Iker Karrera amezketarraren hitzaldiarekin hasiko da Buruntzunzin Mendi Elkartearen Mendi Astea 2013. Apirilaren 8tik 14ra, mendia ardatz duen ekimen bat egongo da egunero Amezketan, egitarau oparoaren isla. Hitzaldi eta emanaldiak kultur etxean izango dira, eta jakiekin loturikoak Zazpi Itturri Elkartean. Mendi Asteari amaiera, nola ez, lau ordu inguruko mendi itzuli batekin emango diote. Igandeko irteera oraindik zehaztu gabe duten arren, Txindoki inguruak ez dituzte urruti izango. Ondoren, ospakizunei agur esateko, hamaiketakoa egingo dute Zazpi Itturri elkartean.
Mendiarekin lotura zuzena duten ekimenez gain, larunbatean, hilaren 13an, Ez gara Palestinaz ari bertso antzerki emanaldia ikusteko aukera egongo da Amezketako kultur etxean. Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariak dira ikuskizun horren protagonistak.
Egitaraua
Apirilak 8, astelehena
20:00. Iker Karrera Amezketako mendi korrikalariaren hitzaldia.
Apirilak 9, asteartea
20:00. Luis Sagastumeren eskutik, Atlas 2013-ri buruzko hitzaldia.
Apirilak 10, asteazkena
20:00. Jon Goikoetxea Boli-ren hitzaldia. Gaia, Ama Dablam mendia izango da eta bertako bizipenak kontatuko ditu ibartarrak.
Apirilak 11, osteguna
20:00. Asier Izagirrerekin Patagonian zehar.
Apirilak 12, ostirala
20:00. Afaria Zazpi Itturri elkartean, Nikok alaituta.
Apirilak 13, larunbata
19:00. Ez gara Palestinaz ari emanaldia.
Apirilak 14, igandea
08:00. Plazatik abiatuta mendi ibilaldia.