Villabonako Santio festak hasi dira gaur, eta biharko egun handiaren bezperan, kuadrillen arteko futbito txapelketako finala jokatu dute gaur Erreboteko plazan Weshos eta Etzekiu taldeek. 3-1 irabazi du finala Weshos taldeak, eta ondorioz, txapeldun bilakatu dira. Etzekiu taldea txapeldunordea izan da, bigarren aldiz.
Txapeldunei garaikurra emateaz gain, txapelketako zenbait sari ere banatu dituzte finalak amaitu ondoren. Finaleko jokalari onenaren saria Jeremyri eman diote, txapelketako golegile onenaren saria Oinatz Otaegik jaso du, txapelketako jokalari onenarena Lander Castillori eman diote eta atezain onenarena Aitor Narvarteri.