Herritarren eskuzabaltasuna eskertu du Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak

Tolosaldeko Ataria

Iazko irailean, Minbiziaren Aurkako Martxa Villabonan egin zutenekoa. NRDA

Irailaren 12an, Villabonan egindako urteko diru bilketan 1.000 eurotik gora bildu zituzten. Minbiziaren ikerkuntzara bideratuko dute dirua.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Villabonan egindako urteko diru bilketan parte hartu zuten pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkie haien eskuzabaltasunagatik. Diru bilketaren helburua minbizia duten pertsonei babesa ematea da; ikertzaile, osasun-langile, boluntario, psikologo eta gizarte-langileekin konpromisoa hartzea eta ikerketa onkologikorako dirua biltzen laguntzea.

Guztira, 1.140 euro bildu zituzten. Hainbat boluntariok hartu zuten parte ekimen solidario honetan, herrian zehar banatuta zeuden mahaietan. Era berean, urtero egindako ekimen honek herritarren artean elkartearen presentzia handitzeko eta elkarteak egunetik egunera pazienteen eta hauen senideen onurarako egindako lana ezagutarazteko aukera ematen du.

Hortaz, Minbiziaren Aurka Gipuzkoanetik boluntario guztiei eskerrak eman nahi dizkiete elkartea bultzatzen egiten duten lanagatik, bai ekimen honetan eta baita beste batzuetan parte hartuz.

Lortutako baliabideak ikerketa onkologikorako eta elkartearen doako zerbitzuak sustatzeko erabiliko dira. 

Aurtengo kanpaina

Gelditzen zarenean, minbiziaren aurka mugitzen gara lelopean, aurtengo kanpainak keinu batek duen balioan jartzen du arreta. «Elkartearen itsulapiko edo eskaera mahai baten aurrean gelditzeak keinu txikia dirudien arren, ikerketa bultzatzeko, arreta hobetzeko eta itxaropena sortzeko mugimendu kolektibo oso bat aktibatzen du». 

Diru bilketa honen bitartez lortutako funtsei esker, ikerketa onkologikoarekin lotutako proiektuen finantzazioa, paziente eta hauen senideak artatzeko programa eta gaixotasunaren prebentziorako eta detekzio goiztiarreko kanpainen jarraipena bermatzen da. Era berean, elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuen doakotasuna mantentzeko ere ezinbestekoa da. Gainera, jardun guzti honek ahalbideratuko du elkarteak helburu duen minbiziaren % 70eko biziraupena lortzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!