Donostiako antzerki eskolan ikasketak egin ondoren, Gaizka Sarasua Sorondok (Villabona, 1995) egin ditu lehenengo lanak antzerkian, telebistan eta baita zineman ere. Bakarrizketalari gisa, duela zenbait hilabete hasi zen. Bihar du estreinako aldia, ordea, herrikideen aurrean.
Ostiralean etxean ariko zara, Villabonan. Gogoz al zaude?
Gogo handiz eta ilusioz nago. Etxean jolasteak ilusio berezia egiten dit, baina urduritasun puntu bat ere badaukat. Lehenengo aldia izango da herrian bakarrizketa bat eskaintzen dudana.
Aktore gisa ezagutzen zaitugu, baina noiz hasi zinen bakarrizketen munduan?
Duela hiru urte inguru hasi nintzen. Donostian bakarrizketak sortzeko ikastaro bat egin genuen, eta hortik hasi nintzen lehenengo testuak idazten eta plazetan eskaintzen.
Zer eskaintzen dizu formatu honek aktore gisa?
Bakarrizketa idaztea sorkuntza-prozesu bat da. Gainera, aktore baten lana askotan intermitentea izaten da; beraz, horrelako prozesuetan murgilduta egoteak laguntzen dizu sorkuntzari eusten. Oso aberasgarria da, eta oso ondo etortzen da.
Zure bakarrizketetako testuak zuk zeuk idazten dituzu, beraz.
Bai, bai. Nire kontura idazten ditut; ez diot AAri eskatzen [barrez]. Denbora asko eskaintzen diot idazteari, eta gero, ahal denean, jendaurrean probatzen ditut testuak, ikusteko nola funtzionatzen duten.
Zein gai lantzen dituzu normalean?
Aktore gisa asko gustatzen zait irudiekin jolastea. Zerbait esaten dudanean, entzuleari irudi jakin bat etortzea burura eta irudi horrekin jolastea gustatzen zait.
Bakarrizketa batek beti izan behar al du umoretsua?
Umoreak kolore asko ditu. Nire umorea, uste dut, nahiko zuria dela.
Jendaurrean bakarrik agertzeak ez al dizu bertigoa ematen?
Bertigo ikaragarria ematen du. Antzerkian eta beste lan batzuetan ere aritu naiz, eta oholtzara igotzera ohituta nago, baina bakarrik egoteak badu berezitasun bat. Hasieran urduri jartzen naiz, eta lehenengo barreak entzun arte ez naiz lasaitzen.
Ostiraleko saioa bakarrizketa probalekua izango da. Beste hainbat tokitan ere egin dituzue horrelakoak. Zer esan nahi duzue probalekua esatean?
Probalekua da bakarrizketalariok idatzi ditugun testuak jendaurrean probatzeko gunea. Ez da dena erabat landuta eta itxita dagoen ikuskizun bat. Testu bat, txiste bat edo bloke bat kontatu, eta ikusten duzu nola funtzionatzen duen jendaurrean. Horrela, entzuleen erantzunaren arabera, testua lantzen eta hobetzen joan zaitezke.
Zuk ostiralean eskainiko duzuna berria izango da?
Bai. Ia dena berria da; % 95 inguru, esango nuke. Segur aski, Villabonan bertan jaio eta hilko den bakarrizketa izango da.
Ez duzu gehiagotan eskainiko?
Ez dut spoilerrik egin nahi, baina aurreratuko dut Villabonan izanda bertako erreferentziak erabiliko ditudala. Saio honetarako zerbait berezia egin nahi nuen, eta herriari buruz hitz egitea bururatu zitzaidan.
Ez ahal zaizu inor haserretuko.
Ez dut uste. Nire asmoa jendeari barre eginaraztea da eta denok ondo pasatzea.
Ezagutzen dituzu ondoan izango dituzun bakarrizketalariak?
Bai, hirurak ezagutzen ditut. Xabinekin eta Erikekin bakarrizketa-saioetan aritu izan naiz; Leorekin, berriz, ez dut oholtza gainean ezer partekatu, baina ikusi izan dut.
Eta nolako bakarrizketagileak dira?
Munduko onenak dira. Ni baino askoz hobeak dira [barreak]. Oso jende jatorra eta profesionala dira, eta bakoitzak bere umorea dauka. Saio hauetan oso interesgarria da hainbat umore mota elkartzea.
Elkarrengandik ikasten duzue? Trikimailuak partekatzen dituzue?
Bai, noski. Bakarrizketen munduan, gure artean ere ideiak eta iritziak partekatzen ditugu. Batzuetan, txiste bati buruz hitz egiten dugu, nola planteatuko genukeen edo nola landuko genukeen. Ez dago horrenbesteko konpetentziarik; ahal dugun neurrian, elkarri laguntzen diogu.
Badago iraupen perfekturik bakarrizketa baterako?
Bakarrizketa mota desberdinak daude, baina probalekuan lau lagun aritzen garenean, bakoitzak 15 minutu inguruko tartea izaten du, batzuetan 15-20 minutu. Denbora hori egokia da gai bat lantzeko. Dena den, txiste txar batek ere minutu batean funtziona dezake ordu laurdeneko bloke oso batek baino hobeto.
Azkenaldian modan jarri dira publikoarekin interakzio handia duten bakarrizketak. Zuek ere erabiltzen duzue formatu hori?
Gure kasuan, normalean, bakoitzak bere testua lantzen du etxean, eta gero probalekuan probatzen dugu. Badira publikoarekin interakzioa lantzen duten formatuak ere, baina guk, oro har, gure testuak prestatu eta jendaurrean probatzen ditugu.
Taberna edo horrelako espazioak egokiak al dira bakarrizketak egiteko?
Niri oso aukera ona iruditzen zait. Tabernan jendea lasai egoten da, trago bat hartzen, eta ez dago hainbesteko tentsioarekin. Entzuleak beste jarrera batekin etortzen dira, eta horrek giro atsegina sortzen du.
Antzoki bat baino nahiago dituzu horrelako espazioak?
Bai, printzipioz bai. Antzokietan ere egin daitezke bakarrizketak, noski, baina tabernetako giroa gustatzen zait.
Aktore gisa, zer proiektu dituzu esku artean?
Une honetan, Kalte kolektiboarekin sorkuntza-prozesu batean ari gara. Horrez gain, ikus-entzunezkoetan ere aritzen naiz. Urtarrilean estreinatuko den El confidente pelikulan parte hartu dut, eta Irabazi arte telesailean ere bai. Hor ikusiko nauzue.
Amaitzeko, nola animatuko zenuke jendea ostiraleko saiora gerturatzera?
Mundu guztia animatuko nuke etortzera. Sarrera doakoa da, eta ostiralean, 20:30ean, aukera ederra izango da asteko nekeak alde batera utzi eta asteburua barrez eta ondo pasatuz hasteko. Giro ederra izango da.