Gizarte-integratzailea da Paola Neyra (Lima, Peru, 1987), eta Renata Olceserekin batera ariko da Villabonako gela balioaniztunean, migrazio-doluari heltzeko antolatutako saioetan. Azaroaren 4an eta 6an izango dira saioak, 17:00etatik 19:00etara, udaletxeko balio-anitzeko gelan.
Nola definituko zenuke migrazio-dolua?
Migrazio-dolua dolu partziala da, ez osoa. Bizi izan zaren lurraldea galtzeak eragiten duen mina da. Dolu mota asko daude, eta migrazio-dolua da horietako bat. Nahiz eta zuk erabaki zeure jatorrizko herrialdea uztea, horrek ez du esan nahi dolua biziko ez duzunik. Galera hor dago: familia eta lagunak uzten dituzu, askotan zeure gizarte-estatusa ere bai...
Migratzen duten pertsona guztiek bizi dute dolua?
Nik esango nuke, neurri handiagoan edo txikiagoan, migratzaile guztiek bizi dutela migrazio-dolua. Gertatzen dena da dolu horiek, migrazio-prozesuaren arabera, sinpleagoak edo konplexuagoak izan daitezkeela. Baldintzak aldekoak badituzu, migrazio-prozesua segurtasunez egin baldin baduzu, etxebizitza bat, lana eta bizileku-baimena badituzu, dolua biziko duzu, baina baliabide gehiago izango dituzu horri aurre egiteko.
Zoritxarrez, migrazio-prozesu guztiak ez dira baldintza horietan egiten. Gerratik, pobreziatik eta jazarpen motaren batetik ihesi datozenek aukera handiagoa izango dute dolu-prozesu konplexuagoa bizitzeko.
Ezaguna al da migrazio-dolua?
Guk Villabonan antolatu dugun topaketarekin fenomeno horri izena jartzen lagundu nahi dugu. Pertsona askok ez dakite sentitzen duten horrek izena duela eta ez zaiela beraiei bakarrik gertatzen. Duela gutxi arte ez zen dolu mota gisa bereizten; 2002an hasi ziren Ulisesen sindromeaz hizketan. Gure helburua gertatzen ari zaigunaz hitz egiteko espazio bat sortzea da. Uste dut garrantzitsua dela emozioei izena jartzea eta egoeraz jabetzea. Funtsezkoa da migratutako pertsonen osasun emozionalerako eta mentalerako.
Faseak bereiz daitezke dolu mota honetan ere?
Bai. Hainbat fase igarotzen dituzu: eztei-bidaiaren fasea, fase depresiboa, egokitzapena... Iritsi berritan, dena iruditzen zaizu ederra, eta ilusioz bizi duzu guztia. Gero, ordea, errealitatearekin egiten duzu topo, eta dena kolpean etortzen zaizu gainera. Lagunak eta familia faltan botatzen dituzu, eta ez dakizu noiz itzuli ahal izango zaren zure jatorrizko herrialdera. Gainera, askotan, zeure buruari jarritako helburuak ez dira imajinatzen zenituen bezain erraz lortzen.
Nola identifika dezake migratzaileak dolua konplikatzen ari dela?
Sintoma asko ager daitezke. Dolu-prozesuan lagundu izan diedan hainbat emakumek kontatu didate bakardadea eta isolamendua bizi dituztela, eta gauzak egiteko ilusioa galtzen dutela. Tristura sakona aipatzen dute askok, hori izaten da ohikoena. Emozio horiek behar bezala lantzen ez badira, baliteke mina beste modu batera bideratzea; adibidez, gehiegi eta modu konpultsiboan janez.
Zer-nolako erremintak ematen dituzue tailer hauetan?
Hitz egiteko espazio bat ematen diegu; huskeria dirudien arren, euren egoeraz ahoz gora hitz egiteak asko laguntzen die. Hala ere, dolu-prozesuak zailtzen direnean, beti laguntza terapeutikoa gomendatzen dugu. Kontziente gara migratzaile guztiek ez dutela horrelako terapia bat jasotzeko aukerarik. Kasu honetan, laguntza jasotzeko beste bide batzuk ere egon daitezke: tokian tokiko emakumeen etxeak, migratzaileen elkarteak, udaletako gizarte-langileak... Azken batean, leku berrira zoazenean sarea sortzea da garrantzitsuena. Harremanak eta loturak sortuz gero, bakardade-sentsazioa arindu dezakegu. Guk beti gomendatzen dugu kultur jardueretara joatea, tailerretan izena ematea eta kultur ekitaldietan parte hartzea... Hori diot, baina badakit migratzaile batzuek ez dutela ezertarako astirik, eta eguneko ordu gehienak lanean pasatzen dituztela. Ez dute tarterik ere hartzen beren egoeraz hausnartzeko.
Euren jatorrizko herrialdearekin lotura mantentzea onuragarria da?
Bai, noski. Ezinbestekoa da pertsona migratu batentzat. Azken batean, bere jatorrizko herrialdea bere historiaren eta esentziaren parte da. Hala ere, kontuz ibili behar da, lotura hori mantentzeak dolua etengabe irekita edukitzera eraman zaitzakeelako. Askotan ikusten da hori, jatorrizko herrialdera bidaia egin eta hona itzultzean, zauria berriro irekitzen zaio migratzaileari. Horregatik komeni da arreta jartzea.
Migratzaileak ez diren pertsonek nola lagun dezakete horrelako prozesu batean?
Asko laguntzen du pertsona horrekin egoteak: kafe bat hartzea, paseatzera joatea... Migratutako pertsonaren istorioa entzutea funtsezkoa da. Hemengo jendeak aholkuak emateko ohitura du, baina hori baino askoz lagungarriagoa da migratutako pertsonaren ondoan egotea eta hari entzutea. Guk antolatu izan ditugun saioetara, adibidez, askotan etorri izan zaizkigu hezitzaileak. Euren ikasleek bizi duten egoera hobeto ulertzen laguntzen diete saioetan parte hartzeak.