Ekaitz Saralegi, Lau T'erdiko Pilota Txapelketako finalaurrekoetara

Ataria 2013ko azaroaren 18a

Ekaitz Saralegik 22-17 irabazi dio Mikel Idoateri Lau t'erdiko txapelketako final-laurdenetako ligaxkako azken partida, eta finalerdietarako txartela lortu du. Amezketako pilotariak Aimar Olaizola izango du aurkari finalerdietako kanporaketan.

Partida boladaka joan zen. Saralegik indartsu ekin zion norgehiagokari (3-1), baina Idoatek garaiz erantzun zuen, eta partida berdintzea lortu zuen (3-3). Ondoren, Idoate izan zen abantaila hartu zuena (4-7), baina Saralegik lehia parekatu zuen, zazpina (7-7). Idoatek berriro abantaila hartzea lortu zuen (8-11), eta Saralegik, behera etorri beharrean emaitza irauli zuen, 6-0eko partzialarekin (15-11).

Saralegik partida bideratuta uzteko aukera izan zuen 15-11koarekin, baina Idoate azkeneraino borroka egiteko prest azaldu zen, eta aldeak murriztu zituen (15-14). Idoate momentu onenean egon zenean, mahai gainean kolpea eman zuen Saralegik bost tanto jarraian eginda (20-14). Norgehiagoka maldan gora jarri zitzaion Idoateri, baina Txantreako pilotariak ez zuen etsi eta partida estutu egin zuen (20-17). Aurkariaren erantzuna ikusita Saralegi ez zen urduri jarri, eta, ondorioz, garaipena (22-17) eta finalerdietarako txartela lortu zituen.

34 urteko amezketarra lehen aldiz iritsi da Lau t'erdiko Txapelketako finalerdietara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!