Emaitza onak izaten ari da Iker Karrera (Amezketa, 1974) mendi lasterkaria aurtengo denboraldian. Dagoeneko lau probetan parte hartu du, eta hiru irabazi eta bestean hirugarren egin du. Txile eta Argentina arteko El Cruce Columbian egin zuen hirugarren, eta Pels Camins dels Matxos, Maurizioko Royal Raid eta Europako Mendien Travesera Integral lasterketak irabazi ditu, azken horretan probaren marka berria eginez.
Hala ere, denboraldiaren zati garrantzitsuena orain hasten dela azaldu du. Bihar bertan, Suitzan jokatzen den Eiger Ultra Trail proban parte hartuko du. Bera izango da faboritoetako bat, mendi lasterkarien artean munduko onenetakoen multzoan baitago.
Zer moduz doa denboraldia?
Emaitza aldetik ondo doaz kontuak. Bestalde, lasterketa horiek ez dira hain garrantzitsuak, Traveserakoa kenduta, ondorioak ateratzeko. Hor daude emaitzak, baina beste transzendentziarik ez zuten lasterketak ziren.
Europako Mendietako lasterketa izan da, beraz, orain arteko garrantzitsuena?
Bai, bere gogortasunagatik, eta baita orain arteko aurkari gogorrenak zeuden lasterketa, El Cruce Columbiarekin batera, zelako ere.
Proba horretan marka berria ezarri duzu, gainera.
Aurretik Txus Romon bizkaitarrak zuen marka, 12 ordu eta 05 minutu ingurutan, eta orain 11 ordu eta 02 minututan jarri dut.
Elurra egoteak lagundu egin omen zuen denbora hori lortzeko.
Elurra zegoen eta horrek zati batzuetan mesede egin zigun, baina beste batzuetan kalte egin zigun. Beraz, bataz beste, lagundutako eta kaltetutakoa kontuan hartuta, bere horretan geratuko zen. Pentsatu nahi dut denbora jaitsiera hori ez dela izan soilik elurrarengatik.
Ez da arraroa urteko garai hauetan elurra egotea?
Aurten hamargarren edizioa zen eta hainbeste elur zegoen urterik ez omen zaie tokatu. Normalean garai hauetan elur zulo txikiren bat edo izaten da, baina berez garbia egoten da. Pentsa, aurtengoan, gu korrika egiten ari ginen leku batzuetan mendiko eskiekin zebilen jendea. Hori bai zela pentsa ezina.
Nolakoa zen ibilbidea?
Europako Mendiak ikusgarriak dira: tontor zorrotzak, sakana handiak eta harritsuak, ibilbidea pasatzen den herriek ere bere ukitua dute, mendiko bordak eta larreak... Inguru oso polita da eta gero ikusgarria da erdialdeko mendigunea, Urriellu mendi ingurua. Egunsentiko argiekin, mendigunearen postala perfektua zen.
Hala ere denbora asko ez duzue izango lasterketetan inguruko parajeei begira egoteko.
Denbora asko ez, baina begi baztarretik ikusten zoaz, burua tarteka altxatzen duzu... Une asko ezin dituzu hartu, eta gutxiago lasterketa horretan, oharkabetze txikienarekin hortzak bertan uzten dituzu eta. Hartzen diren une txiki horiek asko ematen dute.
Beste lau proba dituzu aurretik aurten. Nola ikusten duzu denboralditik falta zaizuna.
Traveseran estatu mailan nahiko aurrean dauden korrikalariekin aritzea tokatu zitzaidan eta hemendik aurrera nazioarte mailakoekin lehiatzea tokatuko zait. Beraz, lasterketek beste dimentsio bat hartzen dute. Alde batetik lasterketak beraiek gogortasun maila handiagokoak dira, eta aurkarien aldetik ere, esan bezala, beste maila batekoak izango dira.
Eiger Ultra Traila egingo duzu larunbatean. Lehendabizikoz?
Bai. 2008an mendiak egiten aritu ginen inguru horietatik, eta ingurua gutxi gorabehera ezagutzen dut, eta baita bideak nolakoak diren. Badakit Traveseran baino korrika egiteko bide erosoagoak aurkituko ditugula, baina distantzia ere luzatu egiten da, 100 kilometro baititu, eta aurkariak ere nazioartekoak izango dira.
Abuztuan Gran Raid des Pyrenees egingo duzu: 167 kilometro eta 10.300 metro maldan gora.
Beste lasterketa dotore bat izango da, kasu honetan Pirinioetan. Ez dakit zein aurkarik zehazki izena eman duten. Lehenengo aldia da parte hartuko dudala. Lasterketa hau, garbi esanda, entrenamendu modukoa izango da. Oso hotz jokatu behar dudala da berezitasuna. Kontuan hartu behar da hortik hamabost egunetara Aostako Tor de Geants korrituko dudala. Lasterketa hari begira azkeneko entrenamendu garrantzitsua izango da. Ezin ditut karta guztiak mahai gainera atera, erre gabe aritu beharko naiz. Tor de Geants da denboraldiko helburu nagusiena.
Aostako bailaran, irailean, egingo duzu Tor de Geants. 330 kilometroko ibilbidea eta 24.000 metro maldan gora. Proba hori egiteko atsedena hartuko duzue, ezta?
Pixkana distantziak luzatzen joango naiz, proba honetarako prestatzeko. Une honetan 76 ordutan dago marka, hau da, hiru egun eta lau ordu. Ezinbestean gelditu egin beharra dago. Hori da lasterketa honek duen berezitasunetako bat. Zuk zerorrek administratu behar duzu erritmoa, beharrak, noiz gelditu, non gelditu... Zuk moldatu behar duzu, ez dizute behartzen, zure esku dago hori. Estrategia oso garrantzitsua izango da lasterketa honetan. Berezitasun horrek ere erakargarri bihurtzen du.
Hau da zirkuituan dagoen probarik luzeena?
Ez, badaude luzeagoak. Distantzia gehiago edo gutxiago, nik bilatzen dudana probak berak zentzu bat izatea da. Kasu honetan, Tor de Geantsek Aosta bailara osoari itzulia ematen dio, eta horrek erakargarri egiten du. Ez da kilometroak pilatzeagatik sortutako bide bat.
Zein aurkari izango dituzu proba horretan?
Besteak beste, markaren jabea den Oscar Perez kataluniarra. Horretaz aparte, aurten badakit nazioarte mailako korrikalariak doazela, distantzia horietan korri egitera ohituta daudenak.
Denboraldia bukatzeko, Reunion irlara joango zara urrian, La Diagonale des Foux egitera. Hau ere ez da makala: 170 kilometro eta 10.000 metro maldan gora.
Bigarren urtea da. Lehengo urtean lanak ez nituen bukatu eta ea aurten posible den. 130 kilometro eta zerbait gehiago egin ondoren utzi egin nuen.
Arantza gelditu zaizu, beraz.
Lasterketa utzi nuenean burura etorri zitzaidan lehenengo gauza bertara ez nintzela berriro itzuliko izan zen. Baina lasterketa dotorea da, irlak merezi du, izen handiko lasterketa da eta edozein korrikalariri bere ibilbidean bukatuta izatea gustatuko litzaiokeen lasterketa da.
Parte hartzen duzun edozein probetan faboritoetako bat izaten zara. Horrek presio handia suposatzen du?
Honetan hasi ginen garaian posible zen bigarrengo lerro batean ateratzea, eta gordean egotea. Orain ezin da, eta bai, presio puntu bat suposatzen du. Baina bere alde ona ere badu: gauzak ondo ateratzen ari badira, eta batez ere lesioek errespetatzen badizute, presio horrek bultzatu egiten du. Motibazio bat ere izaten laguntzen du. Presioa positiboa den neurrian, nire ustez ona da, eta horrela hartzen dut.