Lehiaketa

Bideo lehiaketaren sari banaketa ekitaldia izango da ostiralean

ATARIAk antolatu duen Tolosaldea Zure Ahotik Bideo Lehiaketaren irabazleak jakingo dira etzi, ostiralean, Villabonako Subijana etxean egingo den ekitaldian.

Tolosaldeko gazteek eskualdea nola irudikatzen duten ikusi asmoz, Tolosaldea Zure Ahotik Bideo Lehiaketa jarri zuen martxan ATARIAk, Laboral Kutxaren laguntzarekin, ikasturte berria hastearekin batera. Harrera oso ona izan du ekimenak, eta eskualdeko 12 eta 18 urte bitarteko gazte ugarik hartu dute parte, hiru laguneko taldeetan banatuta. Jasotako lanen artean nabarmendu direnak ezagutzera emateko sari banaketa ekitaldia egingo da etzi, ostiralean, Villabonako Subijana etxean, 18:00etan hasita.

Jasotako bideo guztiak ATARIAren webgunean daude, bideo lehiaketaren atalean. Gazteek Zer diozu Tolosaldeaz? galderari erantzun behar izan diote ikus-entzunezko baten bidez. Askotariko lanak egin dituzte, ikuspuntu desberdinetatik jorratuak, eta teknika mota ugari erabiliz. Eskualdea gastronomiari begira deskribatu dute hainbatek, festak erdigunean jarri dituztenak izan dira, eta baita historiari eta kulturari begira jarri direnak ere. Gazteek beraz, sormenerako duten gaitasuna erakutsi dute.

Azken bi asteetan publikoaren sarirako bozkatzeko aukera izan da. Puntu gehien lortu duen taldekide bakoitzak 40 euroko bonua jasoko du tokiko merkatari elkarteetako edozein dendatan erabiltzeko, eta baita ATARIAko materiala ere. Beste bi sariak adinaren arabera bereiziko dira. Batetik, 16 eta 18 urte bitartekoen saria egongo da. 400 euroko bonua jasoko du epaimahaiak aukeratutako lana aurkeztu duen taldekide bakoitzak, tokiko merkatari elkarteetako dendetan erabiltzeko. Bestetik, 12 eta 15 urte bitartekoen artean epaimahaiak aukeratutako lana aurkeztu duen taldeko kide bakoitzak 300 euroko bonua jasoko du –hau ere, eskualdeko tokiko merkatari elkarteetako dendetan gastatzeko–.

Aipatu moduan, sari horien izenak jakiteko Villabonako Subijana etxean etzi egingo den sari banaketa ekitaldira itxaron beharko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!