Premier ESPF Renovables SL enpresak Amasamendin bi haize-errota jartzeko proiektua aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari. Enpresa sustatzaileak dagoeneko eskatu ditu aurretiazko administrazio-baimena eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena, eta proiektuaren dokumentazioa argitaratu du. Dokumentazioa jendaurrean dago, eta 30 laneguneko epea zabaldu dute proiektuari alegazioak aurkezteko.
Amasa-Villabonako Udalak ostegun goizean izan zuen enpresa sustatzaileak emandako urratsen berri. Ordutik, argitaratutako dokumentazio guztia aztertzen eta egin beharreko alegazioak prestatzen ari da.
Horretarako, eta laguntza teknikoa jasotzeko, kanpo-aholkularitza enpresa bat kontratatu du udalak: Arautdi SL. Lurralde-plangintzan eta ingurumen arloko aholkularitza juridikoan espezializatutako enpresa da. Bertan aritzen da Raoul Servet geografoa, ingurumen gaietan aditua. «Servet jaunak esperientzia zabala du parke eolikoen proiektuekin, eta dagoeneko lanean ari da Premier ESPF enpresak aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzen», azaldu dute udal gobernuko kideek.
Udala kezkatuta dago proiektuak ingurumen-arloan izan ditzakeen inpaktuekin. Udal gobernuko iturriek aurreratu dutenez, hiru norabidetan aurkeztuko dituzte alegazioak: ingurumenean eta babestutako faunan izan ditzakeen ondorioengatik; erabiliko den bide-azpiegituragatik; eta parte-hartze publiko eta sozialerako aurreikusitako eskemagatik.
Amasamendiko haize-errotak argindar-sarearekin lotzeko aurreikusitako linea elektrikoak Andoain, Urnieta eta Hernaniko udalerriei ere eragingo die, haien lurraldeak zeharkatuko baitituzte. Hori dela eta, Amasa-Villabonako Udala hiru herrietako udal ordezkariekin jarri da harremanetan, gaia elkarrekin lantzeko.
Amasa-Villabonako udal gobernuak adierazi du ez duela eskumenik Amasamendiko proiektu eolikoak aurrera egingo duen ala ez bere kabuz erabakitzeko. Nabarmendu dutenez, erabaki horretan eskumena Eusko Jaurlaritzako ingurumen-organoek dute.
Hemendik aurrera, udal gobernuak jakinarazi du publikoki emango duela emango dituen urratsen berri, orain arte egin duen bezala, eta gardentasunez helaraziko duela proiektuari buruzko informazio berria.