Villabonan gaur goizetik eguerdira egin dituzte 31. Azoka Berezia eta Isats Gisatu Lehiaketa. Erreboteko plazan 41 postu jarri dituzte artisauek zein ekoizleek, eta hainbat herritar bertaratu dira produktuak ezagutzera eta erostera. Merkatuaz gain, isats gisaturik onena prestatzeko txapelketa ere antolatu dute, eta Irrintzi Elkarteak irabazi du txapela.
Julen Medrano eta Xabier Aranzabe Irrintzi Elkarteko kideek adierazi dute pozez jaso dutela saria: «Oso pozik jaso dugu saria. Giro polita izan da goizean, eta horrela borobiltzea sekulakoa da». Medranok azaldu du lehen urtea duela txapelketan, eta «gustura» aritu dela. Aranzabek, aldiz, hirugarren aldia du, eta irabazi egin zuen iaz ere. Isatsik onena prestatzeko sekretua zein den galdeginda, «mimoz prestatzea» eta «denbora dedikatzea» dela kontatu dute: «Sukaldean denbora pasatzea da kontua, gauzaren bat edo beste probatzea, eta akatsetatik ikastea». Irrintzi Elkartearen ondotik, hurrenez hurren sailkatu dira Iratzar eta Zunbeltz elkarteak.
Isats gisatu onena saritzeaz aparte, azokako posturik politenak ere aukeratu ditu epaimahaiak, eta guztietan ederrena Jaioneren margolanen postua izan dela ebatzi dute [galerian 25. eta 26. argazkiak]. Bigarren saria Josebaren egurrezko artikuluen postuak lortu du [galerian 32. argazkia], eta hirugarrena, berriz, Luixiren pitxiak postuarentzat izan da [galeriako 13. 14. eta 15. argazkiak].