Ligaxkako lehen garaipena lortu du Ekaitz Saralegik

Ataria 2013ko azaroaren 12a

Idoateren aurkako lehian erabakiko da amezketarra Lau t'erdiko Txapelketaren finalerdietan egongo den ala ez.

Tolosako Beotibar pilotalekuan jaialdi ederra antolatu zuten atzo arratsaldean, eta ikusleek modu berean erantzun zuten, hau da, frontoia betez. Giro bikain horretan garaipen handia lortu zuen Ekaitz Saralegi amezketarrak, Iker Arretxe gaindituz. Lau t’erdiko ligaxkako lehen garaipen honekin, finalerdietarako txartela bere eskuetan du Ekaitz Saralegik. Hirugarren eta azken partidan erabakiko da dena, eta amezketarrak Idoate izango du aurrean.
Partida borrokatua izan da, berdinketa eta etenaldi ugarirekin. Hasieran Ekaitz Saralegik hartu du aurrea, baina segidan pilatu ditu tantoak Arretxe II.ak, joko polita erakutsiz. Hamalauna, hamabosna, eta hamaisena. Hortxe puskatu du partida, landutako tanto politak gauzatuz.  
Jaialdi azken partida jokatu aurretik, Olaizola II.ak eta Ezkurdiak jokatu dute Lehen Taldeko partida. Lehia ikusgarria izan da. Bi pilotariek pilota bizi-bizi ibili dute, eta ezustekoa emateko puntuan egon baldin bada ere Ezkurdia, azkenean Goizuetako txapeldun handiak irabazi du partida: 22-18.

Ligaxka
Lau T'erdiko Pilota Txapelketa
Bigarren Taldea (bigarren jardunaldia)

Saralegi-Arretxe II    22-16
Bengoetxea VI-Idoate    22-20

Sailkapena
1. Bengoetxea VI    2-0 (+16)
2. Idoate    1-1 (-1)
3. Saralegi    1-1 (-8)
5. Arretxe II    0-2(-7)

Hurrengo jardunaldia
Idoate-Saralegi
Bengoetxea VI-Arretxe II

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!