Abenduaren 8an Durangora mozorrotuta joatera deitu dute ezkutuan diren lau gazteek

Ataria 2013ko azaroaren 29a

Irati Mujika amezketarra, Idoya Iragorri, Goizane eta Unai Ruiz Pouk bi hilabete daramatzate gordeta, eta Durangon izango dira abenduaren 8an.

40 gazte epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean urriaren 14az geroztik, eta epaiketara ez agertzea erabaki zuten laurek, tartean, Irati Mujika amezketarrak. Haiek bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen epaileak, eta gordeta daude harrezkero.

Bideo bat plazaratu dute gaur, haien asmoaren berri emateko. "Goiz eta eguerdi partean, Durangoko kaleetan, tabernetan eta liburu eta disko azokako postuetan ibili nahi dugu. Zuokin batera, Durangoko giro zoragarriaz gozatu nahi dugu. Baina noski, ez dugu atxilotuak izan nahi, gure ekimena ez dugu amaitutzat eman nahi oraindik. Polizia atzetik dugu ordea", azaldu dute.

Jakinarazi dute mozorrotuta joango direla, baina beste horrenbeste egiteko eskatu diete herritarrei: "Gu soilik bagaude mozorrotuta, gureak egin du. Asko bagara ordea, haienak egin du"

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!