Zunbeltz Kale Antzerki Elkarteak antolatuta, Santa Ana eguneko konpartsa herrikoiak Villabonako kaleak girotu ditu goizean, Santiago festen hirugarren egunean. Atzoko egun handiari jarraipena eman diote, eta nola, gainera. Sekulako arrakasta izan du aurtengo deialdiak; 370 herritar inguruk parte hartu dute konpartsan. Herritarrak ere kalera atera dira, konpartsako kideek azken hilabeteetan zer prestatu duten ezagutzeko.
Santana Luxuzko Itsasaldia egin dute aurten. Villabonatik abiatu da gurutzaontzia, eta munduan barrena ibili dira bidaiariak. Galizian Tanxugueiras taldearen emanaldiaz gozatu dute, Afrikan safaria egin dute eta animaliak gertutik ikusi dituzte, Marbellan King Afrika ezagutu dute, Bartzelonan, berriz, Aitana, Marsellan moda desfileaz gozatu dute, Italian espresso macchiato bana hartu dute, eta Erroman Rosaliarekin izan dira. Horrez gain, ez diete ontzira igotzen utzi bi bidaiari palestinarri, eta hauek Global Sumud ontzidiko boluntarioen babesa jaso dute. Azkenik, Bad Bunny eta bere Herriko Taberna gerturatu dira itsas zeharkaldira, eta dantzan jarri dituzte bidaiariak nahiz ikusleak.
Herriko zenbait gunetan egin dituzte saioak eguerdian zehar, eta ondoren guztiek elkarrekin bazkaldu dute Txerminen. 18:00etan berriro aterako dira kalera, kasu honetan, Gauerdi txarangak alaituta, eta 20:00etan emanaldia egingo dute Erreboteko plazan.
Hau da arratsaldeko ekintzen egitaraua:
- 16:00. Helduen bola tiraldia Olaederrako bolatokian, Behar Zana elkarteko Bola Taldearen eskutik.
- 16:30. Xake jokoa haurrentzat. 14 urtez azpikoen txapelketa, Villabona Xake Elkartearen eskutik, Txistulari plazan.
- 18:00. Konpartsa herrikoiaren kalejira, Zunbeltz Kale Antzerki Elkartearen eskutik, Gauerdi txarangak alaituta.
- 20:00. Konpartsa herrikoiaren emanaldia, Erreboteko plazan.
- Ondoren. San Bingo Musikala.
- Ondoren. DJ emanaldia 23:30ak arte.