Jon Iñaki Ormazabal (Amasa-Villabona, 1972) egur-tailako irakaslea eta artisaua da. 30 urte daramatza kultur etxeetan eskolak ematen, eta gaur egun 85 ikasle ditu hiru udalerritan banatuta: Villabonan, Lasarten eta Astigarragan. Eskultorea ere bada, eta egurra ez ezik, burdina, plastikoa eta bestelako materialak erabiltzen ditu bere obretan. Naturan kokatutako tailerrean hartu du Ataria.
Nondik datorkizu egurrarekin duzun lotura?
Gazte-gaztetatik egin dut lan egurrarekin. Aitona zenak laban txiki bat oparitu zidan, eta harekin, txiki-txikitatik, egurra zuritzen aritzen nintzen, puntak ateratzen eta. Ordutik, nire ibilbide guztia egurraren arlotik joan da: ikasketak, ofizioa... Donostian ikasi nuen Lanbide Heziketan, eta gero Debako Arte Eskolara joan nintzen. Beti egur zaharrekin, egur berriekin... beti egurrean.
Eta nola definitzen duzu zeure burua?
Artisaua eta eskultorea naizela esaten dut. Artisau gisa urte askoan aritu naiz, eta eskulturan ere bai. Horrez gain, errestaurazioan, baserrien zaharberritzean eta abarretan aritzen naiz. Albaolan ere zortzi urtez San Juan baleontziaren eraikuntzan aritu nintzen boluntario gisa.
Zer eman zizun Debako Arte Eskolak?
Eskola hark ateak zabaldu zizkidan artearen munduan sartzeko eta burua irekitzeko. Irakasle oso onak genituen, eta han egurrarekin, harriarekin, fundizioarekin, marrazketarekin, zeramikarekin... lan egin genuen. Tailer guztietatik pasatu ginen. Hiru urtez aritu nintzen Deban, eta hura bukatuta argi nuen hortik tira egin nahi nuela. Kultur etxeetan ikastaroak ematen hasi nintzen, eta dagoeneko 30 urte daramatzat egur-taila ikastaroak ematen.
Gaur egun 85 ikasle dituzu.
Bai. Villabonan, Lasarten eta Astigarragan ematen ditut eskolak.
Nolakoa da egur-tailako irakasle izatea?
Jendearekin lan egitea oso zaila da, baina erronkatzat hartzen dut. Oro har, ondo moldatzen naiz ikasleekin. Ni erakustera joaten naiz, baina bueltan asko ikasten dut haiengandik.
Zein jende klasek ematen du izena egur-taila ikastaro batean?
Denetarik dago, baina gehienak 50-70 urte ingurukoak dira, eta asko erretiratutakoak. Gazte batzuk ere sartzen dira, eta emakumeak ere baditugu, nahiz eta gutxiago izan. Profilari begiratuta, bizitza guztian lanean aritu den jendea da. Medikuak, ingeniariak... horrelakoak etortzen zaizkigu; bulego batean egon eta behin ere eskuzko lanetan aritu ez direnak. Behin jubilatzen direnean, oraindik ere indartsu sentitzen dira, gogoz, eta eskuz zerbait egitea bilatzen dute.
Eta behin ere egur-tailan aritu ez dena nondik hasi daiteke?
Hasi, geometriarekin hasten gara. Geometriak asko laguntzen digu egurra ezagutzen, zainak non dauden ikusten, erremintak erabiltzen eta erremintak maneiatzen. Pixkanaka, programan aurrera egin ahala, ikasleak egurraren munduan murgiltzen hasten dira. Gero erliebearekin segitzen dugu: perspektiba, sakonera nola landu... Hurrengo pausoa, bolumenarekin hastea izaten da, hiru dimentsioekin, alegia. Hiru urteko programazioa izan daiteke, eta hortik aurrera ikasle bakoitzak bere bidea egiten du. Norberak egur-lanketan bere trebetasunak lantzen ditu, eta bere ideia eta espresioak garatzen ditu. Nik ideia horiek garatzen laguntzen diet.
Zein erreminta behar dira egur-tailan aritzeko?
Behar-beharrezkoak dira trintxerak, arraspak, mailua... Eta hortik aurrera, makina txikiak ere baditugu. Guk, Villabonako Sacem-en lortu duguna da tailerra autosufizientea izatea. Ez dugu aroztegi batera joan behar egurra lantzera. Han bertan daukagu aroztegia muntatuta, eta klasetatik aparte, ikasleek nahi dutenean joan daitezke tailerrera.
Eta nolako egurra erabiltzen duzue?
Egur zaharrarekin eta egur berriarekin egiten dugu lan. Itsasoak ekartzen duen deabru-egurrarekin ere bai; hondartzetatik eta handik eta hemendik jasotzen ditugu. Euskal Herrian egur asko daukagu. Basora joaten zara eta egurra topatzen duzu: sustraiak, egur zaharrak, pinuzko paletak.... Denak balio digu. Lan finenetarako egur mota bat erabiliko dugu, eskulturarako beste bat... Egur-taila ikastaroetan denetatik pixka bat lantzen dugu. Handik eta hemendik, egurra soberan dugu Euskal Herrian.
Eta behin egur-taila bukatuta, zer tratamendu ematen zaio?
Nik egur zaharrarekin lan asko egiten dut. Orduan, suarekin erretzen dut, egur zaharrak dituen zomorroak edo bestelakoak pixka bat saneatzeko. Egurra nola dagoen ikusi behar da, eta horren arabera tratamendu bat edo bestea ematen diogu. Kanporako bada, modu batera tratatzen dugu; barrurako bada, beste modu batera. Zertarako den eta nolakoa den, tratamendu bat edo bestea erabiltzen dugu. San Juan baleontziari, adibidez, linaza-olioa eman zitzaion.
Zortzi urte egin zenituen San Juan baleontziaren eraikuntzan. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Ona. Zortzi urtez aritu naiz San Juan baleontziaren eraikuntzan, boluntario gisa. Hasiera-hasieratik aritu nintzen lanean. Gu barrualdekoak gara nolabait, mendialdekoak, eta itsasora hurbiltzeko aukera izan dut lan honi esker. Euskal Herria itsasoari lotuta egon den herria da, eta han Pasaian, asko ikasi dut. Oso gustura egon naiz.
Nolakoa izan zen San Juan baleontzia bukatuta ikustea, hainbeste urtez lanean aritu ondoren?
A ze poza! Hasiera-hasieratik prozesu guztia barrutik ikusi dut. Oso esperientzia polita izan da.
Zer motibo lantzen dituzte ikasleek bere egur-tailetan?
Hasieran geometria lantzen dugu: planoa, kurba... Irudi geometriko modukoak dira, hemengo baserrietako kutxa zaharretan eta beste objektu batzuetan azaltzen diren geometria-irudiak. Ikasten joateko irudiak dira. Gero, lauburua, haritz-hostoa eta horrelako erliebe errazetara pasatzen gara. Hor irudiari bolumena ematea da kontua, eta beste zailtasun bat gehitzen zaio. Hurrengo pausoa, gero, hiru dimentsiotara jotzea da. Sortzen dituzten piezei bolumena ematen diete; eta pieza horiek izan daitezke errealistak edo abstraktuak.
«Ikasleen sormena piztean, hor daukat nik borroka. Ikasle batzuek lortzen dute, beste batzuek ez»
Laugarren dimentsioa deitzen diozu horri. Zergatik?
Horretarako inspirazioa eta sormena behar direlako: egur bat hartu eta zerbait kopiatu beharrean sortzean baitago kontua. Ikasleen sormena piztean, hor daukat nik borroka. Ikasle batzuek lortzen dute, beste batzuek ez.
Jendeari kosta egiten zaio irudimena askatzea?
Bai. Askotan lanketa hori egiten dut ikasleekin, burua aska dezaten eta beldurrik izan ez dezaten. Hori lantzen saiatzen naiz. Izan ere, irakasle lanetik aparte nire obra ere egiten dut, eta etengabe aritzen naiz irudimenarekin jolasean. Niretzako ohikoa da.
Zer-nolako artelanak egiten dituzu?
Eskulturak egiten ditut, eta askotariko materiala erabiltzen dut: egurra, burdina, labadora zaharrak, plastikoak, sprayak... Beldur hori kentzea da kontua eta irudimena piztuko dizun hori topatzea, baita keinurik txikienean ere.
Nola definituko zenuke zure obra?
Lehenago errealismora gehiago jotzen nuen, baina orain surrealismoan nabil. Gaur egungo etxeetan ditugun hainbat aparatu eta tresna zahar erabiltzen ditut, eta hori pixka bat nahasten dut egurrarekin, burdinarekin... Mundu horretan nabil.
Horrez gain, Ramon Balerdirekin, Villabonako artistarekin, elkarlanean aritzen naiz. Beste bide bat jorratu dugu elkarrekin, eta oso interesgarria iruditzen zait. Diziplinak uztartzen gabiltza azkenaldian: dantza, musika, poesia, eskultura eta antzerkia elkartu ditugu. Villabonako Zunbeltz antzerki taldearekin lan egin dugu eta oso gustura ibili gara. Emaitza oso ona izan da.
Zergatik da garrantzitsua artea kalera ateratzea?
Artea herritarrentzat da, eta balio du gauzak aldatzeko. Gure kasuan, gure ikuspuntua azaldu eta zenbait gauza salatzeko erabiltzen dugu.
Zure lanetan zein gai lantzen dituzu?
Askotarikoak. Duela gutxi, Gazako genozidioa salatzeko erakusketa kolektibo batean parte hartu dut. Herdoildutako sega bat erabili dut artelana osatzeko: balak txertatu dizkiot, Palestinako bandera margotu eta argizaiola baten gisan aurkeztu dut. Adibide bat baino ez da hori. Uste dut gaur egun daramagun bizimodua, estresa eta politika ez direla jasangarriak, eta hori guztia agerian uzteko ere egiten dugu lan artistok.
«Uste dut gaur egun daramagun bizimodua ez dela jasangarria, eta hori guztia agerian uzteko ere egiten dugu lan artistok»
Badago modurik artea herritartzeko?
Erakundeetatik ez dugu laguntza handirik jasotzen. Artistok askotan gure munduan sartuta egoten gara, gure tailerrean. Behin obra bukatuta erakusketa dagoen tokira eramaten dugu eta kito. Gu hor gabiltza istorio horri buelta eman nahian. Kalera ateratzen gara, jendaurrean egiten ditugu gauzak, herritarren parte hartzea bultzatzen dugu... Hor eragin nahi genuke aurrerantzean ere.
Horretara bultzatzen dituzu egur-tailako ikasleak ere?
Bai, ahal den neurrian. Orain lau zizurkildar ditut Villabonako tailerrean, eta elkartu eta erakusketa bat muntatu dute. Zizurkilgo Udalarekin hitz egin zuten eta liburutegian jarri dituzte beren obrak ikusgai. 50 artelan inguru daude. Denetarik dago: geometria, erliebea, bolumena... Oso erakusketa potentea geratu da, oso pozik nago.
Zer egiten dute ikasleek sortzen dituzten artelanekin?
Normalean norberak etxera eramaten ditu. Batzuk etxean jartzen dituzte, eta beste askok lagunei edo familiari oparitzeko egiten dituzte. Zizurkilgo ikasleetako batek bere artelanak udalari eman dizkio opari, adibidez. Saldu? Oso jende gutxik egiten du. Kostatu egiten da hainbeste denbora eskatu dizun lan hori saltzea. Gainera, taila horietako asko sormen lanak dira, eta ikasleek euren partetik asko jartzen dute obra horietako bakoitzean. Asko betetzen ditu, halako indar bat ematen die eta hori oso pozgarria da.
Esaten duzu irakasleak ikasleengandik ere ikasten duela. Zuk ere beti ikasten jarraitzen duzu?
Noski. Garrantzitsua da informazioa jasotzea eta beti ikasteko gogoz egotea.
Artista izateko, beraz, kuriositate hori behar da.
Bai, guztiz.
Eta nondik ateratzen duzu zuk inspirazioa?
Futbola ez zait gehiegi gustatzen, eta kalean ibiltzea edo tabernan egotea ere ez. Tarteka joaten naiz, noski, baina gehienbat arte munduaren bueltan ibiltzen naiz. Mendia ere asko gustatzen zait. Naturan egoteak bete egiten nau, eta inspirazioa ematen dit nire artelanak egiteko eta lanean segitzeko.
«Garrantzitsua da naturarekin lan egitea, naturarekin kontaktu bizian egotea. Energia ematen dit»
Eta horregatik duzu hemen, mendian, zure txokoa.
Bai. Kultur etxeetako tailerrak ditut, eta etxean ere badaukat estudioa. Ideiak hartzen ditut, eta gero horiek garatzera hona etortzen naiz, mendira. Gauez buruak beste era batera funtzionatzen du; hontza entzuten duzu, txoriak... Urtaro bakoitzak bere xarma dauka. Eta hori oso garrantzitsua da niretzat: natura, naturarekin lan egitea, naturarekin kontaktu bizian egotea. Energia ematen dit.
Orain, Tolosako Aranburu Jauregiko erakusketarako lanean ari zara.
Bai. Emakume zientzialariei buruzko erakusketa da, eta artista bakoitzari emakume baten izena eman digute. Historian emakume horiek baztertuak izan dira. Batzuk hil egin zituzten, beste batzuk espetxeratu... emakumeak zirelako. Haien omenezko erakusketa bat da. Niri astrologian aditua zen emakume bat tokatu zait, eta haren omenezko bi obra egin ditut. Bata bukatuta daukat, eta bestea bukatzear; azken ukituak ematen ari naiz.