Amasa-Villabonako Udalak 119 eguzki-plaka jarri ditu iaz eraberritutako Olaederra kiroldegiko teilatuan. Instalazio fotovoltaiko honen helburu nagusia energia kontsumo handia duen kiroldegiaren autokontsumo energetikoa sustatzea da.
Guztira, 50 kW-ko potentzia izendatua eta 61,88 kWp-ko potentzia instalatua ditu sistemak, eta sortutako energia berriztagarriak kiroldegiaren energia-beharren zati garrantzitsu bat estaliko du.
Kiroldegiak kontsumitzen ez duen argindar soberakina udalak dagoeneko martxan duen udal eraikinen autokontsumorako sare elektrikora bideratuko da. Sare horren kontsumo-beharrak asetzen badira, berriz, soberakina sare elektriko orokorrera bideratuko da. Horrela, udalak nabarmen murriztuko du energia kostua, eta kontsumo eredu eraginkorrago eta iraunkorrago baterantz beste urrats garrantzitsu bat emango du.
Eguzki-plakak eraikinaren estalkian aurrez instalatutako aluminiozko egituraren gainean jarri dira. Oinarri horrek plaken egonkortasuna bermatzen du, eta eguzki erradiazioa ahalik eta gehien aprobetxatzeko orientazio egokia ahalbidetzen du.
Jarduera horretarako, udalak 77.072 euroko inbertsioa egin du. Eguzki-plaken hornidura, instalazioa eta abiaraztea Ekilor Energías Renovables S.L. enpresak egin ditu.