Bertso kimuak landuz

Felix Aiestaran 2013ko abe. 6a, 11:12
Bixente Gorostidi «Ahozkotasuna eta Bertsolaritza» egitasmoan dihardu Tolosaldeko 2.000 ikasle baino gehiagorekin

Futbolean egiten den modura bertsogintzan ere, Champions lehiaketen aldarria egiten den garaiotan, Amezketako bertsolari finak, bertsolaritzaren oinarriak ereiten ditu Tolosa eta inguruko gaztetxoengan, prestutasun osoaz, «Ahozkotasuna eta Bertsolaritza» egitasmoaren barruan.
Ikasturte amaieran kaleratzen den «Bertsometa» liburuan bailarako 2.000 ume baino gehiagok, gelakideekin batera, argazkia gogoan izango dute. Argazkiaren atzean xamurtasunez egindako eguneroko lan isila dago.
Bixente Gorostidi Bertsozale Elkarteko kide modura lanean arituko da BEC-eko Txapelketa Nagusiko finalean.

Zer da «Ahozkotasuna eta Bertsolaritza» egitasmoa?
Bertsozale Elkartearen proiektutik abiatu zen. Eskolan ahozkotasuna lantzeko bitarteko oso ontzat  hartu zen bertsolaritza. Bertsolaritzak tresna bikainak ditu ahozkotasuna lantzeko. Arrasateko ikastetxe batean egin zituen lehen urratsak; ondoren Azpeitira zabaldu zen eta gerora, duela hamar urte Tolosan hasi ginen.

Zenbateko zabalkundea du egitasmoak?
Euskal Herri osora zabalduta dago. Gipuzkoan bi astez behin lantzen da LH5 eta 6an. Bizkaian astero aritzen dira, baina bertan ikasturte bakarrean parte hartzen dute. Tolosako hiru ikastetxeak, Ibarra, Berrobi, Berastegi, Lizartza, Altzo, Alegia, Amezketa, Asteasu, Aduna, Zizurkil eta Villabonako ikastetxeetako 2.000 ikasle baino gehiagok parte hartzen dute gure eskualdean.

Nola egiten da gela barruan egitasmoaren lanketa?
Hiru ikasturterako materiala dago bertsolaritzaren oinarriak lantzeko: bertso mamia, doinuak, dakitenetik abiatuta sortzeko teknika eta doinu berriak lantzen dira. Ikasleek egitasmoari egin dioten harrera onarekin harrituta gaude. Bertsoak badu zerbait magikoa. Ikasle gehientsuenek neurria eta hasierako sei edo zazpi doinu badakizkitenez, bertsoak sortzeko gai direla jabetzean, ikaragarrizko gogoaz aritzen dira. LH 4tik 6ra aritzen diren ikastetxeetan %80tik gora  zortziko handiko bertsoa sortzeko gai da, eta hori asko da. Ikasle trebatu eta zaletuenak, Bertso Eskoletara bideratzea da egitasmoaren helburua, baina ez dugu asmatu horretan.

Txikienek ezagutzen al dute bertsogintzaren tradizioa?
Bertsolari zaharrak marrazki bizidunetatik ezagutzen dituzte: Lazkao-Txiki, Txirrita, Pernando Amezketarra... Bilintx ezagutzen dute kanta dela eta. Maialen Lujanbio edo Andoni Egaña baino ezagunagoak zaizkie bertsolari tradizionalak. Inguruak laguntzen ez duenez, gaur egungo bertsolaritzaren jarraipenik ez dute egiten. Herri txikietan gaurko bertsolariak ere ezagunak dira, baina ez horrenbeste Tolosa edo Ibarra modukoetan.

Bertsogintza tradizionala ezagutzeak laguntzen al du bertso sormenean?
Haurrek izugarrizko irudimena izaten dute, baina hasieran korapilatuta egoten dira, errimatu eta neurtuta esatea kosta egiten zaielako. Horretan, aurretik doinu desberdinak ezagutzeak asko laguntzen du.

Ikasle askok ez al dute bertsolaritza urrutitik bizi?
Ikasle asko ez dira sekula ere bertso saio batean egon. Bestetik, ez dute irrati edo telebistatik jarraipenik egiten.

Ikasleekin Leidorren egiten den saioak zein helburu du?
Ikasturte amaierako saio horren helburua gelan landutakoa erakustea izaten da. Herrien arabera modu desberdinean egiten da: Tolosan asko dira eta Leidorren egiten da saioa, herri txikietan aldiz, ikastetxeko jaialdian txertatzen da saioa. Leidorreko saioan talde askok hartzen dute parte eta askotan, umeak bertsozale bihurtu ordez, kontrakoa gertatzen ez ote denaren kezka sortzen zait, saioa luzatu eta gaiak eta doinuen aukeraketa ikasleen esku uztean, errepikatu egiten baitira.

Nola landu behar da gazteen bertso harrobia?
«Ahozkotasuna eta Bertsolaritza» saioen bidez ikasle guztiek bertsolaritzaren berri izatea bermatzen da, bertsoa zer den, nola osatzen den eta probatzeko aukera izanik, gustatzen zaien eta trebatuak diren edo ez jakinik, pausu naturala Bertso Eskola eskura izatea da. DBHko lehen bi urteak klabeak dira, zaletasunari eutsiz gero, helduen bertso eskolara joateko aukera handia izaten da. Bertso Eskolarik ez izatean eten egiten da eta jarrera aldaketa izaten da: lagunen artean ez da horren polita bertsotan aritzen dela esatea, besteak beste, futbolarekin alderatuz... Bertsolaritzak ez du beste eskolaz kanpoko jarduerek heineko prestigiorik. Eskolaz kanpoko eskaintzen artean azkena izaten da bertso eskolarena herri handietan.

Zerk erakar dezake gaztea gaur egungo bertsolaritzara?
Eliminazio sistema dela eta, txapelketak duen lehia kutsuak gazte asko erakarri du. Zein sailkatu den morbo berezia izaten da txapelketa saioetan. Bada oso bertsozalea ez den jendea, txapelketa osoa jarraitzen duena. Bertso Eskoletan aritzen diren gazteentzat bertso eskolen arteko topaketak erakargarriak izaten dira. Oso plaza mugatukoak izan arren, Udalekuetan aritzen direnak, gero bertsotan jarraitzen dute.

Bertsolariak edo bertsozaleak sortu behar dira?
«Ahozkotasuna eta Bertsolaritza» egitasmoan hasieratik oso argi izan dugu bertsozaleak sortu behar direla. Bertsolaritzaren berri emanaz zabalkunde lan handia egin da. Bertsoa euskara lantzeko tresna oso egokia dela erakutsi dugu.

Zein egoeratan daude Tolosaldeko gazte eta helduen Bertso Eskolak?
Denetik dago. Tolosan beti nahi izan da Bertso Eskola izatea, batez ere inguruko herrietakoak bildu izan ohi dira, zikloka agertu eta desagertu egiten da hainbat arrazoirengatik. Azken lau urteotan 16-30 urte bitarteko hogeiren bat lagun biltzen dira, batzuk bat-bateko taldean eta besteak paperezko lanketan ari direnekin. Alegiako eskolan bi talde indartsu daude: LHn hamaseiren bat lagun eta DBHn 42 lagun ari dira. Alegiako «Zazpi Astoren Gainean» helduen bertso taldea astero biltzen zen eta berriro hasi nahian ari da. Amezketan 6-8 heldu elkartzen gara; eskolan ere sortu nahi dugu. Berastegin gaztetxoena abian jartzen dugunean, helduenari berriro ekin nahi diogu. Ibarran helduen taldea Amaia Agirrerekin aritu zen eta Villabonan oraintxe ez dago talderik. Bertan gaztetxoen taldea egin nahi da urtero Asteasun egiten den modura. Bidegoianen «Ahozkotasuna eta Bertsolaritza» egitasmoan iaz sartu ziren eta Albizturrekin batera bertso eskola osatu nahi dute.

Jarraipena ematea falta da, ezta?
Gabezia horiei erantzuteko «Harituz» bertsozale taldea sortu da Tolosan. Herri bakoitzak irakasle falta edo finantziazio falta dela eta, izan ditzakeen arazoei erantzuteko, eskualdeko ikuspegi osatu batez lan egiteko asmoa du.

Zer esango zenioke gazte bati bertsolaritzara inguratzeko?
Puntako bertsolaria izatea oso zaila da. Bertsoak tradizioaren berri eman, hizkuntza aberastu, jende aurrean aritzeko ohitura landu eta pertsona modura asko janzten gara, edozein gaiari buruz, bertsotan aritzea egokitzen baita. Bestetik, ikuspegi desberdinak entzuten ikasi eta erantzun egokia ematen ere ikasten da.

Mintzola Amasa-Villabonan eta Bertsozale Elkartea Tolosan egoteak, bailarako bertsozaletasunaren indarra adierazten al du?
Tolosaldeak beti izan du bertsozaletasun handia. Tolosan egiten ziren Pilarika bezperako saio modukoak Euskal Herrian oso gutxi egiten ziren. Txapelketetako giroa izaten zen Beotibarren bertso gosez zegoen jendez gainezka egoten zenean. Tamalez galdu egin zen. Udalen aldetik laguntzeko jarrera agertu izan da.

Plazetan ari al zara?
Azken aldi honetan gutxiago. Gipuzkoako azken txapelketan ez nuen parte hartu eta horrek beti mugatzen zaitu. Txapelketan egiten ez duen bertsolariak plazako saio gutxiago izaten du.

Nondik nora doa bertso saioen ildoa?
Txapelketa inguruan saioek izugarrizko arrakasta izaten dute. Ohiko saioen arrakasta jaitsi izan da, baina txapelketak bezalaxe, bertso afariek ere goiari eusten diote. Gaur egun, formatu berriak probatzen dira: bertso musikatuak eta abar.

Plaza, areto, afari, omenaldiak... nondik jo behar du bertsolaritzak?
Bertsoak denean agertu behar du, baina berezko tokia bertso afarian izango du. Amurizak esaten zigunez, bertsotan aritzeko ez da saio bateko deiaren zain egon behar, gogoa denean bertsotan egin behar da. Garai batean tabernetan bertsotan aritzea normala zen, baina gaur egun ia denetan musika dago... Bertsoak festa giroan beti du lekua.

Bertsolariak zein lanketa egin behar du?
Doinuak eta errimak lotzeaz gain, bere burua asko jantzi behar du, edozein gaiaz bere iritzia izan behar duelako. Beti zaila izan da, baina gaur egun eliteko bertsolaria izatea inoiz baino zailagoa da. Txapelketa garaian toki guztietatik ideiak hartzen ari direnez, bere burua irakiten bezala izaten dute.

Bertso txapelketa bertsoaren Champions-a al da?
Neurri batean bai. Eliteko bertsolariek halaxe hartzen dute. Gipuzkoako Txapelketa Liga izango da eta Txapelketa Nagusia Champions-a. Euskal Herrikora zuzenean sailkatuta daudenek ez dute Gipuzkoako Txapelketan parte hartzen. Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio edo Jon Maia, txapelketa nagusira zuzenean doaz, bi lehenbizikoek zer den Gipuzkoakoa irabaztea badakiten arren.

Zer ematen dio txapelketak bertsolaritzari?
Astinaldia ematen du txapelketak. Bertsoaren inguru osoak bizitu egiten du, mugimendu handia sortzen da hilabete batzuetan, lau urteko atsedenaldi luzearen ondoren. Finaleko giroa izugarria izaten da.

Euskal Herriko Bertso Txapelketak bertsolaritzaren esparrutik gaindi ez al da euskalduntasun osoaren indar erakustaldia?
Bai, halaxe da. BEC-eko giroa izugarria da eta bertarako sarrerak hilabete lehenago saldu dira, finalean zein izango diren jakin gabe... Historikoki Iparraldea eta Hegoaldea elkartzen duen ekitaldia izan da. Kanporaketak bi aldeetan egiten dira eta bertsolariak ere bitakoak dira. Donostiako finaletara ere Iparraldeko jende asko etortzen zen. Gaur egun ere bada, baina batez ere 90. hamarkada inguruan bihurtu zen Bertso Txapelketa euskaldun guztion festa zen. Finalean, jendea bertsolari jakin batzuk entzutera baino euskaldunon festa batera joaten da.

Aurtengoan Oion eta Maulera iritsi da...
Bertsozale Elkarteak arazoak dituzten eskualdeei egiten dien keinuak dira. Txapelketako saioa jartzen den lekuan jartzen dela ere, sarrera guztiak saltzen direnez, hango euskaldunei egiten zaien babes keinua da.  

Nola bizi duzu txapelketa?
Arazo mordoa dudanez ez dut gehiegi jarraitu oraindaino, baina azken saioak telebistaz jarraitu ditut eta beste batzuetara bertaratu naiz. Alde batetik bertsolariek oholtzan zenbat sufritzen duten ikusteko eta bestetik, inbidia sentitzeko, bertso onak izaten direnean, jendearen erantzuna ikusterakoan...

Zein egitasmo duzu esku artean?
«Ahozkotasun eta Bertsolaritza» egitasmoan ahal dudan gehiena ematea, eta «Harituz» elkartearen lanarekin ilusionatuta nago, bertsolaritzari Tolosaldean bultzada handia eman diezaiokeelako. Hezkuntza arautuan, «Ahozkotasuna eta Bertsolaritza» egitasmoan falta diren Anoeta moduko herriak sartzeko lan egingo dugu. Gazte eta helduen bertso eskolak zabaltzen saiatuko gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!