Gazteen aurkako epaiketa

Irati Mujikaren atxilotzea eta espetxeratzea gaitzetsi du Amezketako Udalbatzak

Ataria 2014ko urtarrilaren 11

Irati Mujikaren atxiloketa eta espetxeratzea gaitzetsi ditu mozio bidez Amezketako Udalbatzak ez ohiko osoko bilkuran. Aho batez onartu du udalbatzak mozioa, Bilduko bost zinegotzik (beste zinegotzi bat ez zegoen bilkuran) eta Amezketa Elkarlanekoak. Mozioan zehazten denez, Mujikaren askatasuna galdegiten du eta, bidez batez, "Estatu Espainolari eta Frantsesari deia egiten dio gatazka politikoa konpontzeko prozesu honetan pausoak eman ditzaten".

Udalbatzak testuan zehazten duenez, "Euskal Herrian garai politiko, ziklo politiko berri baten irekiera bizitzen ari gara, benetako eta egiazko demokrazia eta bakea lortze bidean. Behingoagatik eta betirako, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa konponduko duen ziklo politiko berri bat". Irati Mujikaren kasuan bezalako atxiloketak "ez dute tokirik izan behar garai berriotan. Horrelako ekinbideak, hain justu, aurkako norabidean doaz".

Azken hilabeteotan ezagutu diren "erabaki historikoak ikusita, eta Aieten ospatu zen Nazioarteko Konferentzia mugarri izanik, non nazioarteko komunitateak gatazka gainditzeko norabidea marraztu duen", udalbatzak "ulertezina" ikusten du Irati Mujika atxilotu eta espetxeratu izana.

Irati Mujika gazte mugimenduaren baitan egindako lan politikoagatik atxilotua izan dela azaldu du mozioan. "Ekinbide politikoagatik diren epaiketa eta espetxe-zigorrek ezin dute tokirik izan. Are gutxiago egun bizi ditugun itxaropenezko garaiotan", gaineratu du udalbatzak.

"Eskubide guztiak guztiontzat" eta "eskubide zibil eta politikoak guztiontzat" eskatu du mozioaren bidez. "Irati Mujika eta euren ekinbide politikoagatik espetxeratuak dauden eta epaituak izaten ari diren euskal herritarrentzat ere", gaineratu du.

Guztiei dagokiela "garai politiko berriari" ekarpena egitea esan du udalbatzak, "euskal preso politikoen Euskal Herriratzea agenda politikoan dagoenean eta Euskal Herriko gehiengo politiko, sozial eta sindikalak exijitzen duen unean, Irati Mujikaren atxiloketaren gisako ekintzak aurkako norabidean eragiten dute".

Euren jarduera politiko hutsarengatik Euskal Herriko herritarren sektore zabalen aurkako "jazarpen eta eskubideen urraketa", berehala eta behin betiko eten ditzaten exijitu dio udalbatzak "Estatu Espainol eta Frantsesari". Aramaioko Udalbatzak ere mozio bere onartu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!