Virginia Ameztoi Lopez-Montenegro (Amasa-Villabona, 1972) artisauak Borbor izeneko espazio berria inauguratu berri du Villabonako Kale Nagusian, 29. zenbakian. Tindu naturalekin lan egiten du Ameztoik: oihalak, txapelak eta jantzi ugari eskuz tindatzen eta estanpatzen ditu, naturatik ateratako koloreekin. Azoketako esperientziaren eta etxean antolatutako ekimenen ostean, apustu egin du herrian bertan sustraitutako denda, erakusgune eta lantoki atsegin bihurtzeko. Pieza bakarren edertasuna, bertako sorkuntzaren garrantzia eta kontsumo kontzientearen balioa uztartzen dira denda berri honetan.
«Tindu naturalekin egindako lanak ditut; kalitatezko piezak, gehienak bakarrak eta bereziak»
Aspalditik izan duzu horrelako espazio bat sortzeko gogoa?
Naturalki etorri da, behar baten moduan. Azkenean, nire lanak erakusteko leku fisiko baten falta sumatzen nuen. Azokarekin ez nuen behar hori guztiz asetzen. Ez ninduen erabat erakartzen hemengo azoketako eszenatokiak, proposamenak, egiturak eta horrek guztiak. Orduan, pixkanaka-pixkanaka, ideia azaltzen hasi zitzaidan: ondo egongo litzateke leku fisiko bat edukitzea, jendeak zuzenean ikus dezan zer egiten dudan, nola egiten dudan eta zer dagoen nire lanaren atzean. Denda bada modu bat nire lan egiteko filosofia erakusteko. Premia bati erantzuten dio proiektu honek.
Etxean ere erakutsi izan dituzu zeure lanak.
Bai. Hasi nintzen etxean Gabonetan azokatxo bat muntatzen. Nire aitaren artelanak eta nire lanak erakusten nituen. Etxeko giroan jendeari etortzeko gonbita egiten nion. Niretzat garrantzitsua da modu informalean eszenatoki atsegin bat eskaintzea: beheko sua piztuta, salda batekin, etxeko giroan... Baldintza egokietan erakutsi nahi izaten ditut nire lanak, eta hortik ere badator dendaren beharra.
Argi zenuen Villabonan sortu nahi zenuela espazioa?
Ba hasieran ez nekien non eta nola. Jartzekotan, pentsatu nuen zentzu handiagoa zeukala gertu izateak. Inguruko herrietan, eta baita Villabonan ere, pauso bizian ari dira komertzioak ixten. Zergatik ez egin apustua herrian bertan? Jartzekotan nahiago nuen inguruari ekarpena egitea, herrian bertan zerbait eskaintzea.
Nola topatu zenuen lokala?
Nik beste lokal bati bota nion begia, baina lokal hark erreforma handia eskatzen zuen eta niretzat bideraezina zen. Momentu hartan lokal honetan BeKoop proiektua zuten martxan Lurgi eta Amets Zalakainek; ez denda moduan baizik eta estudio bezala, epe motz baterako ireki baitzuten. Halako batean Lurgik esan zidan, espazio hau libre geratuko zela urte hasierarako. Ikusi nuen lekua, kokapena, mugimendu dezenteko tokia zela, eta pentsatu nuen bideragarria izan zitekeela. Orduan, asko pentsatu gabe buru-belarri murgildu nintzen proiektuan.
Nola antolatu duzu espazioa?
Lagun batek lagundu zidan dekorazioarekin: argiak nola jarri, zer kendu, zer sobratzen zen… Espazioa eraldatu egin dugu. Asmoa zen espazio atsegin bat sortzea; garrantzitsuena gauzak polit ikustea zen, erakusketa zaindu batekin, egiten ditudan lanak erakargarri ager daitezen. Azken finean, sorkuntza-lekua atsegina izatea oso garrantzitsua da niretzat.
Eta hemen erdian dagoen zutabe hori, azalduko al didazu zer den?
Begira, hori Amasako Arantzabiko dolarea da. Baserrian erreforma bat egin dute; habeak eta egitura guztiak kendu eta berriak jarri dituzte, eta hauek hor zeuden gordeta. Galdetu nuen zein asmo zuten material horrekin, eta esan zidaten nahi banuen eramateko neuretzat. Esan nien primeran zetorkidala eta segituan hartu nuen habea. Pentsatu nuen goxotasuna eta ukitu interesgarria emango ziola espazioari. Garbitzen eta prestatzen lagundu zidaten, noski, pieza hori mugitzea ez baita txantxetako kontua.
Toki atsegina, polita eta erosoa sortu nahi izan duzu, sofa eta guzti.
Leku atsegin bat sortzea niri oso garrantzitsua iruditzen zait, bai argiztapen aldetik, bai espazio aldetik. Atsegina izatea zen nik gehienbat faltan botatzen nuena eta gehien interesatzen zitzaidana. Pixkanaka-pixkanaka herrian jendea ohitu behar da gauza berrietara. Gero, erakusleihoa ere espazio oso interesgarria iruditzen zait modu didaktikoan baliatzeko. Orain arroparekin dago, baina nire asmoa gehienbat da azaltzea nire lanaren prozesua: zein landare erabiltzen dudan, zein material darabilkidan, nolako itxura daukaten, eta oihalak tindatzeko erabiltzen diren elementuak zeintzuk diren. Erakutsi nahi dut tinduak nola erabili izan diren historian zehar, eta horiekin egindako laginak zein jantziak erakutsi. Lana nola egiten dudan erakustea iruditzen zait politena gainera, dibulgazioa egiteko baliatzea.
Eta tailerrak antolatzeko asmorik badaukazu hemen bertan?
Momentuz ez. Nire etxeko tailerrak ematen ditut, udaberrian eta udazkenean proposatzen ditudanak, hori bai. Hori egiten saiatuko naiz, eta kanpotik deitzen didatenean ere beti nago prest tailer bat emateko. Baina hemen, oraingoz, martxa hartu eta Gabonak pasatzea da asmoa; gero planteatuko dut nola jarraitu.
Artelanak ere ikusten ditugu dendan?
Bai, hala da. Artisten lanak erakusteko asmoa ere badut. Momentu honetan, irekierarako, Maddi Trutxueloren lana daukat, bere zianotipiak. Asko gustatzen zait Maddiren lana bere zianotipietan tindu naturalak ere erabiltzen baititu tonu bereziak lortzeko; beraz, nolabait, dendako nire lanekin osatzen da. Hiru hilean behin artista bat gonbidatuko dut bere lanak erakusteko. Erakusketa txiki moduko bat izango da, inaugurazio txiki batekin. Dinamika hori asko gustatzen zait; iruditzen zait horrelako denda batekin oso ondo uztartzen direla artelanak.
Zure aitaren artelanen bat ere ikusgai dago.
Bai. Koadro txiki bat ere jarria dut hemen. Ni agertzen naiz txikitan.
Zer topatuko dute dendan?
Hemen aurkituko dutena da artisau-lan bat, tindu naturalekin egindakoa: tindatutako eta estanpatutako oihalak, osagarriak, zapiak… Kalitatezko artikuluak dira, gehienak pieza bakarrak. Askotan nik neuk hazitako loreekin tindatutako oihalak erabiltzen ditut. Gauza bereziak dira, pieza bakarrak eta desberdinak. Zeta eta belusa erabiltzen dut, baina gauza berriak sartu nahi ditut pixkanaka-pixkanaka: aldatzen joan, prototipo berriak probatu, nola funtzionatzen duten eta nolako harrera daukaten ikusteko. Ideia berriak probatzeko leku perfektua da hau, dendan bertan ikusten baituzu emaitza; bestela oso zaila izaten da.
Ez da erakusgunea bakarrik, denda ere bada eta hemen jarritako guztia salgai izango duzu?
Hau denda bat da, komertzio bat. Lanak erakusteko espazio bat da, bai, hori argi dago, baina nire lanari irteera emateko sortu dut Borbor. Gainera, oso lagungarria egingo zait jendeak ikus dezan zer daukadan, zer egiten dudan... Haien iritziak entzunda, gero nora jo nahi dudan ere erabakiko dut. Bakarrik ari zarenean, eta zure lanak egunero aurrean dituzunean, zaila da hori guztia kontrastatzea. Jendearen iritzia ezagutzea inportantea da.
Dena den, zure tailerra etxean daukazu; ekoizpenarekin han jarraituko duzu ala hemen ere makinak jarriko dituzu?
Parte bat etxean ekoitziko dut eta beste parte bat hemen egingo dut: tindaketa neurri txiki batean, eta baita josi ere. Hemen atzean biltegi bat daukat, eta han badago tokia josteko makina pare bat jartzeko eta tindatzeko txoko bat sortzeko. Behin txoko hori egokitzen dudanean, nire asmoa da batez ere neguan lan hori bertan egitea.
Zein ordutegi izango du dendak, finkatuta daukazu jada?
Lehenengo asteetan oraindik lurreratzen ari naiz. Astelehenetan itxiko dut egun hori tailerrean edo etxean lan egiteko baliatzeko. Kantitate handiagoak egin behar baditut edo hemen egin ezin dudan beste prozesuren bat badaukat, etxean egingo dut. Larunbat goizetan ere irekitzeko asmoa daukat. Astean zehar ikusiko dut goizen bat edo arratsalderen batean itxiko dudan, oraindik ez dut guztiz erabaki. Momentuz lasai hartuko dut, jendeari denbora eman. Ni oso gustura nago, egia esan; banuen gogoa horrelako leku bat edukitzeko.
Harrera ona izan du lehen egun hauetan herrian?
Oso ona, egia esan, oso ona. Betiko ezagunak etorri zaizkit animoak ematera, beste batzuk espazioa ikustera, eta beste batzuk zerbait erostera ere animatu dira. Nekatuta nago, baina oso gustura, etapa berri honekin.
Dibulgazioa egiteaz gain, bertako artisautzaren aldeko kontsumo-ohiturak sustatzea ere bada helburua?
Ea kontsumo aldetik jendeak pixka bat txipa aldatzen duen eta kontsumitzeko beste modu batzuk ohitura bihurtu. Bertako diseinua eta artisautza balioestea inportantea da. Eta, gainera, zure azalean jartzen dituzun gauzak zaintzea ere funtsezkoa da. Oihal mota hauek guztiak biodegradagarriak dira, landareekin tindatuta daude, eta beste sentsazio bat ematen dizute gorputzean.
Eta Borbor izena, nondik nora sortu zen?
Hiztegian begiratu nuen eta halako batean ‘bor-bor’ hitza aurkitu nuen. Soinuak eta erritmoak erakarri ninduten. Azkenean, tindaketa prozesuan hemen gauza asko irakin egiten dira, kolore asko egosten dira: tipularen azalak, adibidez, kolore asko ematen du egosterakoan; anila edo indigoa ez da egosten, baina beste kolore asko uretan irakinez eta bor-borka lortzen dira. Gure lanerako ezin aproposagoa iruditu zitzaidan.