Amasamendi Bizirik elkarteak agerraldia egin du gaur, Premier ESPF Renovables S.L. enpresak Amasamendin bi aerosorgailu eraikitzeko aurkeztutako proiektuari ezezkoa emateko. Bide batez, herritarrak animatu ditu proiektuaren aurkako alegazioak sinatzera. Azaroaren 4ra bitartean, hainbat herritan jarriko dituzte alegazioak sinatu ahal izateko postuak.
Plataformak hainbat ekintza egingo ditu datozen asteetan, proiektuak mendietan izango lituzkeen kalteak ezagutarazteko eta, aldi berean, makroproiektu horien atzean dagoen eredu energetikoaren logika azaleratzeko.
Bide batez, Villabonako Udalari koherentziaz jokatu eta enpresarekin harremanak behin betiko eteteko eskatu diote. «Proiektuak eragingo dituen kalteez jakitun bada, erabil ditzala dituen eskumenak behingoz proiektuari bidea ixteko», esan dute.
Amasamendi Bizirik taldeko kideek azpimarra egin dute proiektuak mendietan eta ingurunean izango lituzkeen ondorioetan, eta onartezintzat jo dituzte. Are argiago ikusten dute proiektuak eragingo lukeen kaltea, enpresak Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren aurrean aurkeztu duen dokumentazioa aztertuta.
Plataformako kideek aipatu dute bi aerosorgailu horiek ez liratekeela izango elementu isolatuak. Esan dute haize-errotak eraikitzeak eta martxan jartzeak eragin zuzena izango lukeela mendian. Aerosorgailuetara iristeko aurreikusten dituzten sarbideak Amasako herri-bidea zeharkatuko luke. «Eraikuntza lanetarako beharrezko materiala eta makineria garraiatzeko, bidean hainbat egokitzapen eta zabalgune egin beharko lirateke. Erraz aurreikus daitezke horrek eragingo lituzkeen lur-mugimenduak, desjabetzeak eta, oro har, paisaian izango lituzkeen ondorioak».
Bereziki kezkagarria iruditzen zaio Amasamendi Bizirik elkarteari proiektuak biodibertsitatean, habitatetan, espezieetan eta ekosisteman izango lukeen inpaktua. «Gipuzkoako Foru Aldundiko txosten batek dioenez, babestutako hainbat espezieri eragingo lioke egitasmoak: arrano beltzari, sai zuriari, miru gorriari, sai arreari edo saguzarrei, esate baterako».
Gogoratu dute, bestalde, argindar-sarearekin lotzeko aurreikusitako linea elektrikoa Hernaniraino iritsiko litzatekeela, eta, beraz, bide horretan hainbat lur desjabetu beharko lituzketela, abeltzain eta nekazarien interesak kaltetuz eta ingurunea suntsituz. Gaurko agerraldira Hernaniko, Andoaingo, Urnietako eta inguruko herrietako hainbat herritar batu dira.
Antolatzeko deia
Amasamendi Bizirikek dei egin du trantsizio ekologikoaren izenean «inposatu» nahi dituzten makroproiektuen aurka borrokatzeko. «Mobilizatzen eta presioa egiten jarraituko dugu, proiektu hau behin betiko bertan behera gera dadin. Ez dugu onartuko gure mendiak eta ingurunea interes ekonomiko pribatuen mesedetan suntsitzea. Ez Amasamendin, ez inon. Horregatik, lurraren eta gure mendien defentsan, eta makroproiektu eolikoen aurka, antolatzen, mobilizatzen eta borrokatzen jarraituko dugu».
Alegazioak sinatzeko honako deialdiak egin ditu plataformak:
- Asteazkenetan, Amasako plazan, 18:00etatik 19:00etara.
- Ostegunetan, Malkar plazan, 18:00etatik 20:00etara.
- Larunbatetan, Malkar plazan, 11:30etik 13:30era.
Gainera, zenbait egun berezitan hainbat herritan jarriko dituzte postuak. Esate baterako, urriaren 4an, Lazkaoko Kilometroetan, goizez, eta Urnietako sanmigeletan, arratsaldez; urriaren 11n, Anoetako Euskal Jaian eta Zizurkilgo Azoka Berezian; urriaren 31n, Tolosako Azokan; eta azaroaren 1ean, Amasan.