Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026

Oihana Iguaran hurrengo fasean izango da

Tolosaldeko Ataria

Aguraingo saioan erabakita geratu zen hurrengo fasean izango diren bertsolariak.

Lehenengo faseko zazpi saio jokatu ostean, zehaztuta geratu da zein bertsolari izango diren finalaurrekoen lehenengo itzulian.

Agurainen jokatu zen atzo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehenengo faseko azken saioa. Nerea Elustondo nagusitu zen, eta beraz, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara.

Hain justu, atzoko saioa eta gero, erabakita geratu da zeintzuk kantatuko duten finalaurrekoen lehenengo itzuliko lau saioetan. Lehenengo faseko saio bakoitzeko zazpi irabazleak zuzenean pasatu dira hurrengo fasera; irabazleez gain, puntu gehien batzea lortu duten hurrengo hamar bertsolariak ere igaro dira finalaurrekoetara.

Hori kontuan izanda, 24 bertsolari lehiatuko dira finalaurrekoetako lehenengo itzulian: izena eman duten 2022ko zazpi finalista eta lehenengo faseko saioetatik sailkatu diren 17 bertsolari.

Horietatik bi eskualdekoak izango dira: Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaran. Mendiluze duela lau urte finalean izan zen, eta horregatik finalaurrekoen lehen itzulian sartuko da txapelketan. Gernika-Lumon kantatuko du azaroaren 7an. Iguaranek, berriz, Donapaleuko saioan kantatu zuen, eta bigarren egin zuen. 672.5 puntu lortu zituen, eta horri esker izango da hurrengo fasean. Eibarren izango da, urriaren 31n.

Hurrengo lau saioak, Larraun-Lekunberrin, Eibarren, Miarritzen eta Gernika-Lumon jokatuko dira.

Urriak 24 | Larraun-Lekunberri

Gai-jartzaile lanetan Aizpea Garmendia Iartza arituko da.

Urriak 31 | Eibar

Igotz Alkorta Irastorza izango da saioko aurkezlea.

Azaroak 7 | Gernika-Lumo

Igor Menika Bengoetxea izango da saioko gai-jartzailea.

Azaroak 14 | Miarritze

Ainhoa Larretxea Agirrek gidatuko du saioa.

Saio guztiak 17:00tan hasiko dira, eta sarrerak eskuragai daude Bertsosarrerak.eus atarian. Finalaurrekoetako saioak ETB 1 ON katean zuzenean emango dira. Horretaz gain, orain arte bezala, Hitzetik Hortzerako saioak igandeetan izango dira, 15:00etan, eta bertsoaldiak Bertsoa.eus-en eskegiko dira, astelehenetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!