Behar Zanak 63. Enrike Abril Txapelketako finala jokatuko du

Josu Artutxa Dorronsoro

Goizeko Izarra eta Behar Zana taldeetako jokalariak. KARLIS MEDRANO

Amasa-Villabonako taldeak txapelketa irabazi dezake etxean, Donibane Lohizuneko Luzean taldearen aurka; Errebote Plazan izango da finala igandean, 10:30ean hasita.

Amasa-Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteko errebote modalitateko taldea 63. Enrike Abril Errebote Txapelketako finalera sailkatu da. Igandean, 13-10 irabazi zion Donibane Garaziko Goizeko Izarra taldeari Errebote Plazan jokatutako finalerdian.

5-1 galtzen hasi zen etxeko taldea. Hala ere, tentsio bera mantendu eta borrokan jarraitu zuten taldeko jokalariek. Beñat Iraola da horietako bat. Nabarmendu duenez, erreboteko partidak «oso luzeak» izaten dira. Bederatzina berdintzea lortu zuen Behar Zanak, eta azkenean, etxean geratu zen garaipena. Iraolak gaineratu du finalerdian giro polita izan zela Errebote Plazan, eta hori eskertzekoa dela. «Ez da modalitate ulerterraza, baina ikusle ugari biltzen da Villabonan, eta asko gozatzen dute», adierazi du. 

Finala ere Villabonan jokatuko du. Igandean izango da, 10:30ean, eta Donibane Lohizuneko Luzean taldea izango du aurkari. Lapurtarrek 13-3 irabazi zien Kanboarrak taldeari beste finalerdian. 2021eko finala errepikatuko da, beraz. Orduan, lapurtarrak nagusitu ziren. Final «oso gogorra» aurreikusi du Iraolak. «Luzeanek askotan irabazi du txapelketa. Hala ere, gure jokoa egin eta irabazten saiatuko gara. Finala jokatzea berezia bada, herrian jokatzea are bereziagoa», esan du. Behar Zanako kideak «oso gustura» daude, ez zutelako aurreikusi finalera sailkatzea.

Finala jokatuko duten pilotariak:

Behar Zana:

  • Jon Larronde
  • Beñat Iraola
  • Aratz Luixa
  • Eñaut Oñate
  • Unai Zufiria

Luzean:

  • Fredo Karrikaburu
  • Toni Prajt
  • Inaki Mendiola
  • Rafael Ehyeramuno
  • Peio Hiriart

Elkarte bizia

Iraolak aitortu du «txapelketa berezia» dela Enrike Abrilen oroimenezkoa. «Errebotea bizirik mantentzeko eta gazteak erakartzeko helburua du, zaila baita modalitate honetan aritu nahi duten pilotariak topatzea». Aurten, ordea, bi taldekide berri ditu Behar Zanak: Unai Zufiria eta Eñaut Oñate sakalari gazteak. Lehen aldiz ari dira jokatzen txapelketa.

Behar Zanako kideak nabarmendu duenez, erreboteko jokalariez gain, elkarteko kide askok lan egiten dute kantxatik kanpo txapelketa aurrera ateratzeko. «Ezkutuko lana egiten dute. Hori dela eta, txapelketako emaitzak denonak dira, jokalarionak zein bestelako lanetan aritzen diren elkarteko kideenak», esan du.

Urbietarrak, Valentzian

Larunbatean, Behar Zanako Jon eta Xabier Urbieta Otaegik asteburuan zehar Montserraten (Valentzia) jokatu den joko zuzenetako Champions de Llargues de Clubs txapelketan parte hartu zuten, Gipuzkoa taldean. Pilota valentziarraren modalitate tradizionaletako bat da llarguesa, bote luzearen parekoa. Andoni eta Ibai Urbieta oiartzuarrekin eta Iñaki Azkoitia azkoitiarrarekin osatu zuten Gipuzkoa taldea.

Lehen fasean, ligaxkako bi partidak galdu zituzten: 8-4 Valentziako La Rectoria taldearen aurka, eta 8-2 Frantziako Paume Maubeugeoiseren aurka. Ondorioz, multzoko hirugarren izan ziren, eta ez zuten aurrera egin txapelketan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!