Ekaitz Saralegik ez du eman ezustekoa gutxigatik

Imanol Garcia Landa 2013ko azaroaren 30a

Partida bikaina jokatu du amezketarrak Olaizola II.aren aurka, baina azkenean 22-18 galdu du Lau t'erdiko finalaurrekoa.

Iruñeko Labrit pilotalekuan amezketarrek jarri dute giroa, bai kantxan, eta baita harmailetan ere. Saralegi partida irabazten hasi da eta 10-5eko abantaila ere izan du. Olaizola ez zen ari ematen bere onena, eta Saralegik, berriz, maila oso ona erakutsi du. Olaizolak, baina, txapeldun handia zergatik den erakutsi du eta hamarreko berdinketa lortu du.
Bazirudien goizuetarrak aurrera erraz egiteko aukerak zituela, baina amezketarrak ez dio utzi. Berriz ere aurretik jarri da Saralegi, eta azkenean 15eko berdinketara iritsi dira. Olaizolak hurrengo tantoa, eta gero Saralegik. 16na egin ondoren, aurretik jarri da amezketarra, bi tantoko abantaila hartuz.
Labriten amezketarrak zoratzen jarri dira. Ezustekoa gertu zegoen, Saralegik txapelketa handi baten finalera igarotzeko aukera garbiak zituen, eta, gainera, Olaizola II.aren aurka jokatuz. Orduan goizuetarrak beste pauso bat eman du eta hurrengo sei tantoak segidan egin ditu. Akabo Saralegiren ametsa, baina harro egon daiteke amezketarra, txapelketa bikaina egin baitu eta estu hartu du finalaurrekoan Olaizola II.a.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!