Juan Mari Mujika Dorronsoro espetxera bidaltzea erabaki zuen, atzo arratsaldean, Paueko Auzitegiak.
Goizean eraman zuten Paueko Auzitegira, eta Jean-Bernard Rouch fiskalak behin-behinean espetxeratzea erabaki zuen, Espainiaratzeko prozedura gauzatu edo ez erabaki bitartean.
Datorren asteartean aztertuko dute Espainiaren euroagindua; izan ere, Pauera oraindik ez da eskaera iritsi. Bere aldetik, Jean-François Blanco Mujikaren abokatuak, txostena iritsi bitartean atxilotua aske uzteko eskatu zuen.
Jean-Bernard Rouch fiskalak azaldu zuenez, ez da ziurra auzipetua agertzea, eta, gainera, egotzitako delituek 20 urteko kartzela zigorra dutela nabarmendu zuen. Hori dela eta, Mujika behin-behinean espetxeratzea erabaki zuen. Defentsak helegitea aurkeztuko balu, Espainiaratze prozesua asteetan edo hilabeteetan luzatuko litzateke.
Mujikaren aldeko aldarriak
Frantziako Poliziak herenegun goizean atxilotu zuen Amezketan bizi izan den iheslari ataundarra, Barkoxen (Zuberoa). 2001ean Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohia hiltzeko atentatu saioan, misilak jaso eta entregatzeko ardura izatea egotzi diote Mujikari. Atxiloketa salatzeko, elkarretaratzeak egin zituzten atzo eta herenegun Amezketako plazan, Bake bidean, errepresiorik ez! Juan Mari askatu lelopean. Era berean, atzo, Beasaingo CAFeko enpresa batzordeak deituta, ehundik gora langilek elkarretaratzea egin zuten, izan ere, Mujika bertan egin zuen lan.
Polizien jazarpena salatu zuen
Mujikak 2008ko abenduan polizien jazarpena jasan zuela salatu zuen. Espainiar poliziak mendialdera eraman zuela esan zuen, eta laku baten ondoko etxola batean galderak eta mehatxuak egin zizkiotela. Preso zuen alabaren egoera baliatuz, kolaboratzea eskaini zioten, baina Mujikak ez zien berehala erantzun. Salaketa aurkeztu eta beste euskal herritar batzuekin batera prentsaurrekoa eman zuen. Harrez geroztik, ez zula beste mehatxurik izan argitu zuen abokatuak.