Tolosaldeko Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte eskualdeko hainbat herritan —irudian, Amasa-Villabona eta Zizurkil lotzen dituen oinezkoen zubian— salatzeko Angelun 19 urteko emakume batek bere buruaz beste egin duela gizon batek bortxatu ondoren.
Azaldu dutenez, «gertakari honek indarkeria matxistak emakumeon* bizitzetan eta ongizatean dituen ondorioez hausnartzera behartzen gaitu, baita indarkeria horren adierazpenak eta ondorioak aztertzeko beharra ere». Esan dute, ez dutela emakumearen heriotza indarkeria matxistaren testuingurutik kanpo ulertu nahi, eta gertatutakoa aztertzeko eta emakumeon* bizitzetan indarkeria matxistak duen eragina erdigunean jartzeko beharra azpimarratu dute.
Indarkeria matxistak aurpegi eta ondorio ugari dituela esan dute. «Sistema zisheteropatriarkalak emakumeon* bizitzak baldintzatzen ditu, gure gorputzen eta erabakien gaineko kontrola ezarriz. Indarkeria matxistak gure bizitzetan eta ongizatean eragiten du, eta ezinbestekoa da haren adierazpenak eta ondorioak ikuspegi feministatik aztertzea. Emakumeon* bizipenak, sufrimendua eta bizitzeko baldintzak erdigunean jarri behar ditugu, indarkeria horren errealitatea ulertu eta hari aurre egiteko».
Era berean, gogor salatu dute hainbat hedabidek gertakariaren inguruan izandako jarrera: «Emakumeen aurkako indarkeria arrazakeria eta diskurtso xenofoboak zabaltzeko baliatzen ari dira. Ezin da emakumeon mina eta sufrimendua gorrotoa hauspotzeko erabili. Hedabideei exijitzen diegu erantzukizunez joka dezatela, indarkeria matxistaren larritasuna erdigunean jar dezatela eta arrazakeria normalizatzeari utz diezaiotela».
Bestalde, erakundeei erantzukizunez jokatzeko eskatu diete: «Erakunde publikoek ardura dute indarkeria matxistaren aurrean prebentzioa, arreta integrala eta laguntza egokia bermatzeko. Horrek, sexu-indarkeria salatzen duten emakumeen beharrak erdigunean jartzea eskatzen du, laguntza, psikologikoa eta soziala eskuragarri izatea eta prozesu osoan zehar babesa eskaintzea. Emakume gazteak salatutako sexu-indarkeriaren aurrean, zer arreta eta babes eskaini zitzaizkion argitzea eta emakumeen beharrei erantzuteko baliabideak bermatzea eskatzen dugu. Ez da nahikoa indarkeria gaitzestea: baliabideak, arreta eta benetako konpromiso politikoa behar dira».
Gizonezkoei euren erantzukizuna hartzeko exijitu diete: «Indarkeria matxista ez da emakumeon* arazoa; egiturazko arazoa da, eta gizarte osoari dagokio horri aurre egitea. Zuen isiltasuna konplizitatea da. Interpelazio zuzena egiten dizuegu: apurtu itun patriarkalak, utzi gure bizitzak kontrolatzeari eta hasi zuen pribilegioak eta indarkeria mekanismoak deseraikitzen. Erantzukizuna zuen gain dago».
Esan dute erantzun kolektiboa dela euren indarra. «Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik, erailketa matxisten aurkako gure protokoloa aktibatu dugu, gertakari honen aurrean erantzun kolektiboa antolatzeko. Emakume gazte honen heriotzak indarkeria matxistaren errealitateaz eta emakumeon* bizitzetan dituen ondorioez hausnartzera eta erantzun feminista artikulatzera garamatza. Protokoloaren aktibazioaren bidez, gertakari hau ikuspegi feministatik kokatu eta indarkeria matxistaren aurkako borroka kolektiboa indartu nahi dugu. Gure indarra antolakuntzan, elkartasunean eta kaleetan dago».
Amaitzeko, esan dute emakumeen bizitzak eta ongizatea erdigunean jartzen dituen gizartea eraiki nahi dutela, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aitortu eta horiei erantzuteko gai izango dena. Horregatik, antolatzen eta borrokatzen jarraituko dutela azaldu dute, «emakumeon* askatasuna eta bizitza duina defendatzeko».