Emakumeak ez gara isilik jaiotzen; isiltzen ikasten dugu

Iraia Cambra

Txikitatik irakasten digute gehiegi ez molestatzen, ez dramatizatzen, ez haserretzen edo ozenegi ez hitz egiten. Gero, beste esaldi batzuk etortzen dira: «Agian gaizki ulertu duzu», «ez da horrenbesterako», «buruari buelta gehiegi ematen dizkiozu». Eta, ia konturatu gabe, kanpotik datorren zalantza barrura eramaten dugu. Besteen iritzia gure gorputzak esaten digunaren gainetik jartzen ikasten dugu.

Horregatik da hain zaila zenbait indarkeria mota identifikatzea. Ez direlako beti kolpe batekin hasten. Batzuetan, tonu «sinple» batekin hasten dira, kontrolarekin, isiltasun zigortzailearekin, presioarekin edo zure mugak etengabe zalantzan jartzen dituen harreman batekin. Eta, bitartean, guk geure buruari galdetzen diogu ea gehiegizkoak ote garen.

Patriarkatuaren indar handienetako bat horretan datza: emakumeok geure pertzepzioaz mesfidatzen ikastean. Zerbait deserosoa dela sentitzen dugunean, lehenengo galdera ez da beti «zergatik ari zait hau gertatzen?», baizik eta «agian arazoa ni naiz?». Horrek isiltasuna sortzen du. Eta isiltasunak, askotan, indarkeriari espazioa uzten dio.

Gorputzak, ordea, badaki. Urdaila uzkurtzen zaigunean, mezu baten soinua entzutean arnasa aldatzen zaigunean edo norbaiten erreakzioa aurreikusten hasten garenean, gorputza zerbait esaten ari zaigu. Ez da ahultasuna. Ez da histeria. Ez da gehiegizko sentiberatasuna. Alerta modu bat da. Eta ez dugu inoren baimenik behar deseroso sentitzeko.

Feminismoak, niretzat, horretan ere badu zeregina: emakumeoi geure intuizioan eta geure irakurketan berriro sinesten erakustea; zaintza eta kontrola ez direla gauza bera esatea; gertutasuna eta presioa ere ez direla gauza bera; eta maitasunak ez duela beldurrik behar alboan.

Baina isiltzea ez da beti borondatezko erabakia; askotan, bizirauteko estrategia bat da. Hitz egiteak ondorioak izan ditzakeenean, isilik egotea babes bihurtzen da. Horregatik, emakume bati beldurrik ez izateko edo bere beldurrei eta mamuei aurre egiteko esaten diogunean, bi aldiz pentsatu beharko genuke. Agian, egin beharreko galdera beste bat da: zer baldintzek eraman dute emakume hori isilik egotera?

«Emakumeon isiltasuna ez da naturala. Ikasia da. Eta ikasitakoa desikasi daiteke»

Eta hori ez da auzi pribatu bat. Ez da bikote baten barruko arazo bat, ezta emakume jakin baten esperientzia isolatua ere. Gizarte oso batek parte hartzen du emakumeen hitza zalantzan jartzen den bakoitzean, beldurra minimizatzen den bakoitzean eta isiltasuna neutraltzat hartzen den bakoitzean.

Emakumeon isiltasuna ez da naturala. Ikasia da. Eta ikasitakoa desikasi daiteke. Baina, horretarako, lehenengo eta behin, emakumeok esateko duguna entzun behar da. Eta, are garrantzitsuagoa: guk geuk geure buruari sinesten hasi behar dugu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!