Azaroaren 24an egindako osoko bilkuran, 2027ko aurrekontua onartu zuen udalbatzak. Guztira, 9.100.709 euro izango ditu udalak datorren urtean gastatzeko. Aurrekontu-proposamena EH Bilduren zazpi botorekin eta PSE-EEko zinegotzi bakarraren botoarekin onartu zen; EAJko lau zinegotziek, berriz, aurka bozkatu zuten.
Aurtengo aurrekontua baino % 5,8 handiagoa izango da datorren urtekoa, hau da, 496.608 euro handiagoa. 39 inbertsio aurreikusi dituzte 2027rako, eta, printzipioz, 742.365 euro bideratuko dituzte horretara. Hauek dira, besteak beste, aurrekontuan jasotako inbertsio nagusiak:
- Arratzaingo eskoletako irisgarritasuna: 100.210 euro.
- Lurrak erostea eta desjabetzeak: 59.000 euro.
- Espaloiak eta asfaltatze-lanak: 50.000 euro.
- Hirigintza-proiektuak: 50.000 euro.
- Agaraitz-Ubegun industrialdeko saneamendua: 48.000 euro.
- Txermin auzoa biziberritzeko proiektua: 40.000 euro.
- Flemingo obrak: 40.000 euro.
Amasa-Villabonako Udalaren webgunean jasota daude 2027ko aurrekontuaren xehetasunak. Udal-arduradunek nabarmendu dute etxez etxeko laguntzaren aurrekontua % 25,5 igoko dela; izan ere, 94.000 euro gehiago bideratuko dituzte etxean laguntza behar duten pertsonentzako zerbitzua indartzeko.
Aldi berean, etxebizitza-plana garatzeko asmoa du udalak, eta, horretarako, 45.000 euro jaso ditu aurrekontuan. Partida hori onartutako plana garatzeko eta ekintza zein neurri zehatzetan gauzatzeko erabiliko dute.
Bestalde, lorezaintza-zerbitzua indartu eta kale-garbiketa bereziak egingo dituzte 2027an. Horretarako, % 24 handituko dute aurrekontua. Tokiko merkataritzan eta establezimenduetan kontsumoa sustatzeko bonuak ateratzen jarraituko dute, halaber. Aurten baino 13.000 euro gehiago erabiliko dituzte horretarako, eta partida horren zenbatekoa % 22 handituko dute.