Jende ugari bildu zen atzo Villabonako Errebote plazan; errebote partida bat ikusteko aspaldian izan duen itxura onena izan zuen. Ikusmina handia zen, eta ez zen gutxiagorako. Etxeko taldeak 63. Enrike Abril txapelketako finala jokatu behar zuen, eta herritarrek nahiz inguruko pilotazaleek ez zuten huts egin.
Erronka, ordea, oso handia zen. Iaz, txapeldun izan zen Donibane Lohizuneko Luzean taldea zen aurkaria. Partida polita eta borrokatua izan zen, batez ere hasieran, hirunako berdinketara arte. Ondoren, ordea, bost joko jarraian egin zituen Luzeanek, eta markagailuan alde handia ateratzea lortu zuen. Beñat Iraola Behar Zanako jokalariak aitortu du «zaila» izan zela hasierako erritmoa mantentzea.
Azken txanpan joko bat gehiago besterik ez zuen egin Behar Zanak, eta azkenean, beste bost joko jarraian egitea lortu eta alde handiarekin irabazi zuen talde lapurtarrak: 4-13. Finala galdu arren, aintzat hartzeko lana egin du Behar Zanak. «Oso gustura gaude txapelketan egindako ibilbidearekin», esan du Iraolak.
Sariak banatu aurretik, urte luzez errebote sailean laguntzaile eta epaile izan den Xabier Luisaren lana aitortu zuen Behar Zana Pilota Elkarteak, eta oroigarri bat eman zion.
Sari banaketako argazkiak: Mapa Arkitektura.