Karlos Beloki Zabalak uda ardi artean pasatzen du, Aralarko Arritzaga txabolan gazta egiten. Berak mendian egiten duen gaztari, Idiazabal Mendiko Gazta izena jarri diote. Marka hau sustatzen, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lurlan baserritar elkartea ari dira.
Mendiko Gazta egiten, duela bi urte, Zaldibiako Gerardo Garmendia eta Bedaioko Karlos Beloki hasi ziren. Aurten, euren artaldeak batu ondoren, Mikel Etxezarreta zegamarra eta Elixabete Arrillaga zarauztarra elkartu zaizkie proiektu honetara. Lau artzain eta hiru ekoizle, guztira: 1500 gazta.
Arritzaga inguruko larreetan
Arritzaga txabola Aralarren dago, Amezketako Ospela aldean. Errepiderik iristen ez denez, eraman beharrekoak traktorez edo mandoz eramaten ditu Karlosek. Aurten, maiatzaren 21ean igo zen gora, eta uztailaren 17 itzuli zen Bedaioko Ilorreta baserrira. Guztira, 637 gazta egin ditu txabolan.
Arritzagan, 06:00ak inguruan hasten da eguzkia iratzargailu lanetan. Karlosek normalean, iluntzean ardiak etxe inguruan uzten ditu, goizean-goiz jetzi eta larrera bidaltzeko. Ardiak Aralarren libre dabiltzan bitartean, artzaina gazta egiten hasten da txabolan: «Gatzaria ematen zaio esneari, eta hartzen duen bitartean, gosaltzen hasten naiz».
Behin gosalduta, gatzariari buelta batzuk eman eta garbiketa lanak hasten dira. «Osasun sailetik eta Lurlanetik baldintza batzuk jartzen dizkigute, eta horien artean garbitasuna dago. Bestea, egiten dugun guztia fitxetan jartzea da, horrela prozesu guztia ongi kontrolaturik gelditzen da», dio Karlosek. 2009an hasi ziren Mendiko Gazta proiektua aurrera eramaten Lurlan eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Horretarako, bi txabola berritu eta hornitu zituzten, ardiak jezteko makinariarekin. «Guk etxean ardiak makinaz jezten genituen, eta eurek baldintza hori eskatzen zuten, hau da, etxean ardiak jezteko makina izatea. Horrela, etxeko makinaren piezak gora eramateko aukera zegoen, eta kostu aldetik hobeto ateratzen zitzaien eurei. Guregana etorri zirenean, proiektuan sartzeko prest ginela esan genien, eta orduan, txabola berritu eta egokitzen hasi ziren», azaltzen du Karlosek. 2010eko udaberrian, txabola bukatzen ari ziren. «Iaz berandu igo nintzen Aralarrera, eta horregatik, berandu bukatu nuen, Santioen bezperan», gogoratzen du Bedaioko artzainak. Ardiak mendira eramaten duela 13 urte inguru hasi zen Karlos. Ordura arte, etxe inguruan edukitzen zituen: «Beheko klimagatik edo ez dakit zergatik, ardiak ez ziren ondo ibiltzen: sudurrak hartuta, mukiekin… Gero hiru urtez, Balerdi inguruan ibili genituen, Amezketako herri lurretan. Duela 10 urte inguru hasi ginen Aralarrera eramaten, Arritzagako txabola errentan hartuta».
Mendian ardiak jezten, etxera eraman gabe, duela hiru urte hasi zela dio Karlosek: «Lehen urtean, eskuz jetzi nituen, baina ardiak ez ziren gustura ibili, etxeko makinara ohituak baitzeuden». Arritzagako eguneroko bizitzan ikasi zuen mendiko gaztaren eta etxekoaren arteko lehen desberdintasuna. Honela kontatzen du berak: «2010ean, gazta egiten hasi nintzenean, mamia moldetan sartzerakoan, dena besoetan itsatsita bezala gelditu zitzaidan. Zer gertatzen da hemen? Zer egin diot esne honi? galdetzen nion nire buruari. Ez diot ustez ezer desberdinik egin ba. Koipea zen; behekoak baino koipe gehiago du mendikoak. Goian udaberrian ateratzen den belarra oso aberatsa izaten da, eta horrek ematen dio ezberdintasun puntu hori». Mendiko Gazta proiektuak, izan ere, horixe bilatzen du, dena erabat naturala izatea; ez pentsurik eta ez beste ezer, udaberriko larreak soilik.
Gazta egiterakoan, sekretu asko daudela dio Karlosek, «ikusten dena baino lan gehiago ezkutatzen baitu gaztak». Sekretuak jakintza ere izaten dira, eta arlo horretan, Migel aita zenak eta hamaika ikastarok erakutsia jartzen du praktikan Bedaioko artzainak.
Gazta egiteak bere sekretuak baldin baditu, artzainak ere baditu bereak, eta Karlosen kasuan, badu bat konta ezin daitekeen horietakoa. Galdera bati erantzuterakoan ordea, agerian gelditzen da:
-Etxeko gaztaren eta mendikoaren artean, zaporeari dagokionez, zein desberdintasun dago?
- Andreak, arrebak eta koinatak esan didatenez, mendiko gazta hezeagoa da, gatzatsuagoa ateratzen da; beste puntu bat dauka.
Puntu horrek harrera bikaina eduki du merkatuan, eta eurak ere jabetu dira horretaz: «Jendeak mendiko gazta eskatzen baitugu».
Hiru ekoizleek ordea, gazta menditik jaistean Lurlanen esku uzten dute, eta hauek zabaltzen dute merkatuan Idiazabal Mendiko Gazta.