Azken txanpan sartu dira Santio Txapelketa 2026 XIV. Antton Pebet Oroimenezkoaren bi modalitateak. Emakumezkoen zein gizonezkoen finalerdiak jokatuko dira aste honetan.
Emakumezkoetan gaur asteazkena jokatuko dira bi finalerdiak 18:30etik aurrera Villabonako Bearzana frontoian. Lehenengo partidan Zabaleta (Leitza) eta Salsamendi (Huarte) bikoak Sagardui (Umore Ona) eta Erasun (Behar Zana) bikoaren aurka jokatuko du. Bigarren partidan Aldai (Lea Ibarra) eta Etxegarai (Aloña Mendi) bikoak aurrean izango du Ruiz de Infantek (Txumuluxueta) eta Gamindek (Lea Ibarra) osatutako bikotea. Sarrera doan izango da.
Bihar gizonezkoen txanda izango da. 18:30ean hasita eta pilotaleku berean, bi finalerdiak jokatuko dira. Lehenengoa Igoa-Arbizu (Irurtzun) bikoa eta Fernandez (San Cosme) eta Apeztegia (Oberena) bikoaren artekoa. Bigarrena Egiguren (Ilunpe) eta Bernaola (Lea Ibarra) bikoa eta Zestau (Behar Zana) eta Santesteban (Irurtzun) bikoaren artekoa. Sarrera doan izango da.
Bi txapelketetako finalak Villabonako Santio festen barruan jokatuko dira, uztailaren 26an, 11:00etatik aurrera.
Irrintzi Pasaka Txapelketa
Behar Zana elkarteak Irrintzi elkartearekin batera Irrintzi Pasaka Txapelketa antolatu du larunbaterako. Olaederrako pilotalekuan jokatuko da, eta lau bikote ariko dira lehia berezi horretan.
Zuzenean finalerdiak jokatuko dira, beraz. Lehenengo finalerdia 17:15ean hasiko da, eta bertan Oñate eta Urbieta I.a bikoa Iparragirre-Karrera bikoaren aurka lehiatuko da. Bigarren finalerdian, 18:00etatik aurrera, Urbieta II.a eta Zufiria bikoak Aburuza eta Zestau III.a bikoaren aurka jokatuko du. Bi partidetako galtzaileek 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida 18:45ean jokatuko dute, eta bi irabazleek finala 19:30ean jokatuko dute. Aukera ederra izango da hain ezaguna ez den pilota modalitate honen ezaugarriak ezagutzeko.
Beste ekitaldi berezi bat ere prestatu du Behar Zana elkarteak aste honetarako. Etzi, hilaren 17an, errebote partida jokatuko da 18:00etatik aurrera elkarteko pilotarien artean Villabonako Errebote plazan. Behar Zana A taldean Adur Otaegi, Aratz Luisa, Pello Aranburu, Unai Zufiria eta Xabier Aierza ariko dira, eta Behar Zana B taldean Beñat Iraola, Axier Aranburu, Jonan Artola, Eñaut Oñate eta Beñat Karrera.
Argazkiak: KARLIS