Lau urte atzera egin zuen jauzi arlo profesionalera Unai Lizarza (Amasa-Villabona, 1996) bideogileak. Diseinu grafiko ikasketak egin zituen Donostian, eta bere kabuz ikasi du bideoak grabatzen zein editatzen. Zaletasun moduan lehen bideoak bere buruari grabatu zizkion, pianoa jo bitartean; hortik, lagunen musika taldeentzako bideoklipak egiten hasi eta gaur egun bideogintza du ogibide. Mota askotako bideoak ekoizten ditu, hainbat estudiorentzat egiten du lan, eta berriki oholtzako pantailetan erabiltzeko irudiak egin ditu ETS taldearentzat. Ibilbideaz, egunerokoaz eta, oro har, bideogintzaz aritu da; eta irribarrez kontatu du amak txikitatik grabatu izan dizkiola bideoak, eta agian hortik datorkiola zaletasuna
Nolakoa da bideogile baten egunerokoa?
Egunero ezberdina izaten da. Egun bat pasatu dezakezu osorik etxean grabatutako materiala editatzen; edo, aurkakoa, egun osoa kanpoan pasatu filmatze lanetan. Ona da gai ezberdin pila bat ukitzeko aukera ematen dizula, eta ez du ematen astirik aspertzeko ere. Bideoklip bat egiten duzu artista batentzat, gero dokumental bat egiten duzu ez dakit non... Oso aldakorra da, eta ez daude bi egun berdin-berdin. Polita da hori.
Nondik datorkizu zaletasuna?
Diseinu grafikoa ikasi nuen Donostiako Ceinpro ikastetxean, erdi eta goi maila egin nituen. Hortik Loreak Mendian arropa etxean aritu nintzen lanean, diseinatzaile. Pandemian, ordea, lana bukatu zitzaidan, eta etxean hasi nintzen bideoen hainbat proba egiten, gustatzen zitzaidalako. Nire amak txikitatik grabatu izan dizkigu bideoak, eta jasota daukagu dena. Agian hortik ere badatorkit zaletasuna.
Tutorialak ikusten hasi nintzen, eta horrela gauza txikiak egiten: neure burua grabatzen pianoa jo bitartean... Halako batean Onki Xin musika taldea jarri zen nirekin harremanetan, lagunak dira eta bideoklip bat egin nahi zuten. Eta hor hasi nintzen pixka bat abiada hartzen: lagunei bideoklipak egin eta pixkanaka ahoz ahokoarekin-eta... Zaletasun bezala hasi zen, eta lana bihurtu da; sekulakoa da hori.
Bideogintza, hortaz, zure kabuz ikasi duzu.
Hori da, bai. Esan bezala diseinu grafikoaren inguruko ikasketak egin nituen, baina bideogintza nire kabuz ikasi dut erabat.
«Diseinu grafikoaren inguruko ikasketak egin nituen, baina bideogintza nire kabuz ikasi dut»
Gogoan duzu zein izan zen bideogintzako lehen lan profesionala?
Ufa. Lehen-lehena... Lan profesionalaz ari bagara, esango nuke Villabonako Udalak eskatutakoa izan zela. Santio jaietarako bideo laburpen bat egiteko eskatu zidaten, eta hor eman nuen pixka bat jauzia. Hori izan zen inflexio puntua. 2023an izan zela esango nuke. Hortik aurrera hasi nintzen serio bezero berriak bilatzen, eta...
«Hasieran kosta zitzaidan abiada hartzea [...] Baina gaur egun ez dut kexarik»
Horrela hasi eta gaur egun hainbat estudiorekin egiten dut lan, adibidez, Tolosako Chroma estudioa, Villabonako FF&Films ekoiztetxea, Ordiziako Acv Multimedia... Eta horiez aparte lanak egiten ditut nire kabuz ere. Hasieran kosta zitzaidan abiada hartzea, azkenean, jendeak ez zaitu ezagutzen, erakusteko lan handirik ere ez duzu izaten... Baina gaur egun ez dut kexarik.
Zein bideo mota egiten dituzu?
Mota askotakoak izaten dira; betiere, bezeroaren arabera. Egiten ditut bideoklipak, kontzertuen eta jaialdien bideo laburpenak, enpresentzako barne bideo korporatiboak, argazki finkoa ere egin izan dut pelikula batzuetan, dokumentalak, ezkontzaren bat edo beste egiten dut tarteka... Denetik pixka bat, ez dut aspertzeko tarterik izaten [barrez].
Eta non moldatzen zara erosoen?
Musikaren mundua gustatzen zait gehien. Beti ari naiz musika entzuten, asko lagundu nau bizitzan, eta... Egia da ez dela arlorik errentagarriena, baina asko gustatzen zait adibidez jaialdi batek kontratatzen nauenean bi egunetan gertatzen denaren laburpen bideoa egiteko. Bideoklipak ere gustura egiten ditut... Bideoa eta musika lotzen direnean, horrek erakartzen nau gehien.
Bideoklipak baino esango nuke laburpen bideoak gustatzen zaizkidala gehiago. Zer gertatzen den grabatzen da lehenengo, eta gero dena islatzen saiatzen zara bi edo hiru minutuko bideo batean. Bi formatu horiez gain, kontzertuetarako irudiak egiten ere aritu naiz, led pantailetan jartzen diren horietakoak. Adibidez, ETS taldearentzat aritu naiz bira berrirako irudi horiek egiten. Zerbait berria izan da, eta gustura egin dut egia esan. Hor ere oso kontuan hartu behar da irudia musikarekin bat joatea.
Zein motatako irudiak izaten dira horiek?
Nahiko formatu askea da, eta denetik izaten da: animazioa, bideoak... Ez dauka zerbait konplikatua izan beharrik, askotan garrantzitsuagoa da erritmoa ondo jarraitzea, eta horretarako nahikoa izan daiteke kolore blokeak erabiltzea. ETS Madrilgo eta Bartzelonako kontzertuetarako sarrera bideoak egin genituen, gerora Instagramen argitaratu zuten eta birala egin zen. Sekulakoa izan zen hori.
Beraz, piezaren arabera ezaugarri ezberdinak hartu beharko dira kontuan.
Noski. Gidoi batekin lan egiten duzunean, adibidez, hasieratik ondo zehaztuta izan behar duzu dena, gero muntatze lana errazteko. Ekitaldietan alderantziz izaten da, hor ez da gidoirik egoten eta grabatzen duzuna muntatzea da. Baina, bestela, ondo prestatu behar da gidoia.
Zein nahiago duzu zuk?
Egia esan, biak atsegin ditut. Agian bolada batez ekitaldiak bakarrik egiten ditut, dena oso inprobisatua... Azkenerako nekatu egiten naiz, eta momentu horretan nahiago izango dut zerbait itxiagoa egin, nolabait antolatuago aritu. Eta alderantziz ere gertatzen da: bolada luze batez aritzea gidoiari oso lotuta dauden gauzak egiten, eta nahiago izatea zerbait askeagoa. Baina, esan bezala, biak gustatzen zaizkit.
Bideoek sormen lan bat ere eskatuko dute. Nolakoa izaten da?
Lan egiteko moduaren arabera asko aldatzen da. Adibidez, Chroma estudioak kontratatzen banau, haiek argi izaten dute zer egin nahi duten: zer eta nola nahi duten azaltzen didate, nik nire ukitua ematen diot eta ez du sormen gehiago izaten. Zuzenean nirekin harremanetan jartzen diren artistekin berriz, gehiago izaten da elkar osatzea: haiek proposamenak egiten dituzte, nik ere gomendioak egiten ditut... Gertukoagoa izaten da, eta hor tarte handiagoa izaten da sormenerako.
Lanbideaz zer da gehien atsegin duzuna?
Hemen ere momentuaren arabera aldatzen da. Etxean sartuta editatzen denbora asko badaramat, gogoa izaten dut grabatzera ateratzeko. Eta, kontrara, etengabe grabatzen ari banaiz, etxean editatzen egoteko gogoa ere izaten dut. Bietatik egiten dut, eta biak gustatzen zaizkit, orduan... Biak uztartze hori gustatzen zait, denetik egitea.
Eta aurretik aipatu bezala, niretzat oso aberasgarria da gai eta pertsona ezberdinekin lan egitea. Arlo asko ezagutzeko aukera ematen dizu, eta sekulakoa da hori. Aniztasun hori izateko aukera benetan baliotsua da niretzat.
Eta, kontrara, zerk eskatzen dizu ahaleginik handiena?
Neure burua antolatzea da, agian, gehien kostatzen zaidana. Gauza dezente elkartzen zaizkit askotan: entregak, proiektu hasierak... Bakarrik aritzearen alde txarra edo —nolabait deitzeagatik— hori da: arreta handia jarri behar duzu denbora kudeatzeko garaian eta oso ondo antolatu behar duzu guztia egutegian. Hori da agian ahalegin handiena eskatzen didana.
Grabatzeko lekuaren arabera baimenak ere eskatu behar izaten dira, ezta?
Normalean, niri ez zait tokatzen halakorik, azkenean, ez dut gauza berezirik edo behar izaten. Noizbait egin dut lan droneekin eta, orduan eskatu behar izan dut baimenen bat, bestela ezin baita erabili. Baina orokorrean ez ditudanez gauza handi-handiak egiten, ez dut behar izaten. Eta eremu edo espazio zehatz bat erabiltzeko baimena behar izanez gero, zuzenean bertako arduradunekin jarri izan naiz harremanetan.
Bideoak sortzeko garaian ba al duzu eredurik?
Nire erreferentziak dira sare sozialetan ateratzen zaizkidanak-eta. Ez dut buruan izen zehatzik, baina denbora asko pasatzen dut Instagramen askotariko bideoak eta edukiak begiratzen, gustuko ditudanak gordetzen... Eredutzat, nolabait, nire antzeko jendea hartzen dudala esango nuke: gazteak, bideoak egiten dituztenak, euren kabuz gauzak egiten dituzten autodidaktak... Nolabait elkar elikatzen dugula esan liteke.
«Zinegile bezala Bayona ikaragarri gustatzen zait [...] Beste maila batean dago, sekulakoa da»
Bestalde, zinegile bezala [Juan Antonio] Bayona ikaragarri gustatzen zait, betidanik. Asko gustatzen zait nola tratatzen dituen kolorea eta irudia, nola kontatzen dituen istorioak... Beste maila batean dago, eta sekulakoa da.
Eta beste egile batzuez gain, ba al duzu inspirazio iturririk?
Ez da erraza erantzuten; esango nuke ez dudala halako inspirazio iturri zehatzik. Ikusten dudan horretatik edaten dut; hori zalantzarik gabe.
Euskal Herrian ba al duzu sortzaile begikorik?
Euskal Herrian jende potentea badago, hor daude Arriguri, Muga... Jende oso ona da. Ekipo handiagoekin egiten dute lan —hori ere hala da—, baina sekulako lana egiten dute. Ez nuke esango inspirazio bezala hartzen ditudanik, baina egiten duten lana asko gustatzen zait. Euskal Herrian eredu ditudala esan liteke.
Gaur egun irudiz inguratuta bizi gara, etengabe ikusten ditugu argazkiak, bideoak... Zein da gakoa jendeak zure bideoa ikus dezan?
Lanaren arabera izaten da betiere, jendeak egingo duzun bideo hori zein baldintzatan ikusiko duen jakitea garrantzitsua da: sare sozialetan, areto batean, kalean... Eta nire kasuan bezeroaren arabera ere aldatzen da, esate baterako, gidoi zehatz bat ematen badidate ez dut aukerarik izaten nahi dudana egiteko. Baina askatasuna dudanean gauzak nahi dudan bezala egiteko, esate baterako laburpen bideoetan-eta... Horietan gustatzen zait lehen bost edo hamar segundoak indartsuak izatea: plano ezberdin asko tartekatuta, soinu efektuekin, irudi efektuekin... Helburua da lehen begirada horretan nolabait jendea harrapatzea, eta, behin hori lortuta, gero erritmoa jaitsi daiteke bideoko edukia bera ondo barneratzeko.
«Gaur egungo joerarekin jendeak ez du pazientziarik hiru minutuko bideo bat ikusteko»
Euskarria edo ikusteko baldintzak gorabehera, gaur egungo kontsumo azkarraren eta estimuluen joerarekin jendeak ez du pazientziarik hiru minutuko bideo bat ikusteko; hasieratik lotu behar duzu, eta hori hasiera geldo batekin lortzea zailagoa da.
Aipatu dituzun joera horiek nola eragiten dute bideo bat sortzeko garaian?
Gero eta bideo motzagoak eskatzen dizkidate. Hasieran hiru minutukoak izaten ziren; gero, bi minutukoak; batekoak; eta orain, askotan, 30 segundokoak dira. Gero eta motzagoak dira, baina gero eta estimulu gehiagorekin. Proportzioa, nolabait, antzekoa da: lehen hiru minutukoa izango zen eta lasaiagoa; eta orain 30 segundokoa, baina askoz ere biziagoa.
Niri gustatzen zait editatzeko estilo azkar hori; eta, azkenean, eskatzen duten horretara egokitu behar duzu zure lana. Jakina, luzeagoa denean aukera gehiago izaten duzu narratiba aldetik zerbait kontatzeko; baina gaur egun jendeak ez du pazientziarik hor geratu eta bideo bat lasai ikusteko. TikTok eta Instagram plataformetan denek azkar ikusi nahi dute dena. Oraintxe, zalantzarik gabe, hori da indarrean dagoena.
Jatorriz horizontalak izan dira bideoak, eta gaur egun, berriz, formatu bertikala gailendu da.
Luzerako ematen duen gaia da hau. Nik, izatez, gorroto dut bertikala. Nire ustez guztiaren aurka doa, esate baterako, zinemaren kontra... Baina baita gure biologiaren kontra ere: bi begi ditugu, eta bata bestearen alboan daude, hau da, horizontalean ikusten dugu. Ez da naturala kontsumitzen dugun eduki guztia edo gehiena bertikalean izatea. Egia da jendeak sareetarako nahi izaten dituela bideoak, eta bertikalean nahi izaten dituela, publikoak mugikorrean ikusiko dituelako; eta, azkenean, bezeroak nahi duen horretara egokitu behar duzu. Baina zinemara joan eta pelikulak horizontalean ikusten ditugu.
«Formatu bertikalak ikaragarri mugatzen du sormena, adibidez, planoak osatzeko garaian»
Formatu bertikalak ikaragarri mugatzen du sormena, adibidez, planoak osatzeko garaian ikaragarrizko muga da. Ni saiatzen naiz bezeroak konbentzitzen formatu horizontalak erabil ditzaten, baita sareetan ere, baina... Ez da erraza. Dena dela, uste dut pixkanaka itzultzen ari dela horizontala; atzera modan jartzen ari dela, oso poliki bada ere. Niretzat, izatez, askoz hobea da: informazio gehiago kabitzen da horizontalki, plano politagoak osa daitezke...
Bezeroek sare sozialetan argitaratzeko eskatzen dizkizute bideo gehienak?
Bai, normalean bai. Izaten dira enpresen urteurrenetarako barne bideoak ere, baina... gehienak sare sozialetara bideratutakoak izaten dira. Eta horrek, jakina, zuzenean baldintzatzen du bideoaren egitura: iraupena, formatua... Gero, jakina, norberaren helburuaren edo gustuaren araberako kontua ere bada. Batzuk bertikala nahi izaten dute mugikorraren pantaila osoa bete nahi izaten dutelako; baina beste batzuk horizontalean ere eskatu izan dizkidate... Denetik, azkenean.
Zuretzat zein ezaugarri bete behar ditu bideo batek ona izan dadin?
Ez dago ezaugarri bakar bat, eta hori ere aldatu egiten da bakoitzaren gustuaren arabera. Nire ustez hainbat faktorek eragiten dute, eta horietako bat da kolorea: kolore polita izatea; funtsezkoa da hori. Horrez gain, konposizio aldetik plano ederrak izatea... Eta gero bideo motaren arabera ere aldatzen da. Laburpen bideo bizi horietako bat baldin bada, irudi trantsizio politak izatea garrantzitsua da niretzat, eta baita argiak, estimuluak eta halakoak izatea ere. Finean, ikusten jarraitzeko konbentzitzen zaituen zerbait izatea.
Hori irudi aldetik, eta soinuari dagokionez, berriz... bideoklip bat baldin bada, taldearen musika izango da eta kito; baina, bestela, irudiarekin bat joan behar du soinuak ere. Nik, adibidez, Santio jaien laburpen bideorako nahiko musika epikoa edo erabiltzen dut. Zerbait sentiarazi behar du musikak ere. Eta gero, jakina, bat egitea irudiak doinuekin: musika azkar edo bizia baldin bada, planoek ere abiadura berean joan beharko dute; musika zinematografikoagoa baldin bada, berriz, aukera eman dezake kamera geldo batzuk sartzeko, plano motelagoak... Bata besteari egokitzea da kontua, eta hortik aurrera erritmoarekin jolastea.
Zerk bereizten ditu zure bideoak?
[Isilik une batez] Pentsatu izan dut behin baino gehiagotan, eta, egia esan, ez dakit definitzen. Batek baino gehiagok esan izan dit bideo bat ikusi eta nabaritzen duela nik egina den edo ez. Baina nik neuk ez dakit esaten zer den. Nahigabe egiten dudan zerbait da, imajinatzen dut nire nortasunarekin izango duela zerikusia edo horrelako konturen bat.
Azkenaldian asko ari naiz lantzen soinu efektuen arloa. Bideoaz pentsatzen hastean iruditzen zaigu irudia dela garrantzitsuena, baina atzetik testurak jarriz gero, soinu efektuen kolpeak... Asko janzten dute bideoa, eta nik uste ikuslea gehiago murgiltzen dutela ikus-entzunezkoan. Lehen musikarekin bakarrik egiten nuen lan, eta orain soinu efektuena gehiago jorratzen dudanez... Horretaz jabetu naiz. Agian hori izango da nire ezaugarrietako bat: asko jokatzen dudala plano aldaketekin, musikarekin, soinu efektuekin... Ez dakit [barrez].
Adimen artifizialak irauli egin du, besteak beste, irudiak sortzeko arloa. Nola bizi duzu egoera?
Sekulako aldaketa ekarri du, horretaz ez dago zalantzarik. Nire ustez egokitzea da gakoa. Adimen artifizialak eskaintzeko duen mundu eta tresna horietara egokitu behar duzu; hori egin ezean zaharkituta geratzen zara. Nik ez dut beldurretik bizi. Tresna bat bezala erabiltzen dut. Esate baterako, plano batean orban txiki bat baldin badut, hori borratzeko erabiltzen dut. Baliatu izan dut musika mota zehatzak bilatzeko ere: ezaugarriak ematen dizkiot, eta bilaketa aurreratu moduan funtzionatzen du.
Ez dut erabiltzen, inondik inora, nire lana ordezkatzeko. Ez dut erabiltzen irudiak sortzeko. Gehiago da lanerako tresna berri bat: zenbait irudiren tamaina egokitzeko baliagarria da... Badira lan batzuk nik eskuz pixkanaka eta poliki egin beharko nituzkeenak, eta horiek errazteko da batez ere baliagarria: denbora aurrezteko. Ez dut erabiltzen existitzen ez diren irudiak sortzeko, ez zait gustatzen.
Telebistan ikusten ditudan iragarki asko-asko, gero eta gehiago, osorik adimen artifizialarekin sortutakoak dira, oso-osorik. Agian pantailan pertsona bat ikusten ari gara, eta errealitatean ez da existitu ere egiten. Pena ematen du, egia esan. Publizitate arloan, adibidez, eragin handia ari da izaten. Nire kasuan, ordea, ez asko. Azkenean errealitatean gertatzen diren ekitaldiekin egiten dut lan. Ezkontza bateko uneak adimen artifizialak ezingo ditu sortu, ez delako bertan egon. Ekitaldiekin, pertsona errealekin eta nolabait mundu fisikora lotuta dauden uneekin lan egiten dudanez, ez dit hainbeste eragiten. Nik tresna bezala erabiltzen dut, hor dago eta aprobetxatu daiteke beldurrik izan gabe. Eta espero dut ez gaituela denok hilko 2030. urtea iristen denerako [barrez].

