Amezketako Kultur Astea

Jokin Artola: «Kubako errealitateaz hitz egingo dut, baina nire kontakizunetik»

Asier Imaz 2013ko aza. 13a, 13:35

Amezketako Kultur Astearen barruan Jokin Artola herritarrak ikus-entzunezkoa eskainiko du, gaur, 20:30ean; igandean azoka berezia egongo da, bigarren eskuko merkatu eta guzti.

Amezketako Kultur Astearen barruan Jokin Artola herritarrak ikus-entzunezkoa eskainiko du, gaur, 20:30ean; igandean azoka berezia egongo da, bigarren eskuko merkatu eta guzti.

Sozialismoaren ideia idealizatua buruan zuela joan zen Jokin Artola (Amezketa, 1985) Kubara. Bizikleta gainean zeharkatu zuen uhartea, aurtengo udaberrian; hilabetean 1.500 kilometro egin zituen. Bertan ikusi eta ikasitakoarekin, Kuba, bi gurpilen gainean, buru bat begi bi proiekzioa eskainiko du gaur, Amezketako kultur etxean, 20:30ean. Estilo honetako hitzaldiren bat ematen duen lehen aldia izango da.

Lanketa handia eman al dizu hitzaldi-proiekzioaren prestakuntzak?
Bidaian zehar ateratako argazkiekin bilduma txiki bat egin dut, eta haiek proiektatuko ditut. Hortik aurrera, bidaiaren kontakizun moduko bat egingo dut, Kuba ezagutaraztera eramateko helburuarekin. Hango errealitateaz hitz egingo dut, baina beti ere, nire kontakizunetik.

Kultur Astearen barruan ekitaldi hau antolatzeko ideia nondik sortu zitzaizuen?
Herri txikietan interes gehien sortzen dituzten gauzak, sarri, horrelakoak izaten dira. Jendeak gustura entzuten ditu herritarrek egindako gauzak eta istorioak. Bide horretatik, Kultur Astearen barruan aukera hau sortu zen eta ea zer ateratzen den bihar (gaur).

Izenburu berezia jarri zenioten: ‘Kuba, bi gurpilen gainean, buru bat, bi begi’.
Ukitu berezia eman nahi genion. Bidaia bera, zati handiena, bizikletaren gainean egin nuen, eta hortik bi gurpilen ideia. Buru bat, aldiz, edozein lekutara joaten zarenean pentsamendu batzuekin joaten zarelako da; bakoitzak bere kontzientziaren arabera ikusten dituelako gauzak. Guzti hori, begien bidez jaso nuen Kuban, eta proiekziora joaten direnek ere begien bidez jasoko dute. Hortik bi begiren ideia.

Kubara ideia batekin joan zinen. Zer aurkitu zenuen bertan?
Kubaren inguruko nire ideiak nituen bidaia hasi aurretik: sozialismoa, Che Guevara... idealizazio horretan nengoen. Bertan, errealitatea askoz gogorragoa dela ikusi nuen. Ez sistemagatik bakarrik, baita jasaten duten blokeoaren ondorioengatik ere; baina egia da sozialismo ideal horretatik nahiko urruti ikusi nuela.

Aurrez prestatu al zenuen egin beharreko ibilbidea?
Santiagotik Habanarako bidea egingo nuela erabaki nuen joan aurretik. Interneten ibilbidea inprimatu, aurrez bertan izandakoekin hitz egin, bertako kontakturen bat bilatu... Behin bertara iritsitakoan, ordea, ibilbidea aldatu egin nuen, batez ere, hango jendearekin hitz egiterakoan. Eurek esaten zidaten gutxi gorabehera zer ikusi behar nuen, eta modu horretan joan nintzen bidea egiten.

Nolako jendartea aurkitu duzu?
Habanan eta Santiagon kenduta, oso ona eta irekia; beti zeuden hitz egiteko gogoarekin. Gehien hori baloratuko nuke, jendearekin edukitako hizketaldiak. Hori izan da gehien estimatu dudana.  

Tarteka bizikleta astintzea ere tokatuko zitzaizun, ezta?
Ibilbide gehiena nahiko laua izanagatik pixka bat gogorra izan da. Ez naiz bizikletan asko ibiltzen den horietakoa, eta burugogorkeriak ere zerikusia izan du. Hasieran ez nekien zenbat ibiliko nintzen bizikletaz, agian 200 kilometro, eta gero autobusez. Behin bertan, segi eta segi, eta azkenean 1.500 kilometro egin nituen bizikletaz. Bero handia egiten zuenez, goizean goiz abiatzen nintzen, eguzkia ateratzearekin batera, eta eguerdian jomugan egoten saiatzen nintzen. Arratsaldean, oinez ikusten nituen gauzak. Bestalde, haizea alde izateko ekialdetik mendebaldera joatea gomendagarria dela irakurri nuen, eta horrelaxe egin nuen.

Bitxikeriaren bat gertatu al zaizu bizikleta gainean?
Egia esan nahiko aldrebesa naiz, baina Kuban ez dut ezer berezirik izan. Pentsa, ni naizenerako, 1.500 kilometrotan bi zulatu bakarrik izan ditut.

Zer ekarri duzu Kubatik Amezketara?
Jendearen prestutasun hori; eurekin izandako hizketaldi horiek. Lekuak ikusten dituzu, baina eurekin egiten duzun harreman hori izan da aberasgarriena: euren sistema sozialista eta  mundua nola ikusten duten, munduak eurak nola ikusten dituen,...

Kultur etxean, 20:30ean, emango duzun hitzaldiaren amaieran zer esango diezu amezketarrei?
Kuba herrialde kuriosoa dela, kontraesanak ere badituela, baina ezagutzeko, bertara joatea beharrezkoa dela. Ni bakar-bakarrik joan naiz, eta ideia hori duenari, lasai joateko esango nioke. Nik behintzat segurtasun aldetik ez dut inongo arazorik izan.

 

Amezketako Kultur Astea, egitaraua

Azaroak 13, Gaur
20:30. Jokin Artolaren bidaia kontakizuna kultur etxean: Kuba, bi gurpilen gainean, buru bat begi bi.
Azaroak 14, Bihar
18:00. Emigrazioa Gipuzkoan, tendentziak eta arazoak hitzaldia, SOS Arrazakeria elkarteko
Agustin Unzurrunzagaren eskutik.
Ondoren, pintxo-potea.
Azaroak 15, etzi
19:30. Kultur etxeko aretoan ideia bilketa, gaia: Pernando jaio zeneko 250. urtemugako ospakizunak.
21:00. Kantu afaria. Txartelak udaletxean daude salgai, 08:00etatik 15:00etara, eta liburutegian, 17:30etik 19:30era. Ostiralean izango da txartelak erosteko azken eguna; 20 eurotan.
Azaroak 16, larunbata
11:30. II. Kros herrikoi txikia. Izen ematea, plazan. Hiru maila.
Ondoren. I. Hiruterdiz-aurre pilota torneoaren finalak.
17:30. Sasturain atzeko aparkalekutik hasita, Dien ta ez dienan gau magikoa, herritarrek eskainitako kale antzerkia.
Azaroak 17, Igandea
10:00. Azoka berezia, bigarren eskuko merkatu eta guzti.
Aste osoan zehar
Kultur etxean Sara Gomezen argazki erakusketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!