Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen lehenengo itzuliko bigarren saioa izango da larunbatean Eibarren, eta bertan izango da Oihana Iguaran Barandiaran amasarra. Berarekin batera, Alaia Martin Etxebeste, Asier Azpiroz Iztueta, Nerea Elustondo Plazaola, Nerea Ibarzabal Salegi eta Miren Artetxe Sarasola izango dira taula gainean. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Igotz Alkorta Irastorza zizurkildarra ariko da. Eibarko Ipurua kiroldegian izango da saioa, 17:00etan hasita.
Epaile lanetan, Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Estitxu Agirre Agirre, Karlos Ibarguren Olalde, Lur Renteria Maleta eta Mikel Beaumont Arizaleta ariko dira.
Eibarko saioko sarrera guztiak amaitu dira. Antolakuntzak, ahal dela, garraio publikoan joateko eskaria egin du, eta autoz joan behar dutenei, posible duten heinean, periferian aparkatzeko eta oinez zein garraio publikoz gerturatzeko gomendatu die. Izan ere, une horretan futbol partida izango da kiroldegiaren aldamenean dagoen zelaian.
Sarrerarik gabe geratu direnek aukera izango dute Bertsoa.eus-en, ETB 2 ON katean eta ETB ON plataforman zuzenean ikusteko. Horretaz gain, bertsozale elkartetik gogoratu dute Hitzetik Hortzera saioa igandeetan izango dela, 15:00etan, eta bertsoaldiak bertsoa.eus-en eskegiko dituztela, astelehenetan.
Larraun-Lekunberrin izan zen lehenengo saioa joan den larunbatean, eta Amets Arzallus Antia izan zen puntu gehien (746.5 puntu) bildu zituen bertsolaria. Beraz, zuzenean sailkatu da bigarren itzulira, eta Bilbon kantatuko du, abenduaren 5ean.