Fernando amezketarraren urtea

Imanol Garcia Landa 2014ko urt. 7a, 13:45
Fernandori buruzko egutegiaren azala, Maite Gurrutxaga ilustratzaileak egina.
Pertsona bat udalerri bati lotuta badago, hori Fernando amezketarra da. Bere benetako abizena Bengoetxea zela gutxik jakingo dute. Aurten, bada, 250 urte beteko dira Fernando Bengoetxea jaio zela, urriaren 10ean, eta Amezketan hainbat ekimen ari dira prestatzen horren harira. Lehenengoa, hain justu, udalak argitaratzen eta etxeetara banatzen duen egutegia Fernandori buruzkoa izatea izan da.

Yolanda Gorostidi Kultura zinegotziak azaldu duenez, herritarren artean batzorde bat osatu da. «Fernando herritarra zen, eta uste dugu egokiena herritarren artean osatutako talde batek ekimenak proposatu eta aurrera eramatea dela», esan du Gorostidik.
Esan bezala, egutegia izan da lehenengo ekimena. Herriko Maite Gurrutxaga ilustratzaileak egin du azala, eta irudi hori ere erabiliko da kamisetak egiteko eta baita abuztuan egiten diren herriko jaien kartela osatzeko.
Egutegian Fernandori lotutako gaiak jorratu dituzte eta hilez hil banatu. Urtarrilean, Fernandori buruzko liburuak; otsailean, Fernandoren etxeak; martxoan, Fernando bertsolaria; apirilean, gartzelaldia; maiatzean, Fernando artzaina; ekainean, mahaia; uztailean, aita, semea eta espiritu santua; abuztuan, mendia; irailean, Fernando meatzari; urrian, Fernando fededun; azaroan, Fernandok ikusitakoak; eta abenduan, Fernando gaur egun.
Hil bakoitzak bertso bana du, eta horietatik seina sortu dituzte Bixente Gorostidi eta Ixiar Altuna herritarrek. Bestalde, hil bakoitzean gaiari lotutako argazkiak jarri dituzte.
Egutegia herriko etxeetara banatu dituzte, 400 inguru, eta eskuratu nahi duenak salgai du 10 euroren truke udaletxean.
Aurrera begira, ekimen gehiago zehazten ari dira. Horietako bat Euskaltzaindiak martxoan Amezketan egingo duen bilera izango da. Bestalde, Fernandorekin lotura izan duten etxeei buruzko ibilbidea osatzen ari dira.  Horrez gain, azaroan izan ohi den kultur astea, aurtengoan aurreratu egingo dute eta Fernandoren jaiotegunarekin bat egingo du, hau da urriaren 10aren bueltan.

2015ean ere, ekimenak
Amezketan ekimenez osatutako bi urte izango dituzte. Batetik, Fernando jaio zela aurten 250 urte beteko direlako. Bestetik, datorren urtean, 2015ean, Amezketa Tolosatik independizatu zela 400 urte beteko direlako. Aurtengo ekimenei, beraz, datorren urtean egingo direnek emango diote jarraipena. Aurreko legealdian logo berezi bat egin zen, bi efemeride horiek kontuan izanik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!