Ekaitz Saralegi Lau T'erdiko final-laurdenetako ligaxkan izango da

Tolosaldeko Ataria 2013ko urr. 28a, 14:48
Ekaitz Saralegi pilotari amezketarra.
Ekaitz Saralegik jipoia eman zion atzo Titini, 4 eta 22 irabazita. Errioxarrak partida kaskarra egin zuen eta 0 eta 13 ere izan zen atzetik norgehiagokaren lehen zatian. Garaipena lortuta, Saralegi final-laurdenetako ligaxkan izango da.

Augusto Ibañez 'Titin' pilotari beteranoak agur esan dio Lau t'erdiko bere azken txapelketari, Saralegiren aurka jasotako porrotaren ondorioz. Errioxarra ez zen atzo batere fin ibili; Ekaitz Saralegik, gainera, nahi zuena egin zuen Adarragako kantxan, Titin alde batetik bestera mugituta.

Mami gabeko partida izan zen. Amezketako gaztea 0 eta 13 jarri zen aurretik markagailuan eta horren aurrean ezer gutxi egin ahal izan zuen 44 urteko errioxarrak. Azkenean, Titinek lau tanto bakarrik egin zituen, horietatik hiru azken jokaldietan.

Ekaitz Saralegi 4 eta 22 gailendu zen eta Lau t'erdiko txapelketako final-laurdenetako ligaxka jokatuko du. Amezketatik zaletuak joan ziren Saralegi animatzera Adarragara.

Gaur jokatuko da final zortzirenetako azkeneko partida Tolosako Beotibarren. Julen Retegik eta Joseba Ezkurdiak jokatuko dute 15:45etik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!