«Mendiak ez daude salgai»

Tolosaldeko Ataria

@GotzonAr

Alegazioak biltzen hasiko dira Amasamendiko proiektu eolikoaren aurka. Udalari eskatu diote enpresa sustatzailearekin dituen harremanak behin betiko eteteko.

Igandean elkarretaratzea egin zuten Sañu Bizirik, Amasamendi Bizirik eta Errezil Bizirik taldeek deituta. Amasamendiko proiektu eolikoaren aurkako protesta egin zuten bertan bildutakoek. Ostegunean aurkeztu zuen Premier ESPF Renovables SL enpresak bi haize-errota jartzeko proiektua Eusko Jaurlaritzan. Orain, 30 eguneko epea zabaldu dute proiektuari alegazioak aurkezteko, eta Amasamendi Bizirik taldeko kideek iragarri dute hilabete honetan alegazioak biltzen ariko direla.

«Ez dugu onartuko gure mendiak eta ingurunea interes ekonomiko pribatuen mesedetan suntsitzea, ezta trantsizio berdearen izenean makro-proiektuak inposatzea, ez Amasamendin, ez inon». Lurraren defentsan eta makro-eolikoen aurka lanean eta antolatzen jarraituko dutela iragarri zuten.

Amasamendi Bizirik taldekoek gogoratu dute udaberrian jaso zuela Amasa-Villabonako Udalak proiektuaren inguruko ingurumen-txostena. Han adierazten zuten proiektu eolikoak eragin nabarmena izan zezakeela babestutako espezieengan. «Herritarrok hasieratik argi genuen dimentsio honetako proiektu batek ingurumenean izango zituen ondorioak onartezinak direla».

Zelatunen egindako elkarretaratzean salatu zuten Amasa-Villabonako Udalak, Premier ESPF Renovables SL enpresarekin negoziatzen jarraitzeko asmorik ez duela adierazi arren, ez duela enpresarekin harremanak behin betiko etetea erabaki. Gauzak horrela, proiektua behin betiko baztertzeko pausorik ematen ez den bitartean, eta enpresak baimenak lortzeko aukerak zabalik mantentzen diren heinean, mobilizatzen eta presionatzen jarraituko dutela iragarri dute.

Gogoratu dute Azpeitia, Zestoa eta Errezil udalerrien arteko Piaspe parke eolikoaren proiektua iazko urrian bertan behera utzi zutela, herritarren presioaren ondoren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!