu 30 minutu inguruko bideoa, espedizioko irudiekin. Horrez gain, argazki kamera eraman genuen bertara, eta irudi politenak jarriko ditugu», esan du Luix Sagastumek. Bidaia honela laburbildu du amezketarrak: «Espedizioko kide guztiak Aragon Aventurako espedizio bateko kideak ginen; denak izugarri jatorrak! GMAM-ko goi mendizale pare bat, eta Fernando Garrido mendizale ezaguna izan ziren espedizioko buru. Taldean bi itxu izateko ohorea ere izan genuen, Oscar eta Ricardo».

Mendi Astearen barruan egunero antolatu dituzte ekitaldiak, eta asteburuan, mendian bertan egingo dute bazkaria eta erromeria, minatan dagoen Buruntzunzin etxolaren inguruan hain zuzen ere. Emanaldi guztiak kultur etxean izango dira. Igandean, Aralarko saroietatik barrena itzulia egingo dute. 12 urtetik gorakoentzat da ibilaldia, eta saroiak zer diren ikasteko aukera bikaina izango da. Garai bateko artzainentzako lurrak neurtzeko erabiltzen zuten sarioa, neurri moduan.

 

 

 

Egitaraua

  • MAIATZAK 7, GAUR
    20:00. Luix Sagastume eta Mañuren eskutik, Muztagh Ata 7.546 m espedizio berezi bat dokumentala.

  • MAIATZAK 8, BIHAR
    20:00. Josetxo Zufiaurreren eskutik Aralarko pilotalekuak hitzaldia.

  • MAIATZAK 9, ETZI
    20:00. Beloki eta Artolaren eskutik, Mont Blanc Tourra.

  • MAIATZAK 10, LARUNBATA
    14:00. Bazkaria eta erromeria Buruntzunzin. Bazkarirako izen ematea emateko azken eguna, osteguna, herriko tabernetan.

  • MAIATZAK 11, IGANDEA
    09:00. Amezketako saroiak Aralarren ibilbidea, Beratzeagako aparkalekutik abiatuta. Herrikoak ez direnek izena eman behar dute 943 18 03 35an, edo barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net helbidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!