Omenaldia egin diote Juan Mari Iparragirre Irazustari

Villabonako Txermin plazan egindako ibilbideagatik omendu dute Juan Mari Iparragirre Irazusta militantea. Ekitaldian, besteak beste, agurra dantzatu eta oroigarri bat oparitu diote, eta hitza hartu dute omenduak berak eta EAJko hainbat ordezkarik.

Juan Mari Iparragire Irazustari omenaldia egin dio Amasa-Villabonako Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) herriko Txermin plazan. Ekitaldian, lehenik, Eneko Urdangarin Eizagirre herriko zinegotziak hitz egin du, eta ondoren agurra dantzatu eta oroigarri bat oparitu diote Iparragirreri. Omenduak berak hartu du hitza segidan, eta aitortu du, besteak beste, ez zuela «batere espero» omenaldia. Azkenik, Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak ere zuzendu dizkio hitz batzuk Iparragirreri.

Urdangarinek kontatu du Iparragirrek Amasa-Villabonako herriari egindako ekarpena omendu dutela: «Ordu eta maitasun asko eman dizkio herriari. Gutxienez lau legealditan izan da zinegotzi, hamasei urtez, eta guretzat ere beti egon da hor laguntzeko prest». Horrez gain, EAJko zinegotziak nabarmendu du alderdiaren izenean hamabi legealditan aurkeztu dela Iparragirre udal hauteskundeetako zerrendetan.

Agurra eta oroigarria jaso ondotik, omenaldia ez zuela «batere espero» esanez hasi du hitz hartzea Iparragirrek: «Lotsatu ere egin naiz omenaldiaren kontua esan didatenean. Lan xumea egin dut nik. Lehen legealdiak gogorrak izan ziren, eta tentsio handiko uneak bizi izan genituen». Ibilbidean zehar autobidearen inguruan egindako lana eta kulturaren arloan egindako ekarpena aipatu ditu, besteak beste.

Azkenik, Arrizabalagak Iparragirreren ibilbidea goratu eta lanerako izandako borondatea ere txalotu ditu: «Badira bizitza osoan aritzen direnak, eta horiek dira baliotsuenak. Horietakoa da Juan Mari, eta eskerrak besterik ezin dizkiogu eman».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!