Ekaitz Saralegi: «Badakit Aimar Olaizolaren aurka jokatzea zer den»

Asier Imaz 2013ko aza. 27a, 15:32
Lau t’erdiko pilota txapelketaren finalerdiak jokatuko dira asteburu honetan; lehenengoan, Amezketako Ekaitz Saralegik Aimar Olaizola faboritoaren aurka jokatuko du, Labriten. Aimar Olaizolak bezala 34 urte ditu Ekaitz Saralegik. Larunbatean, lau t’erdiko txapelketaren lehen final erdia jokatuko dute bi pilotariek. Igandean, Bengoetxea VI.a eta Martinez de Irujoren txanda izango da. Bi partidetako irabazleek, finala jokatuko dute. Partidarako egun gutxiren faltan, Tolosaldeko Atariarekin hitz egin du Amezketako aurrelariak.

Iruñeko Labriten izango da partida. Zer moduzko pilotalekua da zuretzat?
Tolosan jokatzera ohituta gaude, baina negu partean Iruñan ere partida asko jokatu ditugu. Nire ustez frontoi ona da.

Ametsetako partida.
Beti nahi izaten dugu onenaren kontra jokatu, eta kasu honetan onenaren kontra jokatuko dut. Jakinda partida zaila dela. Baina finalerdia da, eta ilusioarekin nago.

Irabaziz gero, finala.
Kasu honetan ez dut amesten finala jokatzearekin. Oraingo helburu bakarra finalerdietan partida ahal den txukunena egitea da, eta maila polita ematea. Badakit Aimarren aurka jokatzea zer den, eta lasai joango naiz. Ahal den partida onena egiten saiatuko naiz.

Partida iristen doan heinean, giro berezirik sumatu al duzu Amezketan?
Txapelketa guztian zehar animatu nau jendeak; ilusioarekin daudela uste dut. Urrutikoetxearen eta Titinen aurka irabazita ligaxkan sartu nintzela ikustean, Donostiara izugarrizko jende piloa joan zen, baita Tolosara eta Eibarrera ere. Larunbat honetan Iruñera jende mordoa dioala uste dut, eta nire ustez hori eskertzekoa da.

Partida amaitu ondoren, afari baten bueltan, adibidez.
Kuadrillakoekin eta beste lagun batzuekin afaria egiteko asmoa dugu, galdu edo irabazi ospatzekoa izango delako. Galtzen badut, txapelketa handia eginda joango naiz, eta irabazten badut, sariarekin. Aurrena behintzat partida jokatuko dugu, eta gero ikusiko da. Inork ez zuen espero horrelako txapelketa egitea, eta frontoira joan den jende piloa ikusita, nik uste denok dugula zer ospatua.

Idoateren aurkako partida amaitu ostean, emozioak hartu zintuen. Oraindik jarraitzen al du?
Urte nahiko gogorra izan da, eta dena etortzen zaizu burura. Emozio une polita izan zen; jende guztia animatzen... Finalerdietarako sailkatzea sari handia izan zen. Gero, asteburua lasai hartu dut, eta astea larunbateko partida prestatzeko erabili dut.

Kalean zer esan dizute?
Asko animatzen naute. Umeekin eskolara joaten naizenen, gurasoek, lagunek... denek animatzen naute. Irabazterik badagoela esaten didate, baina aho txikiarekin esaten dute, normala den bezala. Badakit nolako aurkaria dudan, baina animatzen naute, eta hori da garrantzitsuena.

Olaizola II.a beste maila batean al dago?
Nire ustez, Aimar koska bat gorago dago, bai Bengoetxea eta bai Irujorengandik. Gugandik, beraz, bi, hiru edo laura dago. Gaur gaurkoz onena dela uste dut, eta demostratu egiten du. Niretzat sari polita da beraren aurka jokatzea; edo polita izan liteke, txarra izan litekeen bezala. Badakit ni baino askoz hobea dela, baina nire partida jokatzera joan behar naiz.

Partida imajinatu al duzu buruan?
Beti ematen diozu buelta. Zer egin behar dudan, nola... baina aurkaria zein den jakinda, hoberena ahalik eta gutxien pentsatzea dela uste dut.  

Baina ideia bat izango duzu.
Orain arte egin dudana egiten saiatzea. Batzuetan aurkariak uzten dizu, eta besteetan ez. Sakatu eta errematatu, hori egiten saiatuko naiz zaila izango dela jakinda. Ea zer gertatzen den.

Non dauka zuloa Olaizola II.ak?
Zuloa? Ipurdian... (barreak). Zeren hortik aurrera... pilotan gutxi. Dena dauka ona, eta nik uste, miresteko pilotaria dela.

Aurtengo txapelketan finalerdietara iritsi zara. Zerk eragin du hori?
Nire ustez aurten ondo prestatu dut lau t’erdikoa. Beste urteetan ere ondo prestatu izan dut, baina zortea ere kontuan hartu behar da; zein aurkari tokatzen zaizun eta abar. Nire ustez aurten jokoz ondo nago, eta zorte pixka bat izan dut. Azkenean, hori guztia batuz, emaitzak lortu ditut.

Txapelketa honetan, orain arteko bidean, buruan duzun momentu bat?
Titinen aurka jokatu nuenean ligaxkan sartu nintzen, eta niretzako izugarrizko saria izan zen. Titini irabaztea, Logroñon... handia izan zen. Hura bat, eta bestea, Tolosan Arretxe II.aren aurka jokatu nuena. Beotibar lepo zegoen, etxetik gertu jokatu nuen, eta momentu hura ere polita izan zen. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!