Maite Gurrutxaga ilustratzailearen lana hobeto ezagutzeko erakusketa

Imanol Garcia Landa 2014ko ots. 26a, 09:30
Donostiako Aiete kultur etxean, Galtzagorri elkarteak eta Donostia Kulturak bultzatuta, Ilustratzailearen Txokoa egitasmoaren barruan, Maite Gurrutxaga amezketarraren erakusketa dago ikusgai martxoaren 23a arte. Egitasmo horretan aurretik beste hainbat ilustratzaileri buruzkoa ikusi ahal izan dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar eta Elena Odriozola.

Bere lana erakusteko aukera izateagatik «oso pozik» dago Gurrutxaga: «Ibilbide handiko jendearen ondoren eskaini zidaten aukera. Horrez gain, erakusketaren zentzua guk egindako lana jendeari erakustea da eta ideia ere polita iruditu zitzaidan, beraz, horregatik ere oso pozik».

Hain justu, ilustratzaileen lana inprentatik pasatu ondoren ikusten dela dio Gurrutxagak: «Gure lana beti ikusten da inprimimatuta, edizio lan baten ondoren. Horregatik originalak erakustea ere interesatzen zitzaidan, jendeak ikusteko nolakoa izan daitekeen ilustratzaile baten originala. Lan tresnak erakusteko ere aprobetxatu dut erakusketa, zein diren inspirazio iturriak…».

Erakusketa lau zati dituen armario batean erakusten da. Bakoitzean, liburu bat eta original batzuk jarri ditu Gurrutxagak. Zatietako batean bozeto liburu batzuk jarri ditu, eta horrekin batera bozeto horiek gero liburu bihurtuta. Beste zati batean Habiak komikirako egindako azaleko originalak daude, bertan erabilitako materialekin, eta ondoren liburua bera. Beste zati batean Amattoren uzta argitalpenaren originala eta liburua. Laugarren zatian, zenbait objektu jarri ditu. «Ilustratzaile bakoitzak erabaki du nola jarri nahi duen erakusketa», dio Gurratxagak. «Nik originalak jarri ditut eta gero horren emaitza izan dena, hau da, liburua bera». Armairuaren alde batean, erloju baten azpian telebista bat dago, eta bertan erreportaje bat ikusten da. Azkenik, kutxa bat dago eta bertan liburu bat eta berak sortutako zigilu batzuk jarri ditu.

 



«Nitaz gehien hitz egiten dutenak»

Antolatzaileek libre utzi die ilustratzaile bakoitzari zer erakutsi nahi duten erabakitzerakoan. Horren aurrean, Gurrutxagak bere buruari galdera bat egin zion: «Zein lanek hitz egiten duten nitaz?». Galdera horri erantzunez aukeratu ditu lanak: «Egin ditudan azken lanak aukeratu ditut, nitaz gehien hitz egiten duten lanak direla sentitzen dudalako une honetan».

Erakusketa behin baino gehiagotan bisitatu duela dio Gurrutxagak, nola dagoen ikusteko. «Familiarekin bisitatu dudanean, erantzuna ona izan da. Ez dakit publikoak nola jaso duen. Ez dakit jendea gelditzen den edo ez, ez naizelako hainbeste denbora egon bertan ikusteko jendearen erantzuna», azaldu du.

Kultur etxearen barruan dago, oso eskuragarri dago begiratzeko eta irakurtzeko. «Nik uste dut modu egokia dela horrela. Ez dago apropos horretara joan beharrik. Irakurleei eta ikusleei gure lana gerturatzeko balio du, eta hori beti aprobetxatu behar da».

Aiete kultur etxea zabalik dago asteartetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, eta igandetan 10:00etatik 14:00etara.

Gurrutxagari ez zaio lanik falta eta bere bidea egiten ari da ilustrazioaren mundu zailean. Egun Elkar argitaletxerako Antxine Mendizabalen liburuxka bat ilustratzen ari da, eta udaberrian argitaratuko da. Bestalde, autoedizioaren mundua ere interesgarri iruditzen zaio eta Mikel bere anaiarekin zerbait argitaratzeko asmotan dabil.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!