Amasa-Villabonako Santio jaiak 2026

Antton Pebeten Oroimenezkoa Txapelketaren 14. edizioak baditu txapeldunak

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 26a

Emakumezkoetan Goiuri Zabaletak eta Andrea Capellanek bikoteak irabazi du finala; gizonezkoetan, berriz, Iker Egigurenek eta Aingeru Bernaolak. Mikel eta Ibai Goitia aita-semeek Santioetako gizonezkoen gomazko paletako binakako txapelketa irabazi dute.

Hiru pilota partida izan dira goizean Villabonako Bearzana udal pilotalekuan. Behar Zana Kirol Elkarteak antolatuta, Santioetako gizonezkoen gomazko paletako binakako txapelketako finala eta Antton Pebeten Oroimenezkoa Txapelketaren 14. edizioko bi finalak jokatu dituzte. Giro ederra izan da harmailetan, eta ikusleek maila handiko partidez gozatu dute.

Lehenik, Santioetako gizonezkoen gomazko paletako binakako txapelketako finala jokatu dute Mikel eta Ibai Goitia aita-seme amezketarrek (gorriz) eta Behar Zana Pilota Elkarteko Xabier Aiertzak eta Aratz Luixak urdinez. Lehen zatian bikote urdina izan da nagusi. 4-8 eta 6-12 joan dira aurretik. Gorriek, ordea, ez dute amore eman eta 14na berdintzea lortu dute. Ondoren, 15na, 16na, 17na, 18na, 19na eta 20na berdinduta egon da partida. Azken zatian, gorriek hiru tanto egin dituzte jarraian, eta 23-20 jarri dira aurretik. Bazirudien aita-semeek irabaziko zutela finala, baina urdinek sakea berreskuratu eta beste hiru tanto egin dituzte segidan: 23-24. Urdinen 24. tantoa dotorea izan da, Luixak txokoan egindakoa. Azken tantoan, Mikel Goitiak sotamanoz errebotera bidali du pilota, eta Luixak ezin izan dio erantzun.

Bigarren partidan, elite mailako emakumezkoen eskuz binakakoan, Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Andrea Capellan ezkaraitarrak jokatu dute gorriz; urdinez, berriz, Ainhoa Ruiz de Infante eta Enara Gaminde bizkaitarrak aritu dira. Lehen tantoetan hobeto aritu dira urdinak, eta 5-8 aurreratu dira. Gorriek, ordea, markagailua iraultzea lortu dute, eta 13-10 aurreratu dira. Gero, 13na eta 14na berdindu dute. Bazirudien partidak amaierara arte markagailu estua izango zuela, baina azken zatian gorriak nagusi izan dira, eta zuzenean joan dira 22ra. Azkenean, 22-14 Zabaleta eta Capellan garaile.

Azkenik, elite mailako gizonezkoen eskuz binakako finala jokatu dute Josu Igoak eta Aaron Arbizuk gorriz, eta Iker Egigurenek –Julen Egiguren pilotari profesionalaren anaia– eta Aingeru Bernaolak urdinez. Lehen tantoetan gorriek agindu dute, baina urdinek hiruna berdintzea lortu duten arte. Bigarren partidan ez bezala, berehala hautsi da berdintasuna, eta 4-12 aurreratu dira urdinak. Gorriek bost tantora hurbiltzea lortu dute (8-13), baina hor amaitu da haien erreakzioa. 9-15 joan dira, baina azken zazpi tantoak jarraian egin dituzte urdinek, eta azkenean 15-22 irabazi dute. Gorriak oso ondo aritu dira defentsan, baina Bernaola seguru aritu da eta Egigurenek partida handia egin du.

Azken finala amaitutakoan, sari banaketa ekitaldia egin dute. Beatriz Unzue Villabonako alkateak, Behar Zana Pilota Elkarteko presidenteak eta Antton Pebeten gurasoek banatu dituzte sariak. Final bakoitzeko jokalari onenari ere eman diote sari bana: Mikel Goitia, Goiuri Zabaleta eta Aingeru Bernaola izendatu dituzte jokalari onenak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!