Gurutzea, gorputz biluziak, bururik gabeko figurak, arrainak, banderak, toreroak... Sinboloek eta materialek pisu handia dute Ramon Balerdiren (Donostia, 1964) obran. Baina artistak ez ditu bere artelanak azalpen bakar batera lotu nahi. Ikusleari uzten dio gogoeta egiteko eta bere interpretazioa osatzeko tartea. Hain zuzen ere, pentsamendua piztea da haren lanaren abiapuntuetako bat.
Horren erakusgarri dira egunotan Villabonako Gureako erakusketa-aretoan ikusgai dituen 54 lanak. Izenbururik gabeko erakusketa osatzen dute koadroek, kaxek eta eskulturek. Hilaren 26ra arte izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:30era, eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara.
Gustuko du Balerdik Villabonako erakusketa-aretoa. Azkenekoz, 2019an, erakutsi zuen bertan Via Crucis izeneko erakusketa, eta oraingoan bildutako lanak ordutik hona egindakoak dira. Bada bat, tamaina handiko koadro bat da, duela bizpahiru aste amaitutakoa. Bururik gabeko emakumezkoen eta gizonezkoen gorputz biluziak ageri dira, askotariko sinboloz inguratuta.
Indar handia dute sinboloek Balerdiren obran; esanahi asko ezkutatzen dituzte, eta elkarren ondoan jarrita, ikusleari hainbat interpretaziorako aukera ematen diote. Horrela egiten du lan Villabonan bizi den artistak: ideia bat datorkio burura, gaiaren inguruko dokumentazioa biltzen hasten da, eta sortzen zaizkion figura eta elementuekin lanean segitzen du. «Harreman bat sortzen dut artelanarekin, koadroak batasun bat lortzen du pixkanaka, lengoaia propio bat. Askotan sentitzen dut bere bidetik eratzen doala eta nik segi egiten diodala».
Aipatutako koadroari begira azaldu du bere lan egiteko modua; sei hilabete eman ditu harekin. Modu «intentsiboan» egiten omen du lan: etxean bertan duen tailerrera igo eta orduak ematen ditu lanean, etenik gabe, astelehenetik igandera.
Beti ideia edo pentsamendua hartu, eta aukeratutako materiala haren menpe jartzen du Balerdik. Nagusiki olioa erabiltzen du koadroetan, eta eskultura-irakasle izan zuen Jin Hoog estatubatuarrak erakutsitako teknikak baliatu ditu, Florentziako garai bateko artisauek erabiltzen zituztenak, esaterako.
Pinturak ez dira, ordea, erakusketako lan bakarrak. Berrerabilitako materialez osatutako eta kaxetan aurkeztutako miniaturazko eskulturak ere badira, baita burdinez egindako eskultura handiagoak ere. Peñascal elkarteko erabiltzaileek egindako lanak dira azken horiek. Balerdik neurria eman die, eta han aritzen diren migratzaileek tamaina handiagoan egin dituzte. Haiek egindako lan onean jarri du arreta artistak: «Badago jende ona munduan eta hori azpimarratu egin behar da. Lan ederra egin dute burdinarekin. Material gogorra da, baina berotuz gero moldagarria; gizakia bezala, azken batean».
Geruzak kentzea
Artelanetan erabiltzen dituen sinbolo guztien artean, behin eta berriz agertzen da gurutzea. Balerdirentzat, gizakiaren berraragitzearen sinboloa da. Gizakion dualitatean sinesten du: haren ustez, onbera da gizakia berez, baina urteen joanean geruzak gainjartzen zaizkio, berezko izaera horretatik aldentzen dutenak. Bere artelanekin horren inguruko gogoeta egiten saiatzen da.
Ramon Balerdi: «Artea barrua aberasteko modua da. Niri pertsona hobea izaten lagundu dit»
«Niretzat barrua aberasteko modua da. Niri arteak pertsona hobea izaten lagundu dit». Mesede egiten dio sorkuntzak Balerdiri, baina publikoari ere antzeko asmoarekin eskaintzen dio bere lana: «Pentsamendu bat, gogoeta txiki bat ikusten badu nire artelanetan, horrekintxe nahikoa zait».
Ez zaio bere obraren inguruko azalpen gehiegi ematea gustatzen. Publikoa ere pentsatzera behartu nahi du. «Gaur egun dena muntatua dute pentsatu ez dezagun, eta erraza da erosotasunean jaustea. Nik artearekin gogor egiten diot neure buruari, estu hartzen dut. Urteetan pilatu zaizkigun geruza horiek gainetik kentzea ez da erraza, niri ere kostatzen zait, baina egoa eta gainerakoak baztertu, eta ahalegintzen naiz».
Ramon Balerdi: «Urteetan pilatu zaizkigun geruzak gainetik kentzea ez da erraza»
Eguneroko inertziak, lanak, familiak, seme-alabek, hezkuntzak... gero eta gehiago indibidualizatu eta isolatzen dute berez triburako joera duen gizakia. «Bizi-erritmo hau ez da sostengarria. Beldurra ematen digu oinarri sendoen gaineko gogoetak. Pentsatzeak, ordea, unibertsal bihurtzen gaitu».
Aurreiritziei aurre egin, zentzu kritikoa sustatu eta pentsamendu librea bultzatzeko ahalegin handiagoa egingo luke Balerdik. Hezkuntzan jarri du arreta, baina baita irakurketan ere. Hainbat ideiatara sartzeko aukera ematen dio irakurketak, eta ohitura hori eskoletan gehiago sustatu beharko litzatekeela uste du. Horrek lagunduko luke artearekiko begirada ere aberasten.
Begirada askok ikusten dituzte Bixente Ameztoiren arrastoak Balerdiren artelanetan. Gustura hartzen du erreferentzia Villabonan bizi den artistak; ohoretzat du alderatzea. «Euskal paisaiak erretratatzen ez dago haren parekorik, nik beste joera bat hartu dut». Hala eta guztiz ere, Ameztoik egindako ekarpenari aitortza handiagoa egin beharko litzaiokeela uste du Balerdik.
Artearen herritartzea
Pentsatzeko eta begiratzeko denbora gutxi uzten duen entretenimenduaren gizarte honetan, gehiago sustatu beharko lirateke patxadazko begirada eta artearekiko zaletasuna. Hala uste du Balerdik. «Kultura beti da azken tximua. Guk egiten ditugun ekimenek jendea aberasteko balio badute, estimu eta babes handiagoa beharko lukete instituzioen aldetik».
Balerdi saiatzen da kultura eta artearen zabalkundean. Euskal Eskultoreen Elkartean parte hartzen du, eta Jon Iñaki Ormazabalekin batera Billabonarte izeneko elkartea ere sortua du. Hainbat proiektutan aritzeko aukera ematen dio horrek. Iaz, esaterako, Gazako genozidioaren aurkako erakusketa ibiltari batean parte hartu zuen.
Kezka sozial eta politikoak islatzen ditu bere artelanetan. Gogoeta bultzatzeko, baina baita jendea laguntzeko ere. «Jende onbera asko dago. Badira batzuk nire koadroetan zerbait ikusten dutenean eskertu egiten didatenak. Horrekin konformatzen naiz, inor lagundu badezaket, zertarako sorkuntza lanak niretzat bakarrik gorde?».
Behin estudioan lana bukatu eta erakustokian obrak jartzen dituenean, bere egitekoa hor amaitzen dela dio Balerdik; handik aurrerakoa publikoaren egitekoa da. Dena den, aitortzen du asko kostatzen zaiola bere artelanengandik urruntzea. «Horrelako harreman bat sortzen dut nire obrarekin, gero haietatik apartatzeak pena ematen didala».Hala ere, egunotan Villabonako aretoan ikusgai dauden obretako asko salgai ditu. Inork erosi nahi balitu, artistarekin berarekin jarri beharko du harremanetan; Ramonbalerdi.com helbidean dute artezaleek informazio gehiago.
Azken batean, Balerdik bere artelanetan utzi nahi duena ez da mezu itxi bat, galdera bat baizik. Ikusleak begiratu, pentsatu eta bere interpretazioa egiteko aukera.