Gaur amaituko da Irati Mujikaren aurkako epaiketa

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 26a, 17:22

Irati Mujika Amezketako azokan, iazko azaroan
Segiko kide izatea egotzita auzipetu dute amezketarra, beste 40 gazterekin batera. Bihar bukatuko da epaiketa. Gaurko saioak torturak jasan izana salatu du. Aiert Larrarte da bere abokatua, eta bere aurkako akusazioak ukatu dituela esan du.

Irati Mujikaren aurkako epaiketa atzo hasi eta gaur amaituko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Beste euskal hiru gazterekin batera ari dira epaitzen amezketarra, eta SEGIko kide izatea leporatzen die Espainiako justiziak, delitu gisa. Guztira 40 gazte independentista ari dira epaitzen Espainiako Auzitegi Nazionalean salaketa horren harira. Horien artean daude Aritz Lopez tolosarra eta Mikel Ayestaran billabonatarra.

Aiert Larrarte Mujikaren abokatua da, eta abokatuaren esanetan, atzo goizeko saioan lau auziperatuek euren deklarazioak egin zituzten, «gehiegi luzatu gabe». Euren aurkako akusazioak ukatu zituzten lau euskal gaztek, eta sumarioan «torturapean ateratako adierazpenak badirela» salatu zuten, Larrarteren esanetan. Adierazpen horiek ukatu egin zituzten epaitegian.

Atzoko epaiketa saioa polizien testigantzekin amaitu zen. Hauek, defentsaren esanetan, eurek egindako lana berrestu zuten, eta atxilo aldian gazteek egindako adierazpenak «legeak bermatzen dituen berme guztiekin hartuak izan zirela» esan zuten. Hau da, ez zela torturarik egon.

Gaurko saioan polizien txanda izango da berriro ere. Ondoren, fiskaltzak, akusazioak eta defentsak euren irakurketa egingo dute.

Aiert Larrarteren ustez, ebazpena beste 36 gazte independentisten ondotik etorriko da, «bertan zehaztuko baitituzte jarraituko dituzten kriterioak».

Atzoko saioaren ondoren, Irati Mujika Soto del Realeko espetxera eraman zuten, bertan baitaukate amezketarra 2014 urtarrilaz geroztik. Mujikak epaitua izateari uko egin zion, eta horregatik, ezkutatu egin zen. Desobedientzia egoera honetan zegoela, Aramaion atxilotu zuten urte hasieran, eta espetxeratua izan zen. Bere ama Lurdes Larreta da. Egunerokotasuna eta alabaren egoera uztartzen saiatzen da, «burutik kendu ezinik gaia, baina bestalde egunerokatasunean aurrera egin beharrean nire lanean eta ohiko bizimoduan murgilduta, biak egin nahian», azaldu du.

Egoera erraza ez da ari bizitzen. Epaiketaren ondoren zer etorriko den galdetuta, «Espainiako justiziaren testuingurua kontuan hartuta epaiketa bat beti epaiketa bat da, ez dago aurreikusterik gauza logikorik edo zentzuzkorik». Alabaren egoeraz galdetuta, «natural ikusi dut Irati, aste honetan hitz egin dut telefonoz. Ez dago ezer aurreratzerik eta aurreikuspenik egiterik, eguna iristen denean ikusiko dugu zer gertatzen den».
 
 
 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!