Julen Portillo umoregilea elkarrizketatuko dute Irrika aisialdi elkarteko kideek larunbatean, Galtzaundik antolatzen duen Sormenetik Gurera egitasmoaren barruan. Oraingoan Villabonan izango da hitzordua. Larunbatean 12:00etatik aurrera elkarrizketatuko dute umoregilea, Errebote plazan (Berdura plazan euria eginez gero).
Elkarrizketa arin eta freskoa egingo diote aisialdi elkarteko kideek, eta galderak formalak, informalak eta erronka dibertigarriak tartekatuko dituzte. Hain zuzen, egitasmo honen xedea da eskualdeko nerabeekin batera, nerabeentzat bideratutako saioak antolatzea. Aurtengoa seigarren edizioa izango da, eta Villabonako Irrika aisialdi elkarteko kideekin elkarlanean eta Villabonako Udalak lagunduta antolatu dute.
Zer da Sormenetik Gurera?
Tolosaldeko nerabeentzat erakargarria izango den eta protagonista bihurtuko dituen euskarazko kultur jarduera sorta eskaintzeko sortutako egitasmoa da. Eskualdeko eragileen arteko lankidetza sustatzea eta nerabeen arteko harreman sareak sortzea da proiektuaren helburua, baita euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bultzatzea ere. Bide batez, nerabeengan sormena sustatzea (antolaketa, ekitaldien kudeaketa…) eta euskarazko kultur eskaintza nerabeengana gerturatzea ere bada egitasmoaren xedea.
Hori horrela izan dadin, Irrika aisialdi elkarteko kideekin harremanetan aritu da Galtzaundi, eta esan du beren inplikazioa ezinbestekoa izan dela egitasmoa aurrera ateratzeko.