Amasa-Villabonako Santio jaiak 2026

Hasi da Villabonako aste nagusia

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 24a

Suziria lehertu eta erroskila igo eta gero hasi dira aurtengo Santio festak, Seaska Haur Eskolaren eta Besamotza Konpartsaren eskutik; ondoren, kalejira egin dute herriko Besamotza eta Kataluniako Colla Gegantera de PalafrugellI konpartsek, Iraunkorrak txarangak lagunduta.

Dena prest zuten Villabonako Erreboteko plazan, Santio festei hasiera emateko. Aurten, Besamotza konpartsari eta Seaska Haur Eskolari aitortza egin die jai batzordeak, eta haiek izan dute jaiei hasiera emateko ardura. Hurrenez hurren, herriko haur txikienen zaintza eta heziketan 50 urtetan egindako lanagatik eta azken hamarkadan Villabonako kaleak erraldoi, ipotx eta buruhandiekin alaitzeagatik aitortu ditu batzordeak.

18:00etan Besamotza elkarteko kide batek suziriari su eman ondoren hasi dira jaiak. Eta orduan abiatu dute zortzi eguneko festa maratoia. Herritar askorentzako urteko asterik garrantzitsuena izango da, eta hori nabari zen festak hasi aurretik Erreboteko plazako eta inguruko kaleetako giroan. Iraunkorrak txarangak musikarekin girotu du festen hasiera. 

Truke «sinbolikoa»

Lehenago, Seaska Haur Eskolako ordezkariek hartu dute hitza. «Duela 50 urte, herritar talde batek amets eder bat izan zuen. Herriko haurrak hazi, hezi eta maitasunez zainduak izateko leku bat sortu zuten. Gaur, harrotasunez esan dezakegu amets hura bizirik dagoela, eta belaunaldiz belaunaldi, ehunka haurrek handiago egin dutela», adierazi dute.

Gaurko egun «berezian», hizpide izan dute txupinazoko beste protagonista: Besamotza konpartsa. Eta erraldoien garrantzia azpimarratu dute: «Gure historiaren eta tradizioaren ikur dira. Haurrak eta erraldoiak beti joan dira eskutik helduta». Hori dela eta, gaur truke «sinbolikoa» egin dute. Haurrek pusika bana eman diete erraldoiei, ametsak eta ilusioak zeruraino igotzeko; erraldoiek, berriz, maskuri bana eman diete haurrei, ohiturak, jolasak eta herriaren bihotza belaunaldi berrien esku geratzeko.

Argazkia eta kalejira

Txupinazoaren ondoren, kalejira hasi aurretik, euskal presoen aldeko argazkia atera dute; bertan izan dira festetako hainbat eragile, bi konpartsak, Iraunkorrak txaranga eta zenbait herritar.

Gero, Erreboteko plazatik herriko beste gune batzuetara eraman dute festa giroa. Buruhandi, ipotx eta erraldoien kalejira egin dute, herriko Besamotza eta Kataluniako Colla Gegantera de Palafrugell konpartsek, Iraunkorrakek alaituta. Familia giroan joan dira herriko kaleetan zehar: haurrak ipotxekin eta erraldoiekin txoratuta, gaztetxoak buruhandiengandik ihesi eta gurasoak haurrei begira irribarrea ahoan.

Festaren segida

Une honetan, Eresargi Gazte eta Eresargi abesbatzak kontzertua egiten ari dira Gurea antzokian. Bestetik, kuadrillen arteko futbito txapelketako finala jokatzen ari dira Erreboteko plazan. Gauean jarraituko du festa giroak, ondorengo ekitaldi zerrendarekin:

  • 21:30. Herri afaria, Txerminen.
  • 23:00. Gazteen danborrada, Onddo gazte asanbladaren eskutik, Iraunkorrak txarangak alaituta. Zatorratik abiatuko da.
  • 00:30. Dantzaldia Gabezin taldearen eskutik, Erreboteko plazan.
  • 01:00. Gazte garaiak oroitu, 40 urtetik gorakoentzako DJ emanaldia Txistulari plazan, DJ Jotasen eskutik.

San Inazio egunera bitarte luzatuko dira santioak; datozen egunetan, hamaika ekitaldi izango dira Villabonan. Hemen ikusi daiteke egitaraua.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!