Iraganaren oraina, Fernando Amezketarra

Asier Imaz 2014ko martxoaren 16a

Garai bateko Amezketa
Fernando Amezketarrak 250 urte betetzen ditu aurten. 1764. urtean jaio zen, eta arrazoi horrengatik, Amezketan, 2014a Fernandoren urtea izendatu dute. Udal ordezkariak, herritarrak, elkarteak, eskola eta abar lanean ari dira, herriaren izena abizen bezala duen pertsonaia omentzeko lanetan. Duela 250 urte sortu zen gorputza joan zen; baina garai hartan esango zuten bezala: arima, bizi-bizirik dago.


Meatzaria, artzaina, baina batez ere, bertsolaria. Gipuzkoako onenetakoa omen zen. «Azpeitiko sansebastianetara eraman zuten, beste bertsolari batekin indarrak neurtzera. Tolosako inauterietan Fernando, Zabala, Txabalategi eta Altamira lehian aritu ziren arratsalde osoan. Villabonan ere egon zen, Txabalategiren eta Zabalaren arteko apustuan, baina epaile bezala. Bi ordu bertsotan eman ondoren, ezin erabaki zein zen hobea, eta epaileek berdinketa deklaratu zuten». Testu liburuetako pasarte hauek, Fernando bertsolariaren neurria agerian uzten dute. Ahozko tradizioak eman dio Euskal Herriko historian bere lekua amezketarrari; eta euskal herritarren bihotzean, agian, apaizei emandako lezioek. Edo, agian, gehitxo esatea izango litzateke hori. Edo, ez. Batek daki. Zalantzetatik haratago, pertsonaia irekia bilakatzen dute Fernando Amezketarra: gertukoa eta maitatua.

250. urteurrenaren jakitun, Amezketako Udala aurreko legealdian hasi zen 2014a prestatzen. Euskaltzaindiarekin orduan eduki zuten lehen hartu-emana. Zuhaitza astindu ondoren, fruituak martxoaren 19rako prest izango dira, egun horretan, Euskaltzaindiko zuzendaritzak bere batzarra Amezketako udaletxean egingo baitu. Hitzordu historiko hori, urte osoko egitarauaren lehen ekimena izango da. Ondoren etorriko dira Fernandoren Txokoak ibilbidearen aurkezpena edota Fernando Astea.

Herritarren gogoa eta inplikazioa

Fernando Amezketarrak herriarentzat duen garrantzia ikusita, amezketarrek zeresana zutela pentsatu zuen udalak. Horregatik, iaz, herritarrak batzar batera deitu zituzten. Yolanda Gorostidi kultura zinegotziak dioen bezala, «zerbait egin beharra zegoen urteurrenaren harira». Lehen bilera horretan ideiak bildu zituzten. «Aurrez, 2014ko egutegia atera genuen, Fernando gaitzat hartuta. Ondoren deitu genituen herritarrak. Urtarrilean bilera berri bat egin genuen, lehen batzar hartako ideiak txukuntzeko eta urteko egitarauari forma emateko. Duela bi aste ere elkartu ginen, eta apirilerako ere deituak gaude»; lantaldearen dinamikaz ari da Gorostidi. Otsailean eskean atera ziren etxez-etxe, eta bildutako dirua, Fernando Urtea antolatzeko erabili dute. Bide batez, eskerrak eman nahi izan dizkie kantatzera atera ziren guztiei; Bixente Gorostidi bertsolariari eta Xabier Lixarra trikitilariari, «eta bereziki, balkoi eta lehioetan zain eduki genituen herritar guztiei, eta tabernariei emandako modakutxoengatik».

Ondorengo hitzordua martxoaren 19an da, eta azken orduko aldaketekin etorriko da. Euskaltzaindiko ordezkariak etorri etorriko dira, baina ez hasieran espero ziren guztiak. «Goizean zuzendaritzaren bilera egingo zela jarri genuen egitarauan, eta arratsaldean Herri Literaturaren Batzordeko kideena. Azken hauek, ordea, ezin izango dute Amezketara etorri». Ondorioz, udal ordezkariak dioen bezala, goizerako aurreikusia zegoen batzarra arratsaldean egingo dute. 15:30ak inguruan elkartuko da Euskaltzaindiko zuzendaritza udaletxean. Behin bilera pribatua amaitu ondoren, Fernando Amezketarrari eskainitako plaka erakutsiko dute kultur etxean, eta jarraian etorriko diren hitzaldiek ere, Euskaltzaindiko ordezkarien presentzia izango dute.

Egitarau zabala osatu dute herritarrek, eta azken orduko aldaketek euren lekua izango dute, ekimen berriak bidean baitira. Yolanda Gorostidiren esanetan eskolan gaia urte osoan landuko dute, eta Buruntzuntzin Mendi Elkartea ere lanean ari da: «Fernando meatzari eta artzain bezala ibili zen Aralar inguruetan. Horren harira, Buruntzuntzin elkartekoak zerbait egiteko asmoa dute paraje horietan». Ekarpen guztiak dira ongietorriak, eta herritarrenekin gustura daude udal ordezkariak. «Herritarren parte hartzearekin gustura gaude. Balantze oso positiboa eta oso ona egiten dugu. Amezketarren inplikazioa nahi genuen pertsonaia herriarentzat oso esanguratsua baita. Interesa eta gogoa erakutsi dute egitaraua osatzen ibili diren herritarrek, eta horrela jarraitzea espero dugu. Benetan eskertzekoa da», dio Gorostidi kultura zinegotziak.

Lantaldearen gogo eta inplikazio horren isla da Jose Mari Otermin. Amezketako historialari ofizial izateko ez zaio asko falta Otermini. Herriaren eta amezketarren nondik norakoak ikertzen pasa dituen orduak eta egunak dira titulu ez ofizial horren adierazle. Martxoaren 19ko ekimenean bertan egongo da Jose Mari Otermin, Pello Zabalarekin batera, hitzaldia eskaintzen. Fraideak Fernando Amezketarraren odola darama, eta horren inguruan hitz egingo du. Historialaria, aldiz, galdera bati erantzuten saiatuko da: Zer dakigu Fernandoz? Norberaren gozamenak bestearena ekartzen duenez, hitzaldietara joaten direnak gustura egoteko parada izango dute, ziur. Lantaldetik nahiz udaletik, deialdi hori luzatu dute, ekimen guzti hauetan parte hartzeko eskatuz.

Urte osoko egitarauak hurrengo geldialdia apirilean egingo du. Hilabete horretan aurkeztuko dute Fernandoren Txokoak ibilbidea. Yolanda Gorostidi zinegotziaren esanetan, oraindik lanketa hori burutzen ari dira, eta apirilaren amaierarako prest izatea espero dute.

 
 

Erramun Osa; Euskaltzaindiako idazkariordea

"Garrantzitsua da Fernandok bizi izan zuen testuingurua ezagutzea"

Euskaltzaindiko idazkariordea da Erramun Osa (Zizurkil, 1964). Egun, Durangaldean bizi da zizurkildarra, 240 biztanleko Garain herrixkan. Aurrez, Barakaldon, 10 urte igaro zituen irakasle moduan. Landa gunetik Ezkerraldera, eta berriro itzuli da landagunera. Euskararen etorkizuna, hain zuzen ere, herri eta hiriguneetan jokatzen dela dio. Euskaltzaindiko zuzendaritzako kide izaki, martxoaren 19an Amezketan izango da.


Nola sortu zen Euskaltzaindiaren batzarra Amezketan egiteko aukera?
Oker ez banago, 2011n jarri ginen Amezketako Udalarekin harremanetan, Fernando Amezketarraren urteurrenaren harira. Zerbait antolatu behar zela ikusten genuen, eta orduko haren garapen gisa etorri da oraingo hau.

Nola lotu genezake Fernando Amezketarra Euskaltzaidiarekin?
Nire ustez, Fernando ez da mundu jakin batean izan dezakeen irudia bakarrik. Azkenean, garai batean, testuinguru batean kokatu beharra dago. Eta gure ustez inportantea zen pixka bat testuinguratzea; pertsonaia, pertsona, petsona horrek egindako ekarpena, garaia, eta abar. Eta orduan testuinguru horretan bururatu zitzaigun Amezketara urreratzea, eta Amezketan zerbait egitea Fernando Amezketarraren lana eta garaiak nolabait gaur egunera ekarri ahal izateko.

Zertaz hitz egingo duzue zuzendaritzaren bileran?
Azken finean, zuzendaritzak nolabait Euskaltzaindiaren buruzagitza osatzen du. Euskaltzaindiaren jardunbidea gidatzen du, gero noski, Osoko Bilkurak hartzen ditu erabakiak, baina, harian-harian zuzendaritza hilean behin edo birritan biltzen da. Bertan askotariko gaiak jorratzen dira, normala denez: izan egitasmoen jarraipenaren ingurukoak; batzorde lantaldeen jardunaren ingurukoak; aurrekontuak; hitzarmenak; lankidetzak… Zuzendaritza zortzi kidek osatzen dute, eta 2013ko urtarriletik berria da. Agintaldi berria, hain zuzen ere, 2013-16 urte bitartekoa da.

Euskaltzaindiatik nola baloratzen duzue Fernando Amezketarraren ekarpena?
Agian herri literaturaren inguruan iaioa den beste norbaiten berbak egokiagoak dira kasu honetan, baina zenbaitetan, pertsonaia batzuen gainean hitz egiten denean, irudikapen bat dago. Belaunaldiz-belaunaldi etorri zaigun irudikapena, baina gutxitan ezagutzen da momentu jakin batean pertsonaia horrek bizi izan zuen testuingurua, ingurua, garai bateko herritarrak nola bizi ziren. Batzutan txisteak eta horrelako kontuak bakarrik etortzen zaizkigu, baina esaterako, sasoi bateko gertaerak, bizimoduak, ekarriak… ikusten ditugu gaurko begiekin. Nik uste badaukala horrek bere garrantzia. Horregatik ez da bakarrik zuzendaritza bertara eman eta bilkura egitea. Normalean, gainera, bideo hitzaldiz egiten ditu bilerak zuzendaritzak, normala denez. Batzuk Iparraldekoak dira, besteak nafarrak, bizkaitarrak… Baina horrelako une seinalatuak direnean, bildu egiten da, eta joan egiten da halako tokietara. Horrela, gogora ekarri nahi izaten da pertsona horren ekarria zein izan zen. Amezketan bilera egin ondoren, pentsatua dago plaka bat eta irudi bat ikustaraztea, eta horren ondoren hitzaldi bat ematea, pertsona eta pertsonaia bera ezagutzera ematen lagunduko digutenak.

Zabala eta Otermin ariko dira hain zuzen ere hitzaldian.
Polita izango da gaurko begiekin orduko kontuez hitz egitea. Zenbaitetan badira pertsonaia batzuen gainean behar bada halako irudi desorekatu bat izateko joera, eta nik uste garrantzitsua dela horiei ere balioa ematea. Azken finean, euskara eta berarekin loturiko euskal kultura ez da bakarrik momentu jakin batean liburuetan edo bestelako zeretan topa dezakeguna; baita ere badira, herritarrek harian-harian, testuinguru batzuetan egin izan dituzten ekarpenak. Eta horiei balioa emateko, horiek azpimarratzea ere garrantzitsua da.

Euskara eta Fernando, nola laburbildu amezketarraren ekarpena.
Orduko eta gaur egungo garaiak diferenteak dira. Orduan, ekonomia nola zegoen egituratuta eta egun nola dagoen oso bestelakoa da. Gainera, euskarak halako ibilbide bat egin du. Sasoi batean, batez ere eremu euskaldunetan zegoen, eta hor joan da poliki-poliki zokoratzen. Azken hamarkadetan alderantzizko joera nabaritzen dugu, batez ere, hego Euskal Herrian, eta Euskal Autonomia Erkidegoan hori bistakoa da; hiritartu egin da. Gainera, aurten betetzen dira 50 urte Gabriel Arestiren Harri eta herri poema liburua argitaratu zela. Gabriel Aresti hain zuzen ere beste bat da, baina kasu horretan Bilbon kokatua. Hiri handi batean kokatua. Behin eta berriz azpimarratzen zuen hizkuntzaren eta euskararen biziberritzea nonbaiten jokatzen baldin bazen, hiri eta herri guneetan jokatzen zela. Orduan, hor, bata bestearen kontra jarrita ez dago, baizik eta behar ditugu eremu euskaldunak; eta eremu euskaldunetatik irradiatzea inguruneetara hizkuntzaren erabilera, geroz eta jasoagoa izan dadin. Eta behar dugu baita ere euskararen presentzia geroz eta jasoagoa, geroz eta hiztun gehiago behar ditugu herri eta hiriguneetan euskarak asko jokatzen duelako, eta bere biziraupena jokatzen duelako.

 Fernando Urteko egitaraua

- Martxoak 19, asteazkena

· Euskaltzaindiaren bisita. Arratsaldean Euskaltzaindiko zuzendaritzak euren bilera pribatua egingo dute udaletxeko pleno aretoan.

· 18:00etan, kultur etxean, Fernandori eskainitako plaka erakutsiko dute.

· Ondoren bi hitzaldi labur. Pello Zabalak Zer izan da Fernando niretzat azalduko du, eta Jose Mari Oterminek, Zer dakigu Fernandoz? galderari erantzungo dio.

· Bukatzeko, luntxa.

- Apirila

· Fernandoren Txokoak ibilbidearen aurkezpena.


- Maiatzak 11, igandea

· 12:30ean, Tolosako Txistulari Bandaren emanaldia herriko plazan.

- Ekaina

· Fernandoren marrazkien emanaldia, frontoi zaharrean.

- Uztailaren 7tik 18ra

· Joseba Urretabizkaiak Amezketako elizan argizaiolei ateratako argazkiak ikusgai jarriko ditu, kultur etxeko aretoan.

- Abuztuaren 28an edo 29an

· Donostiako musika hamabostaldiaren eskutik kontzertua elizan. Amezketa ahotsa, bertsoa eta pianoa Fernando Amezketarraren gorazarretan (1964-2014).

· 18:30ean, plazatik San Bartolome elizara ibilaldia, Fernandori buruz hitz egiten duten txokoez argibideak emanaz.

· 19:30ean, kontzertua San Bartolome elizan.

- Urriaren 6tik 12ra

· Fernando Astea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!