Danok Danena Halterofilia Klubak emaitza bikainak lortu zituen joan den asteburuan Oviedon jokatutako 15 urtez azpiko Espainiako Txapelketan. Guztira, bederatzi domina eskuratu zituzten klubeko halterofiloek: urrezko sei eta brontzezko hiru.
Ander Rodriguezek eta Eneko Mesak lortu zituzten emaitza nabarmenenak. Espainiako txapeldun izan dira, norbere kategorian: Rodriguez 75 kilokoan eta Mesa 70 kilokoan. Hiruna urrezko domina lortu dituzte biek, hiru modalitateetan izan baitira onenak: abiadan, bi denboratan eta total olinpikoan. Bestetik, 85 kilokoan, Jokin Ortiz de Muruak brontzezko domina bana lortu zuen bi denboratan eta total olinpikoan, eta Christian Agbons ere hirugarren izan zen, baina abiadan.
Emaitza horiei esker, txapelketan nabarmendutako klubetako bat izan zen Danok Danena. Klubak adierazi duenez, «maila lehiakorra» berretsi du harrobiak. «Lortutako dominak gazteekin egiten dugun prestakuntza-lanaren eta kirolarien eguneroko ahaleginaren isla dira, eta gure kirol-proiektuaren sendotasuna eta etorkizunera begirako ilusioa indartzen dituzte», gaineratu dute.
Danok Danenak txapelketan parte hartu duten klubeko halterofiloak, entrenatzaileak eta haien familiak zoriondu ditu, «egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik», eta bereziki azpimarratu du horien guztien konpromisoa eta lana, «ezinbestekoak baitira halterofilo gazteen garapenean».